Injustiziara bidaia

  • 15 hilabete daramatzate 18/98 sumarioko auzipetuek denbora eta dirua erruz galtzen. Eta fiskalaren nahia betez gero, askatasuna ere galduko dute. Gezurra dirudi pazientzia aspaldi galdu ez izana. Aldiz, Espainiako justizia administrazioak galdu duena lotsa da. Hasieratik garbi zegoen epaiketaren izaera politikoa, baina ez dute erreparorik izan inputatuen eskubideak inpunitate osoz behin eta berriro bortxatzeko. Epaiketa amaierara iritsi da eta epaia jakiteko hilabete batzuk itxaron beharko dituzte. Baina zigor ofizialaren zain, dagoeneko ederki zigortu dituzte 52 auzipetuak. Haiekin egin dugu Madrilerako txangoa. Euren 50. bidaia da.
     
    Goizaldeko 04:00etan iritsi da furgoneta Hernanira. Bertan bi lagun jaso eta Urnietara doa, eta handik Villabonara. Gero, Madrilera zuzen. Astelehenero dozena erdi furgoneta abiatzen dira Euskal Herriko hainbat puntutatik Madrilera. Eta asteazken iluntzean egiten dute buelta. Auzipetuek eurek gidatzen dute txandaka. Hasieran autobusa antolatzen zuten, baina konplikatua zen inputatu guztiak jasotzea. Horregatik hobetsi zuten furgonetan joatea.
Bi lagun Espainiako Auzitegi Nazionalera sartzen
Bidearen monotonia Madrila iristean hausten da. “Duela bi aste hau ez zegoen horrela”. M-30eko obra amaigabeak dira. 08:00ak aldera iritsi gara Casa de Campora; furgonetek bat egin dute berriro. Orain arte bertan izan da epaiketa, Auzitegi Nazionalak epaiketa handietarako propio prestatutako areto berezian. Baina M-11ren epaiketa hasi denetik, 18/98koek Genova kaleko ohiko egoitzara joan behar dute.

"Gure" Auzitegi Nazionala

Ordu batzuk lehenago, bidaia hasi baino lehen “ikusi al duzue ‘gure’ auzitegia telebistan?” bota du auzipetuetako batek. Casa de Campoko aretoa ez dute faltan botako, noski. Baina toki horretara ohituta zeuden. Orain ingurua poliziaz josita dago, tanke eta guzti. “Gu geundenean, ez zen horrelakorik”. Genova kaleko auzitegira joateak buruhausteak dakartza eurentzat eta horregatik epaiketa toki berean, ostegun eta ostiraletan egiteko prest zeudela adierazi zioten epaimahaiari. Baina eskaera ez zuten kontuan hartu. Epaiketa hasi zenetik horrela izan da beti, hots, auzipetuen eskaerak ez dituzte behin ere gogoan izan. Esaterako, sumarioak bost pieza bereizi izanda, ez da logikoa auzipetu guztiak epaiketa osoan bertan egotera behartzea eta bakoitzari dagokion pieza lantzean baino ez joatea eskatu zuten. Alferrik.
 
Casa de Campon metroa hartu eta 09:30ak baino lehen inputatu guztiak Auzitegi Nazionalaren parean daude. Aurreko astetik dakite goizeko sesioa zalantzan dagoela, defentsako abokatuetako batek beste epaiketa bat duelako eta hura atzeratzea eskatu badu ere, erantzunik ez du oraindik jaso.
 
Kanpoan ia ordubete zain egon ondoren, abokatuak jakinarazi die oraingoz bertan behera geratzen dela saioa eta 11:45ean itzuli behar dutela. Handik gutxira sms bitartez esan diete epaiketari berriro arratsaldeko 16:00etan ekingo diotela. Alferrik esnatu dira goizeko 03:00etan.
 
Batzuek furgonetan dauden trasteak hotelera eramateko aprobetxatu dute tartea; beste batzuek lo kuluxka egiteko; Arco bisitatzera joan denik ere bada. Baina 14:00etan denak bazkaltzeko elkartu dira.

Zein kartzela nahiago duzu?

Marta Perez eta Oiakue Aizpirik esan digute fiskalak biak nahastu zituela, epaimahaiko kideetako bat orain dela gutxi konturatu dela bi Elkoro daudela auzipetuen artean, AVTko (Asociación de Victimas del Terrorismo) abokatuetako batek siesta ederrak botatzen dituela auzitegian eta mozkorra ere azaldu izan dela saioren batera. Gero, emakumezkoen espetxeez hitz egiten hasi dira, Euskal Herrikoak kaxkarrak direla eta aukeratzekotan, Palentzia edo Salamancakoen inguruan iritzi onak jaso dituztela, Burgosekoa zaharkitua dagoela... Umorea behar da gero! “Zer nahi duzu? Ezin dituzu 15 hilabete haserre pasa. Amorrua kanalizatzen jakin behar da”. Egun hauetan esaldi berbera behin eta berriro entzungo dugu.
 
Bazkalostean, berriro metroan joan dira denak Auzitegi Nazionalera. Oraingoan bai, etxetik irten direnetik 12 ordu pasa direnean, epaiketa abiatu da berriro. “Orain arte ikusi duzuna urte eta erdian bizi izan dugunaren laburpena da: denbora galtze hutsa”, dio Teresa Todak. 400 ordutik gora daramatzate epaiketan eta ia ezinezkoa da arreta uneoro mantentzea. Todak, hala ere, gorabehera guztiak koaderno batean jasotzen ditu. Betetzen duen laugarren koadernoa dela esan digu. Besteek ahal den moduan pasatzen dute denbora, prentsa edo liburuak irakurtzen, sudokuak egiten... Euren artean berriketan ezin dute aritu berehala Angela Murillo epaimahaiko presidenteak fiskalaren jarduna eten eta errieta egiten dielako. Une horietan, auzitegia baino, eskola dirudi.
 
Eta bazkaltzen ari ginela esandakoa baieztatu da: Juan Carlos Rodriguez Segura AVTko abokatuak berehala lo hartu du. Astebete beranduago orain siestan dagoen abokatuak horrelako “perlak” botako ditu akusazio partikularraren txanda iristen denean: “Inork ez du azaldu nola den posible norbaitek aitarengandik jasotako 170 milioi fundazio bati ematea, fundazioak bere izena ere ez duenean”.

Elkartasuna delitu

Fiskalak bere ondorioak azaltzeko txanda da eta berriro arrazoiketa juridikoen falta agerian geratu da. Auzipetuen arteko elkartasuna ETArekin zuten harremanaren seinale dela dio Enrique Molinak. Auzipetu gehienek ez zuten elkar ezagutzen 18/98 amesgaiztoa hasi zenean eta egoerak elkartzera behartu zituen. Orain fiskaltzak elkartasun hori euren kontra erabili du bere argudioan (edo, hobe esanda, argudio gabezian).
 
20:30ean irten dira aretotik. Nekeak jota joan dira hotelera. Gaurko gaua salbuespena izango da. Aterpetxe batean pasa ohi dute gaua, baina gaur ez dute tokirik bertan. Otorduak ere aterpetxean egin ohi dituzte, esan digutenez, euren osasunaren kalterako. Horregatik janaria etxetik prestatuta ekartzen dute sarritan. Egunero goizeko 07:00etan kirola egitera irteten denik ere bada.

Ongi etorri 18/98 zirkora

Hurrengo goizean, beti bezala, auzipetuak 09:30erako iritsi dira auzitegira. Segurtasun kontrola pasa eta saioa noiz hasiko zain daude. Baina Iker Beristain presoa espetxetik ekarri behar dute eta 11:00ak aldera arte ez da iritsiko. Bitartean liskarren bat ere izan da polizia batek auzipetuetako bati identifikazio txartela agerian eraman behar duela modu txarrean esan dionean.
 
Iritsi da Beristain, auzipetu guztiak aretoan dira eta saioa hastera doala dirudi. Baina minutu gutxira denak kanpoan dira berriro: “Angela Murillok bota egin gaitu, barretxoak ezin zituela jasan esanez”. Eskolako umeak bailiran sentitzen dira, baina gehienek umorez hartu dute eta denek pazientziaz. “Barretxoena aitzakia hutsa da, Nicolas Póveda epaimahaikidea berandu iritsi delako urduri jarri da presidentea”.
 
Berriro barrura, soinu arazo txiki batzuk konpondu eta aurreikusitakoa baino ia bi ordu beranduago, azkenean, saioak aurrera egin du. Molina fiskalak bere txostenarekin jarraitu du. Gaurkoan ere argudio juridikoak ez dira inondik ageri eta horien ordez, besteak beste, honakoak bota ditu ustezko froga moduan: hauteskundeetan EHko kontu-hartzaile izatea, presoen aldeko martxan Bruselara joan izana, 1990ean Jarraiko asanbladan parte hartzea...
 
Surrealismoaren gailurra Mario Zubiagari buruz hitz egitean iritsi da: “Kultura maila altua du eta horrek frogatzen du oso ondo zekiela zer egiten zuen” bota du lasai asko Molinak. Atzo elkartasuna delitu zen; gaur kultura maila.
 
Quebec-etik abokatu bat etorri da behatzaile moduan eta bete-betean asmatu du epaiketa hau zirkoa dela esan duenean.
13:15ak aldera Murillo presidenteak saioa eten du arratsaldeko 16:30ak arte. Bazkaltzeko metroan joan-etorria beste behin egin eta han dira berriro inputatuak. Oraingoan minutu gutxi egin dituzte aretoan: eseri eta berehala arratsaldeko saioa eta asteazkenekoa bertan behera geratu dira, Nicolas Póveda epaimahaikidea gaixo dagoela eta.
 
Berehala hutsik geratu da Auzitegi Nazionalaren ataria. Ez dute denbora (gehiago) galdu nahi. Lauzpabost ordu barru etxean izango dira; seguruenik, epaiketa inoiz amaituko ez denaren sentsazioarekin. Aste honetan ia denbora gehiago pasa dute errepidean auzitegian baino. “Epaiketa behingoz amaitzea nahi dugu. Gero gerokoak”, esan digu auzipetu batek. Hala ere, gerokoak kezkatzen duela ezin du ezkutatu.
 
Larunbatean Bilbon burutuko den manifestaziora joateko deia egiten diote euskal gizarteari. Defentsa juridikoan ahalegin guztiak ipinita ere, ezertarako balio izan ez duela pentsarazten diete fiskaltzaren eta akusazio partikularraren ondorioek. Epaiketa politikoa da eta ahal den presiorik handiena egitea ezinbestekotzat jotzen dute. Zigor eredugarria ezarri nahi diete (ezarri diete dagoeneko); euskal gizartearen erantzun eredugarria eskatzen du horrek. 18/98 epaiketako inputatuek behintzat pazientzia, indar eta elkartasun eredugarria erakutsi dute hamabost hilabeteko amesgaiztoan.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude