2007-02-25 -- 2077.zenb
Ez naiz informazio bereziaren jabe; eta, hala ere, han-hemenka jasotako zertzeladekin, izenburuko paisaia inpresionista irteten zait. Alegia, inpresioa dudala Barajasko atentatuak gauzak aldatu bai, baina ez duela ezer zapuztu: eguzkia datorrela.
Disimulatu nahi izan zuten ustekabean harrapatu zituela eztandak, nahiz ez ziren iritsi aitortzera nolako kaltea egin zien. Eta, beste behin, zutitu egin dira egoera zailetik, boxeolari egoskorra egurpean nola.
Berriki deskubritu dute autonomia ez dela, berez, independentziaren etsai, izan daitekeela independentziara bidean tarteko geltoki. Baita Iparraldea eta Hegoaldea ibilbidearen puntu ezberdinetan daudela, zati bat derrigorrez egin behar dutela bakoitzak bere aldetik. Norbaitek bota du, mespretxuz bezala, hori Konstituzioak berak ere badioela. Arraioa! Batasunak onartzen badu Konstituzioan kabitzen den marko politikoa, ez al gaude orduan konponbidetik oso gertu?
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1