2007-03-11 -- 2079.zenb
Donostia, 1936ko uztailak 18. Antonia Mercé La Argentina flamenko dantzari handiaren omenez euskal dantza jaialdia egin zuten.
La Argentina ezizena 1890ean Buenos Airesen jaio izanari zor zion. Gurasoak espainiarrak zituen baina Argentinara dantza emanaldiak eskaintzera egindako bidaian erditu zen ama. Manuel Mercé, aita, Teatro Realeko koreografoa eta lehen dantzaria zen. Ama, Pepita Luque, ere konpainia horretan hasi zen Mercé ezagutu eta berehala. Berandu hasi zen dantzan Pepita, baina berezko grazia eta interpretazio gaitasun handia omen zituen. Senarra hotzegia zen, baina langilea, akademikoa eta teknikoki perfektua. Elkarren osagarri ziren biak eta alabak bien bertuteak jaso zituen. Aitak ez zuen alaba dantzaria izaterik nahi, operako izarra izan zedin gurago zuen. Alferrik; Antonia Mercé dantza flamenkoa gailurrera eramateko jaio zen.
Tutankhamon ez zuten hil. Horixe ondorioztatu dute faraoi gaztearen momiari eskaner berri bat egin ondoren. 1968tik aurrera Tutankhamon buruan kolpe bat emanda hil zutela pentsatzen zen. Urte hartan x izpiek erakutsi zuten faraoiaren garezurraren barruan bi hezur zati zeudela. Baina nazioarteko aditu talde batek egindako azken eskaner honek erakutsi du bi hezur horiek bizkarrezurrean, burutik gertu, falta diren zatiak direla. Zatiak solte zeuden, enbalsamatu gabe. Horregatik, gorpua ehortzi ondoren hautsi zirela pentsatzen dute adituek. Ashraf Selim radiologo egipziarraren ustez, hezurrak 1922an puskatu zituzten nahi gabe, Howard Carterren taldea momiari urrezko maskara kentzen saiatu zenean. Hilketaren hipotesia baztertuta, adituek teoria sinpleagoa hobesten dute orain: dirudienez faraoiak hanka hautsi zuen, zauria infektatu eta horregatik hil zen duela 3.300 urte baino gehiago.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa