Arriskuetatik datoz aukerak

  • Pasa den urteak prozesu politiko berri baten abiapuntua izan zitekeena ezagutu zuen. Baina gerokoak ikusita argi dago trabaz beteriko bidea ezin zela egokia izan aurrera begirako bideak zabalduta utzi behar zituen prozesu batentzat. Eta orduantxe gertatu zen, aireportu hartan, ezusteko latza.

    Bidea oztopoz betea denean astinduren bat ematea ona ez ezik beharrezkoa ere izaten da, prozesua bere horretan usteldu ez dadin; kontua baina, zera da, zeinek astindu behar du? Aspaldian da politikarako garaia, gero eta gehiago gainera, politika astintzailea eta gizartearekin bete-betean uztartua. Ez zen lehergaien erantzunerako unea, gizartearen sektore konprometituen erantzunerakoa baizik. Balizko abangoardiek bazter geratu behar dute, bidearen zabala gizarteak hartu behar duenean.
Beste kontu bat da, sektoreok konpromiso komunak hartu eta gauzatzeko agertu ohi duten jarrera epela. Baina euren esku zegokeen, eta legoke, oztopoak gainditzea. Benetan sinesten bada ahotik ahora darabiltzagun hori, hau da, euskal gizarte gehiena dagoela prozesuaren alde, eman bekio horri astintzeko aukera. Anoetatik abiatu ziren errail biren osagarri derrigorrezkoa den hirugarrenaz ari naiz, Milakabilaka ekimena aurpegia jarri nahian dabilen errail funtsezko hori.
 
Baina urte berrian gara, gertatua gertatu ondorengo urtean. Han-hemenka badira esanak, erabakiak, ustezko mugimenduak, pasa den urteak hasieran ezagutu zituen haien modukoak. Jakiterik ez da, ordea, balizko sukaldeetatik kanpo, ia oraingoak inflexiorako gutxienezko zantzu legez hartu behar diren ala hartu-emanik gabeko elementuak diren. Berdin gertatzen zait klima aldaketarekin euri-jasa gogorrak direnetan. Kasuala ala kausala? Edozein kasutan, argi dago aurrerakoa ezin dela atzerakoa bezala izan, hark utzitako lohietatik atera gura badugu. Oraingo konpromisoek konprometituagoak izan behar dute, alde guztientzat, bidea zabalduko bada behingoz. Esan eta egin, hitza bete.
 
Hortaz, zenbat eta konprometituago hainbat eta aukera gehiago zabaldu behar dira, helburuak baztertu gabe helbideak zehaztuz. Independentzia eta Sozialismoa dira ezker abertzalearen betidaniko helburu estrategikoak. Bigarrenari ez bezala lehenengoari ez zaio edukietan gizentzeko aukera handirik eman, Lurraldetasuna eta puntu. Horrexegatik ditut gogoko ezker abertzaleak berrikitan aurkeztutako autonomia proposamenak, iparrerako eta hegorako. Anoetan esana zen, gaurko errealitatetik abiatu behar dugula, jakina!, biharko errealitatea bestelakoa egin dezagun. Autonomia proposamenok gaurkoa dute abiapuntua, eta biharko eszenatoki diferente baterako aukera zabaltzen dute, proiektu guztiontzako aukera bera, gaurko komunitate desberdinen erabakitzeko ahalmena onartuz. Demokrazia hutsa.
 
Trantsizioaren beharra aipatu da asteotan, inoiz baino gehiago, seguruenik, eta bai, bada politikarako garaia, baina trantsizio-bideak zabaldu eta ibiltzeko garaia ere bada oraingoa. Akabo zuri-beltzeko politika zaharra, horrenak egin du. Proposamenetan arriskatzeko garaia ere bada, Irlandan legez, arriskatzeak astindua dakar eta astinduak aukerak. Sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea. Bakoitzaren eltzea, guztion sutan. Hemengo eragile guztiek ez dute arriskatzeko gogoa agertu, baina agertu beharko dute, arriskatzen dutenek behartuta.

ASTEKARIA
2007ko martxoaren 25a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


Eguneraketa berriak daude