2007-03-18 -- 2080.zenb
Egunero, astelehenetik ostiralera Euskal Kulturaren Hari@k hainbat euskaldunen postontzi elektronikoak bisitatzen ditu, euskal kulturaren inguruko albiste, iritzi eta adierazpenak eskainiz. Kulturarentzat egun guztiak berdinak ez diren arren, Hari@ buletina zortzi urtetan etengabeko jardunean aritu da. Datorren martxoaren 16an jardun horretan beste aurrerapauso bat emango du, euskal kulturaren esparrua gaindituz eta itxura guztiz berriturik.
Goizeko 8:00ak dira. Argiako erredakzioko mahaian eguneko prentsa zabalik dago eta kazetariak berau irakurtzen ari dira. Ez dute denborarik kafea hartzeko, ondo gosalduta etortzen dira lanera, egiten duten lanak urgentzia dauka-eta. Prentsa irakurri ondoren, Interneteko komunikabideak gainbegiratuko dituzte, eta euskal kulturarekin zerikusia duten albiste, iritzi, adierazpen eta aldizkari ofizialetako informazioa aukeratu, erredaktatu eta loturez hornitu behar dute. Pixkanaka-pixkanaka Euskal Kulturaren Hari@ buletina osatzen joango dira. Albisteak idatzi ahala Sareko Argian (www.argia.com) argitaratuko dira lehendabizi eta 11:00ak aldera buletina 2.300 harpidedun baino gehiagori banatuko zaie. Orduan bai, kazetariak kafe-makinara gerturatuko dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1