Astekaria

 Bestelakoak 

Berritasunik bai transiziorako proposamenean

Batasunak aurkeztu berri dituen Ipar eta Hego Euskal Herrirako proposamen berriak direla eta, iritzi kontraesankorrak plazaratu dituzte gainerako alderdi abertzale gehienek: Ezker Abertzalearentzat berritzat jo dute batzuek; eta esandakoetan berritasunik ez egotea leporatu diote besteek.   Hala ere, Ezker Abertzaleak halako proposamenak egitea ez da batere berria, eta bai oso zaharra. Izan ere, orain dela hogeita hamar urte hori besterik ez zuen eskatzen KAS alternatibak Hego Euskal Herrirako. Bigarren kritikari dagokionez, aldiz, kezka bat sortu zait: adierazi nahi da, berria ez izateagatik, baliorik ez duela? Egia esanda, ohikoa izaten da, baten batek proposamen berria egitean, proposamen berriak berritasunik ez duela esatea. Hor egoten da gakoa joko politikoan: berritzat aurkezten zen gauza bati berritasunik ez duela esaten badiozu, bere indarraren erdia kentzen diozu hasiera-hasieratik; berria ez bada, baliorik ez duela esan nahi du.

Julen Zabalo

Julen Zabalo


2077. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
Julen Zabalo
(Iñigo Azkona)

Zer proposatzen dute gainerako alderdi abertzaleek, orduan, zerbait berria ala zerbait zaharra? Nik nahiago nuke zaharrari eutsiko baliote, eta adore handiagoz, gainera. Azken batean, orain proposatzen dena oraindik lortuta ez egotearen erruaren zati bat orduko EAJri dagokio –oraingo EAJ gehi EA, hortaz–, zalantza barik. Erruaren zatirik handiena espainiar nazionalismoaren ikuspuntua islatu zuen armadari eta hura guztia onartu zuten alderdi espainiarrei dagokie, ez dut ezkutatuko, baina ordu hartan Hego Euskal Herrian zegoen giroa kontuan hartuta, goizegi eman zuen amore EAJk. Arinegi heldu zion bere botere arlotxoari, Nafarroa Garaian zuen indar mugatua gogoan, ziurrenik, eta ordutik hona, dinamika horretan jarraitu du. Ezagun da orain berriro gogorarazi duten Ibarretxe Plana bera begi txarrez ikusten zuela EAJ barruko sektore garrantzitsu eta boteretsu batek.
 
Alferrikakoa da esatea “hori aspaldi proposatu nuen nik”, proposamen horri kemenik ez bazaio ipini. Eta momentu honetan hori behar dela uste dut, oraingo proposamenak, helburu zaharra edukita ere, berritasun erabakigarri bat ekartzen du eta: gatazka politikoa gainditzeko tresna gisa aurkeztea, alegia. Alderdi abertzale guztiek inoiz egin dituzten halako proposamenen analisian sartu gabe, gero eta pertzepzio handiagoa dago gatazka politikoaren konponbidea hurbil egon daitekeela, eta alderdi abertzale guztiek bat egin beharko lukete konponbidearen gakoetako bat trantsizio berri bati ekitea dela esatean, orain arte esana dute eta.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia