2007-03-18 -- 2080.zenb
Iruñea, 1979. 15 urterekin hasi zen Elkarrin. Zizur Nagusiko zinegotzia eta Batzarreko kidea da. Nafarroako 36ko Gerrako fusilatuen eta desagertuen elkarteko bozeramailea, bestalde. Gai hau hizpide Andaluzian (Malaga) hitzaldia eman ondoren solastu gara Ezeolazarekin. Egun horietan ere Nafarroako presidente Miguel Sanzek andaluziarrek langabeziako fabrika bat osatzen dutela esan zuen: “Pertsonekiko eta andaluziarrekiko errespetu falta erakutsi du Sanzek. UPNren sosegu eskasa ageri da, Nafarroan aldaketa gauzatu daitekeen urduritasun seinale”.
Ioseba Ezeolazaren ustez, UPN-CDN oposiziora pasa liteke Zizur Nagusiko udalean: “Oposizioa elkarrekin aritu gara lau urtez. Transbertsalitatea landu dugu, tentsio eta barne kritikak izan dira, baina ondo moldatu gara. Bakoitzak bere alorra ezagutzen du eta zer landu behar duen ere bai”. Nafarroako Parlamentuan ere, oposizioko alderdien lanaren poderioz, aldaketa eman litekeela interpretatu dugu geuk.
Karrantza nekez da albiste hedabideetan eta haraneko biztanleek erresumin horixe dute. Baztertuak, zokoratuak ei dira autobide tzarrik igaro ez delako bertatik. Bizkaitar dira eta, tartean, badira euskaldun eta euskaltzaleak. Herri ahantzia ezagutzen lagundu digute hiru herritarrek.
Karrantza Harana, Euskal Herriko azken bazterretakoa, Zuberoan Eskiula iduri. Kasu honetan, Karrantza Harana bera baino urrutiago bada beste euskal herri bat ere, ordea, Lanestosa. Harexek behar du azken, edo, Joxe Mari Alixek dioenez, lehena: “Nondik begiratzen den! Hemendik begiratuz gero, geu gara lehen. Erdialdetik abiatzen bazara, orduan bai, azkenak ginateke, periferia. Baina oso pozik gaude gure herrian, gauden lekuan”.
Aste honetan, Bilbon, BBVAko Batzar Nagusia bilduko da. Bertan, Ipar Amerikan zabaltzeko prozesua onartuko dute. Prozesua banku erakundeko lehendakaritzak antolatu du, eta helburua Compass Bancshare erakundea erostea da. Horretarako, 7.410 milioi euro ordaindu beharko ditu. Erosketa urte bukaeran amaituko da.
Ez da inolako ustekaberik izango. Banku erakundeetako Batzar Nagusietan erabakiak hartzen dituztenak, oro har, inbertitzaile handienak eta akziodun handienak dira. Akziodun gehienak aurreztaile txikiak dira eta ez dira garrantzitsuak. Edo, behintzat, ez dira nabarmenak. Oro har garrantzia dutenak zuzendaritzetako proposamenetarako dirua ematen dutenak dira; zuzendaritzek, trukean, opariak ere ematen dizkiete. Zuzendaritzak Batzar Nagusietan aurkezten dituen proposamenak akziodun handienek aldez aurretik adostutakoak dira. Horregatik, martxoaren 17an, Bilbon egingo den BBVAko Akziodunen Batzar Nagusiak finantza erakundeko zuzendaritzak prestatu duen Ipar Amerikako finantza prozesua onartuko du.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa