2007-03-04 -- 2078.zenb
Euskara hitz egiteko aukerarik ezean, sortu zen Berbalaguna (Mintzalaguna, Mintzakide izenak ere baditu) egitasmoa. Euskara ikasten ari direnek euskaldun zaharrekin hitz egiteko aukera izan dezaten. Zenbaitzuk, Lea-Artibaiko Berbalagunak kasurako, euskaldun zaharron falta nabari dute. Dirudienez, euskaldunak onak gara garrasi egiten edozein injustiziaren aurrean, aldiz, horrelako ekintza txikietan ez dugu behar adina oihu egiten. Jakin badakigu, ordea, eguneroko ekintza txikiek hobetu dezaketela euskararen egoera.
Lea-Artibai Euskal Herriko eskualde euskaldunena dela maiz entzun behar izan dute eskualde honetako AEK-ko arduradunek. Euren erantzuna ordea, bestelakoa da: “Berbalaguna egitasmoa aurreko urteko maiatzean abian jarri genuenetik gabiltza euskaldun zaharren premian. Batzuek uste dute Lea-Artibai (Bizkaia) bailara euskalduna izanik, ezer gutxi dagoela egiteko, uste dugu euskara salbu dagoela. Oker dabil hori dioena...”.
Berbalagunan euskaldun berriak bezain beste behar dira euskaldun zaharrak, baina azken horien falta dela-eta Alarma gorrian izeneko kanpaina jarri zuten martxan eskualdean. Kanpainarekiko erantzuna ordea, ez zen izan espero bezain ona. Hutsune horren arrazoietako batzuk euskaldun zaharron denbora falta eta konpromiso eza izan ziren. Bea Anitua programa honetako arduradunetako bat da eta berak dioenez, “mezu deigarri baten bila joan ginen, eta uste dugu inpaktantea izan arren, ez zuela lortu guk nahi genuen guztia. Euskaltzaleen arreta nahi genuen lortu, eurak konturatzeko guztiok egin behar dugula lan euskaragatik, nahiz eta, kontrako iritziak ere entzun genituen, esanaz euskaltzaleok beti biktimarenak egiten gaudela”.
Egia da euskara ikasten dabilenak ez lukeela arazo handirik izango Euskal Herriko txoko batzuetan euskaraz ikasitakoa praktikan jartzeko, baina Berbalagunak bestelako zerbait eskaintzen du. Iban Rekalde ondarrutarra egitasmo honen arduradunetako bat da eta bere aburuz, “Berbalagunaren bidez bi pertsona ezezagun euskaraz hitz egiten hasten dira, baina horrez gain, euskaldun berriari bestelako mundu bat ezagutzeko aukera ematen diogu. Ziurrenik ordurarte arrotza zaion euskal kulturan barneratzen saiatzen gara”.
Bertako euskaldun berri batentzat euskara ikastea zaila bada are zailagoa da etorkinentzat. Iban Rekaldek honakoa gehitu du: “Etorkinei euskara ikasteko gogoa pizten zaie, gure gizartean gehiago barneratu ahal izateko”.
Bikoteka euskaraz hitz egiteaz gain, bestelako formatu batzuk ere lantzen dituzte. Rekalde eta Anituaren ustetan, “sarritan hobe izaten da euskara ikasi nahi duena herriko erakunderen batean sartzen bada. Elkartea konprometitzen bada askoz ere arinago ikasten da euskara. Esan liteke zeharka barneratzen direla euskal munduan”. Ondarruko Arraun Elkartean adibidez hainbat etorkin arraun egiten ibili ziren. Rekaldek irribarrez gogoratu du: “Batzuek eskuetan babak ikusita utzi egin zuten, beste batzuek, ordea, oraindik jarraitzen dute”.
Berbalagunan, beste hainbat alorretan bezalaxe, militantzia falta nabari da. Bea Anituak dioen legez: “Euskal munduarekin oso sentsibilizatua dagoen jendeak hartzen du parte horrelako programetan, baina guk edonoren beharra dugu”. Euskara ikasteko gogoa euskaldun berriek jartzen dute, euskaltegiek irakasteko baliabideak eskaintzen dituzte, eta ikasitakoa praktikan jartzeko aukera guk eman behar diegu. Euskaldun zaharrok lagundu behar diegu liburu artetik atera eta kalean euskaraz berba egiten.
etorkinak integratzeko, euskalduntzeko jarduna ez da oraindik seriotasunagaz hartu. etorkinen gaineko plan orokorrik, non euskalduntzea ardatz nagusia den ez dago. gehienbat arlo sozialera mugatzen dira indarrean dauden plan apurrak. etorkinek arazo larregirik eman ez dezaten kalean zuzendutako planak alegia. egia esan "estrangeria legeak" ez du askoz gehiagorako ematen. hala ere, garbi dago euskaldunok lo gaudela gai honen inguruan. izan ere, gure politikariak makropolitikan dabiltza murgilduta, mikroa total alde batera lagata. Batzuk "prozesuan" korapilatuta dabiltza eta gainontzekoak aldundi eta udaletan galipoteo eta porlankerietan, handikerietan galduta alegia . eta herri mugimenduak zer? ez du mailarik eman. saiatu eta saiatzen ari da, baina ez da nahikoa. gauzak ez dira orain arte ganora haundirekin egin. euskaldun zaharrei leporatzea errua larregizkoa begitantzen zait. berbalagunek eta holakoek ere badute nere ustez jardun honen gainean hausnartzeko premia.
iņaki 2007-03-05 08:56:35Iņaki eskerrik asko zure erantzunagatik. Egia da, agian titulua gogorregia dela eta geure burua horrelako gabezien errundutzat jotzea gehiegizkoa dela. Hala ere, Bea Anitua, Iban Rekalde, Alberto Castillo eta Luis Egurrolak gauza bat erakutsi baninduten horixe izan zen: euskaldun inplikatu eta langileak badaudela, baina bestelakoak askoz ere gehiago garela. Astean ordu betez hitz egiteko denborarik ez dugula, ez dut sinesten edota ez dut nahi sinetsi. Politikoen lana, administrazioaren zeresana... ez dugu ikusten, gurea ikusten ez dugun bezalaxe. Euskaldun zaharron inplikazioa da oraingo honetan behar duguna. Beraz, ez ditzagun nahastu politikako "arazoak" eta euskarak behar duena. Euskara ikasten duenak, ikasi duena praktikan jartzeko jendea behar du. Bestela, zertarako ikasi? Norekin berba egiteko ikasi? Oraingo honetan guk eman behar dugu pausua aurrera.
maider 2007-03-05 10:16:05etorkinen gaineko jardun integratzailea arazo nazionala bihurtu da honez gero, politikoa beraz. herri mugimenduak ohartarazi, bideak hausnartu, ekimen xumeak martxan jarri... baina, arazo honek hartu eta hartuko duen dimentsioa kontuan hartuta partxeotik haruntzago joan beharra dauka. une honetan partxeo fasean gaude. esatebaterako: eustaten arabera markiņa ei da udalerri euskaldunena (%85), baina orain bost bat urte %89 zen (hori ez da esan). beraz, behera egin du euskaldunen bataz bestekoak eta horrela jarraituko du herri mugimenduaren esku bakarrik geratzen bada arazoa (dotzena bat lagun). markinan senegaldarrak bakarrik 300 dira eta euskaltzaleak total gaindituta gabiltza zer egin ezin asmatu. arazo nazional moduan hartzen ez den bitartean etorkinen integrazioa hola jarraituko dugu: ezinean eta bata besteari errua botatzen. oharra: partxeoa ere garrantzitsua da. ni neu be horretan nabil.
iņaki 2007-03-05 12:03:29Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa