2007-02-25 -- 2077.zenb
Los Angeles (AEB), 1927. Biltmore hotelean zinema sektoreko hainbat profesional bildu zen Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademia sortzeko. Filmen errealizazioan kalitate kultural eta teknikoa zaintzea zuten helburu eta horregatik, hurrengo urtean, lan onenak saritzeko erabakia hartu zuten. Metro Goldwyn Mayereko eszenografo Cedric Gibbonsek diseinatutako estatuatxoa emango zitzaien arlo ezberdinetako profesional onenei.
Garai hartan Margaret Herrick Akademiako liburuzaina zen; gerora zuzendari izatera iritsiko zen. Oscar izenaren jatorria ez dago garbi, baina diotenez, Herrickek estatuatxoa ikusi zuenean bere osaba Oscarren antza zuela bota omen zuen. Geroztik, Akademiako kideek, modu informalean Oscar esaten zioten sariari. 1934an azaldu zen izena lehen aldiz prentsan; Sidney Skolsky kazetariak aipatu zuen bere zutabean, Katherine Hepburnek jasotako sariari buruz hitz egitean –Katherine Hepburnek 4 sari irabazi zituen guztira eta emakumezko aktore onenaren kategorian oscar gehien jaso dituena da–. Bost urte geroago, 1939an, mundu guztiak Oscar esaten ziela ikusita, Akademiak izena ofizialki erabiltzea erabaki zuen.
British Libraryk Turning the Pages programa berritzailea ipini du sarean hainbat libururen originalak eta eskuizkribuak kontsultatu ahal izateko. Programa honen bitartez kurtsorea mugitze hutsarekin pasa daitezke liburuen orriak. Programaren 2.0 bertsioa urtarrilaren 30ean eman zuten argitara.
www.bl.uk/onlinegallery/ttp/ttpbooks.html helbidean dago zerbitzu hau eta besteak beste honako obrak kontsulta daitezke: Leonardo Da Vinci eta William Blake-ren ohar koadernoak, Mozarten egunerokoa, Europako lehen atlasa, Mercatorrek 1570 inguruan bildutakoa, Jane Austen-en gaztetako eskuizkribua, Vesaliusen XVI. mendeko anatomia lana... Inoiz inprenta batetik ateratako libururik zaharrena omen dena ere bertan dago; Diamond Sutra izena du eta Txinan inprimatu zuten 868. urtean.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa