Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-03-11 -- 2079.zenb

Merkatari elkarte berria

5.000 denda txiki elkartu dira erraldoien aurka

Urko Apaolaza

argazkia

Saltoki handien hedapenaren aurrean, komertzio txikietako dendariak elkarte berrietan batu eta antolatzen hasi dira. Bizkaiko merkatariek Bizkaidenda elkartea sortu dute orain gutxi eta EAEko merkatari elkarteak bilduko dituen Euskal Dendak izeneko konfederazioa ere sortzekotan dira laster. Bestalde, martxoaren 9an dendarien ordezkariak Eusko Legebiltzarrean izango dira, eta besteak beste, Saltoki Handien Legearekin dituzten desadostasunak azalduko dituzte.
 
Herrietako komertzio eta denda txikietako jabeak oso kezkatuta azaldu dira azken aldian. Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailak kaleratutako dekretu batek Saltoki Handien Legeari hainbat aldaketa egin dizkio eta ez daude batere ados horrekin, herrien kanpoaldean saltoki handi gehiago jartzea ahalbideratuko duela baitiote. Horren aurrean, merkatariek elkarte berrietan antolatzeari ekin diote, administrazioarekin hartueman zuzena eta librea izateko asmoz.

Euskal Dendak, konfederazio erraldoi berria

Duela aste batzuk Durangon egindako bilera batean, merkatariek Bizkaidenda izeneko elkartearen estatutuak martxan jartzea erabaki zuten. Federazio berrian hainbat herritako zazpi merkatari elkarte bildu dira oraingoz, eta guztira 1.000 denda txiki ordezkatzen ditu. Federazio berri honetaz gain, Bilbon Ezkerraldenda izenekoa dago, 14 elkarte eta 1.500 dendari daude bertan bilduta. Gipuzkoan, aldiz, aspaldi sortu zen Dendartean izeneko elkartea eta herrialde horretako 15 gremiok parte hartzen dute bertan. Araban oraindik ez da horrelako federaziorik sortu, baina bidean dira.
 
Federazio hauek sortzea ezinbesteko pausoa da Euskal Dendak izeneko konfederazioa osatzeko. Konfederazio honek EAEko 5.000 komertzio txiki inguru ordezkatuko ditu eta Jaurlaritzaren Dekretuari aurre egiteko tresna izatea nahi dute merkatariek. Horretaz gain, erakunde berriak beste zeregin batzuk izango ditu: dendariek merkataritza biziberritzeko planen inguruan izan ohi dituzten arazoak konpontzea, dirulaguntzen inguruko informazioa ematea, prentsa kabinete baten bidez merkatarien kezkak eta ekimenak ezagutaraztea...
 
Dendarien ustez, gaur egun dauden merkatarien erakundeak “instituzionalizaturik” daude –Euskomer barruan biltzen dira erakunde horiek– eta denda-kate ezagunen interesen alde egiten dute –El Corte Ingles, Zara...–. Hain zuzen, Jaurlaritzaren Dekretuari bere oniritzia eman izana horren adibide dela diote Euskal Dendak-en sortze lanean ari direnek.

Legebiltzarrean agerraldia

Hori guztia salatzeko merkatarien ordezkariek agerraldia eskainiko dute martxoaren 9an Eusko Legebiltzarrean. Komertzio txikietako merkatariak hainbat sindikatu eta talde ekologisten babesarekin joango dira Legebiltzarrera. Izan ere, beren ustez, hipermerkatu eta saltoki handiak ugaritzeak komertzio txikiaren gainetik dagoen arazo larri bat ekarriko baitu: hiriguneetako bizitzaren desagerpena eta desertizazioa. Legebiltzarreko agerraldian Kataluniako modeloa defendatuko dute merkatariek. Beren ustez katalanek askoz hobe egokitu dute legea merkataritza txikiaren mesedetan; herrialde hartako eragileek herriz herriko azterketa egin dute, saltoki handiak non jarri daitezkeen esateko.
 
Agerraldi horri begira, merkatariak Legebiltzarrean ordezkaritza duten hainbat talde politikorekin jarri dira kontaktuan eta pentsatzen dute arku parlamentarioaren gehiengoak babesa emango diela.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan