2007-03-04 -- 2078.zenb
Ibaizabalen ezker ibarraz, hau da, Ezkerraldeaz, gauza asko entzungo zenuten, onak batzuk eta txarrak asko, baina gutxitan ederra denik. Eta hala izanda, nekez sortuko zitzaizuen inoiz eskualde hori bisitatzeko gogorik. Aurreiritziek halako kalteak dakartzate. Eskuin Ibarrean denak jauregi dotoreetan bizi ez diren bezala, Ezkerraldean bada zementuz eta fabrikaz besterik. Esandakoa frogatzeko, Portugaletera egingo dugu aste honetako ihesaldia, hango aldapa gogorretan zain ditugun txoko ederren bila.
Ondoren proposatuko dizuegun ibilaldia egiteko ez dituzue hankak gehiegi nekatu behar, Portugalete ez baita oso handia. Bizkaiko herririk txikienetakoa da, izan ere: 3,2 kilometro koadro besterik ez. Baina hedaduraz murritza den neurri berean biztanleetan oparoa da Portugalete. 50.000 lagun inguru bizi dira hirian, kilometro koadroko 16.000 inguru. Ezbairik gabe, Bizkaiko udalerrietan hark du dentsitaterik handiena. Europa osoan ere ez omen du parerik Portugaleteko giza-kontzentrazio ikaragarriak, hala zioten behintzat hiriak gaur baino 10.000 biztanle gehiago zeuzkan garaietan. Dena dela, ez dugu hemen esango harro egoteko moduko markak direnik horiek.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa