2007-03-04 -- 2078.zenb
Ez litzateke txarra ttakun hauetan, irakurketa gomendatu batzuen zerrenda aterako bagenu. Itxarok aipatzen du Viktor Klemperer-i buruzko erreportaje bat ikusi zuela ARTE katean, eta beste liburu bat aipatzen du 2006ko otsailean Frantzian argitaratu dena: Eric Hazanen La propagande du quotidien, “Bosgarren Errepublikaren mintzaira ikertuz, erkatuz, zulatuz” idatzia. Oharra hartzen dut Hazanen liburuarena, ez bainuen ezagutzen, baina Klemperer-i buruz, hori bai ongi ezagutzen baitut, esan behar dut haren LTI La lengua del Tercer Reich saioa –ez dakit frantsesera itzulia dagoenez, baina Itxarok alemanez irakurri ahal du– eta haren egunerokoa aspaldian irakurri ditudan libururik interesgarrienak direla joan den mendean Europa osoa hartu zuen erokeriarik handiena ulertzeko eta aztertzeko. Filologo baten lana da, eta hainbeste filologo daukagunez, ez legoke gaizki bi autore horien eredua aintzat hartzea, “gure astoaren latina bailitzan, ETAren garaiko euskararen analisiaren egiten hasteko”.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa