2007-02-25 -- 2077.zenb
Batasunak aurkeztu berri dituen Ipar eta Hego Euskal Herrirako proposamen berriak direla eta, iritzi kontraesankorrak plazaratu dituzte gainerako alderdi abertzale gehienek: Ezker Abertzalearentzat berritzat jo dute batzuek; eta esandakoetan berritasunik ez egotea leporatu diote besteek.
Hala ere, Ezker Abertzaleak halako proposamenak egitea ez da batere berria, eta bai oso zaharra. Izan ere, orain dela hogeita hamar urte hori besterik ez zuen eskatzen KAS alternatibak Hego Euskal Herrirako. Bigarren kritikari dagokionez, aldiz, kezka bat sortu zait: adierazi nahi da, berria ez izateagatik, baliorik ez duela? Egia esanda, ohikoa izaten da, baten batek proposamen berria egitean, proposamen berriak berritasunik ez duela esatea. Hor egoten da gakoa joko politikoan: berritzat aurkezten zen gauza bati berritasunik ez duela esaten badiozu, bere indarraren erdia kentzen diozu hasiera-hasieratik; berria ez bada, baliorik ez duela esan nahi du.
Euskal Herriko literaturzale zaren horri: Apika irakurriko zenuen Jon Alonsok ARGIA honen urtekarirako Euskadi Saria deritzoten horiei buruz idatzitako artikulua Berria egunkarian. Bertan, batez ere eta besteak beste, Jon Alonsok, itzulpenari dagozkion sariak emateko epaile zela, bere begiez ikusitako irregulartasunak salatu ditu. Irregulartasunak zehaztasunez azaltzen dituelarik, irregulartasunik irregularrena aipatu sariaren kudeaketaz baino arduratu beharko ez liratekeenei dagokie. Salatzeaz gain, sariak, emana behar badira, beste era batera eman behar direla aipatzen du, gardenago. Irakurri ez duzuna da, ahapetik, aspalditik, Jon Alonsoren iritzi berekoak direla makina bat idazle. Apika irakurriko zenuen, batez ere, eta besteak beste, Euskadi Saria deritzoten horien kudeaketaz baino arduratu behar ez liratekeen horietakoa den Koldo Ordozgoitik gezurti deitu diola Jon Alonsori. Kargu politikoa den Ordozgoiti jaunak, hatzamarrez aukeratzen den horietakoa bera, Jon Alonsoren salaketak ikertu eta berriro horrelakorik gerta ez dadin neurriak hartuko dituztela esan zezakeen. Baina ez, bere harrokerian, Jon Alonso gezurtia dela esatea bururatu zaio, ipuinak kontatzen dituen eroa, inolaz ere, bizi izan ez dituenak kontatzen dituen mozkorra. Irakurri ez duzuna da, Jaurlaritzako langileei urtero zuzenbide administratiboari buruzko ikastaroak ematen dizkietela, finean esateko, edozein herritarrek ia ezinezkoa dutela administrazioaren kontra jo eta garaile ateratzea. Apika irakurriko zenuen Iñigo Aranbarrik Ordozgoiti kultura saileko komunikazio arduradunak Jon Alonsori egindako laidoak suminduta idatzitako artikulua. Irakurri ez duzuna da Iñigo Aranbarrik idatziriko artikulu horretako esaldi bakoitza beste horrenbeste idazlek ere sinatu dutena. Baina irakurriko duzu.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa