Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-03-11 -- 2079.zenb

Landareak

Ezkizko erkia

Jakoba Errekondo

Viktor Schaubergerren aitzur girteneko ezkia –Tilia generoa– erki bihurtzea errotazismoak argitzen omen die hizkuntzalariei. Errotatik ez, rho hizki grekotik baizik omen dator hiztunok erre hori hobesteko dugun joera. Ezkitik erkirako gure mingainaren bidea bai luzea! Lasaitzeko ezki beraren lore-ura bezalakorik ez; gorputza lasaituko digu, eta bihotzerrea piztu bazaigu baita baretu eta amatatu ere. Hauez gain konta ahala ondoez, gaitz eta trenpu txar sendatzeko gaitasuna du ezkiak.

Ezkilore onenaren emailea ezki hostotxikia da –Tilia cordata edo bere sinonimo T. microphylla, T europaea, T. parvifolia eta T. Ulmifolia–. Geure lurralde osoan aurki daiteke beroa usu sapa izaten ez den tokietan; gustura 1.000 metrotik gora eta 2.000 artean, batik bat pagoak baina baita ere astigarrak, otsalizarrak eta haritzak lagun. Batzuen ustez loreari zor zaio izena, “eztikia”tik eratorria dela, alegia. Usain gozoa du eta erleak amorratuak; botikinerako behar izanez gero ekaina-uztailean ireki berriak soilik bildu eta leku idor eta eguzkitsu batean jarrita ahal bezain azkar lehortu. Jasotzerakoan, etxerako bada lorearen zorten itxurako braktea edo hosto luzexka laru-berdexka gupidarik gabe kendu, alfer eta alferrikako baita osagintzan; saltzeko jasotzen baduzu ez kendu inola ere, prezio berean alde ederreko bueloa eta itxura…
 
Hostoen zukua gozoa omen da, aurtengoan probatu beharko dugu… Fruitua zakar samarra nonbait eta ez bide da jaten duen animaliarik. Zuri-zuria duen zura ez ei du pipiak jotzen eta arina eta malgua da; azkar lehortzen da eta busti-lehorrerako arras txarra bada ere beti lehorrean izango diren piezak lantzeko –jostailu, eskalapoi, eskultura…– ona da oso. Horra hor geure aitzurraren girten eskutara gozoa. Buruz egindakoa. Ezkia erki bihurtzen duen grekoko rho hizkiak ehun zenbaki ezin borobilagoa adierazten du eta aspaldiko alfabeto semitikotik dator, bertako Rês hizkitik alegia. Hizki honek 'burua' adierazten omen du…

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan