Astekaria

 Luparekin 

Oparotasunetik

Kontzientziak astintzeko moduko azterlana kaleratu berri du Eustatek. Oro har, Europako inguruneko herri zein eskualdeen antzekotasunetik abiatuz Euskal Herriko mendebaldeak –baita Nafarroak eta Iparraldeak ere gaineratuko nuke nik– ere gaur egun oparotasun ekonomiko nabarmena du. Laurogeiko hamarkadan nozitutako industri krisi larria gainditu ondoren euskal ekonomiak dinamikotasun berriztatua bizi du. Modernizazio produktiboak mugak dituen arren, nahikoa izan da azken hamarkadan hazkunde ekonomiko indartsua bultzatzeko. Bertako errentaren igoeraren tamainak eragin du biztanleko batez bestekoa Europako Batasunekoa aise gainditzea. Hazkundeak langabezia-tasa minimo historikoetara jaistea ere ekarri du, noiz eta emakumeak eta etorkinak populazio aktiboan gero eta presentzia gehiago duten garaian.

Mikel Zurbano

Mikel Zurbano


2077. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
Mikel Zurbano
(Dani Blanco)

Nolanahi ere, eraldaketa ekonomikoen emaitza positiboa iluntzen du argazki sozialak. Arlo honetan hobekuntza nabarmenak eman diren arren Europako Batasuneko ongizate eta kohesio sozialaren adierazleak erdiesteko bidean urrunegi gaude oraindik. Honela, errenta garaiko komunitatea izanagatik honen banaketan ez dugu gehiegi aurreratu, batik bat enplegu kopurua hedatu den arren honen kalitateak txarrera egin duelako. Prekarietatea eta behin-behinekotasuna indartu egin dira eta gazteak, emakumeak zein etorkinak dira kaltetuenak egoera honetan.
 

Errentaren banaketa desberdina zuzentzeko zerbitzu sozialak eta babes mekanismoak hobetu egin dira absolutuki. Hezkuntzan, osasunean, kulturan eta orokorrean babes sozialean eman diren hobekuntza hauek ongizatean eta kohesio sozialean aurrerapausoak erraztu dituzte. Baina urrats hauek ez dira nahikoak izan arlo honetan Europako Batasunarekiko konberjentzian nabarmen aurreratzeko. Gainera, urte hauetan zehar lehen mailako elkartasunaren eremuan –familia eta gizartea– narriadura suertatu da gure herrian. Horretan eragin du egungo eraldaketa demografikoak (zahartzea eta jaiotza-tasaren murrizketa) eta giza-antolakuntzaren eredu berriak sustatutako familia zein sare sozialen berregokitzapenak. Administrazio publikoaren gabezia historikoa estaltzeko mekanismo garrantzitsua izan da gurean lehen mailako elkartasun hau. Honen narriadura kitatzeko, beraz, etorkizun hurbileko erronken artean herri bezala dugun lehenetarikoa da elkartasun publikozko mekanismoak indartzea. Hori da integrazio sozialerako bidea, baldin eta ongizatea eta kohesio soziala irabazi eta gure herriaren oparotasuna guztion onurarako izatea nahi badugu bederen.
 
Finean ekonomiaren helburuez ari gara. Pertsona eta honen ongizatea eta integrazio soziala xedetzat hartuta hazkunde ekonomikoa giza-garapenaren menpe ipintzen dugu. Konpromiso sozial eta instituzional indartsua eskatzen du asmo honek etorkizunean erronka honi irtenbide egokia emateko. Euskal lurrera itzuliz, beldur naiz bost urteren buruan hausnarketaren kezka berarekin ez ote dugun topo egingo. Hori baiezteko lehen zantzuak soma ditzakegu dagoeneko: Batzar Nagusiek onartu berri duten PFEZen erreformak eta bidean den Sozietateen gaineko Zergaren erreformak froga argiak dira oztopodun bide horretan. Izan ere, soilik errenta aitorpenaren lege berriaren aplikazioarekin 237 milioi euro gutxiago izango ditu EAEko aurrekontu publikoak 2008tik aurrera; hori da esaterako Unibertsitateko gastu publikoaren pareko kopurua. Sakoneko aldaketa sozial eta ekonomikoen begizuloan gaude eta horrek etorkizuneko erronka berriak mahaigaineratzen dizkigu. Oparotasunetik norabide aldaketa sozialagoa dugu irtenbide.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia