2007-03-18 -- 2080.zenb
Iñaki De Juanaren gaineko aferaren ondotik, bertze auzi bati erreparatuko diote Espainiako Estatuko eskuindarrek; Nafarroari, alegia. Hil ala biziko kontua izanen da haientzat Espainiako sorburu eta jatorria, espainiartasunaren ikurra –Nafarroako Foru Komunitatea– euskaldunen hatzaparretatik askatzea. Madril eta Iruñea aldeko komunikabide, kazetari, iritzi-emaile eta iritzi-sortzaile gehienek gurutzadarako aldarria egin dute: “Salba dezagun Nafarroa. Zapaterok Nafarroa abertzaleen zangopean utzi du, eta hauteskundeen ondotik, PSNk Nafarroa Bai-rekin eginen du tratua, UPNkoak Gobernutik egozteko”.
Ez da erraza izanen, ez horixe, eskuindarrak Diputaziotik kanporatzea, baina aukera egon badago, eta aukera egote hutsak nerbiostu ditu, arras nerbiostu ere. Dena den, UPNk eta bere inguruko taldeek erakutsi dute ez daudela nolanahi amore emateko prest. Joan den egunean, konparazio batera, Rubalcaba ministroak De Juana Euskal Herrira ekartzeko agindua eman ondoren, sumindurik eta kolera gorrian agertu zen jendetza handi xamarra Iruñean; Udaletxeko plazan, zehazki. Jendea harroputz zetorren Txapitela karrikan beheiti, begirada mehatxagarria zeriola, oihal hori-gorriak airean, bandera-kirtenak edonoren bizkarrean puskatzeko prest. Udaletxe ondo-ondoan bildutako batzuk Cara al sol abesten hasi ziren, eta Iruñeko alkate Yolanda Barcinak ez zuen zirkinik ere egin.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1