2007-02-25 -- 2077.zenb
Euskararen onerako egin beharreko liburu hura, Itxaro, zure aurreko Ttakunean aipatzen duzuna, alegia, azken hogeita hamar urteetan onartezina onarrarazteko euskarak nola aldatu, eufemizatu, metaforizatu duen –eta, gehitzea zilegi bazait, nola duen bere burua inmolatu– ikertuko lukeen liburua idazteko ardura nori esleitu, eta lagun hura nola aurkitu, pentsatzen ari nintzelarik gogoratu zaizkit aspaldi irakurritako iragarki miragarri batzuk, egunkarian paratzen dituzten horien gisakoak; guk bilatutakoa ere bitxi xamarra gerta daitekeenez, eredutzat har baikenitzake, erredaktatzerakoan. Baina, gertatu ohi denez, direlako iragarki horiek, nahikoa poetikoak eta nahikoa umoretsuak gogoratzen ditudanak, zein liburutan irakurri ditudan ezin lokalizatuz ibili naiz luzaro, apaletik apalera, amore emateraino ia. Castillo Suarezek badu poema liburu bat iragarkiz osatua, baina ez, ez dira horiek. Rossettiren obsesioak hartu nau, jakinda ez nuela aurrera egiterik haiek topatu arte edo memoriaren leizetik haiek nolabait berreskuratu arte.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa