![]() | Daniel Udalaitz2007-02-18 |
Pasa den martxoan, aldizkari honetan bertan adierazi genuen euskal siderurgia atzerriko multinazionalen esku geldituko zela. Artikuluari honako izenburua eman genion: Euskal siderurgia urakanaren begian. Hilabete batzuk geroago, aurreikuspen hori betetzen joan da. Euskal siderurgiaren zati handi bat Indiak eta Brasilek kontrolatzen dute; Indiako (Mittal Steel) eta Brasilgo (Gerdau) multinazionalek Arcelor talde europarra -Euskal Herrian lantegiak ditu- eta Sidenor eta GSB erosi izanari esker. Bi taldeen euskal lantegien erabaki guneak oso urruti daude gure herritik, beraz. Eta haien etorkizuna bi multinazionalen behar eta planen baitan egongo da. Euskal lurretako siderurgia lantegietako 10.000 lanpostu baino gehiago multinazional horien esku egongo dira hemendik aurrera.
Euskal siderurgia tradizionalean, oraingoz, altzairuzko hodien sektorea gelditzen da -Tubacex eta Tubos Reunidos, enpresa laguntzaile edo elkartuekin batera-, eta Euskal Herritik bertatik kontrolatzen da. Altzairu arruntaren sektorea, adibide nagusitzat Ezkerraldean dagoen Nervacero euskal lantegia duena, Celsa talde katalanaren esku dago duela urtebetetik. Hemen jarraitzen duten eta talde ezberdinekin harremanak dituzten isolatutako beste euskal enpresa batzuk ere badira; hala nola, Inox Olarra, Layde, Arania Bizkaian; Theis Araban; Perfinasa Nafarroan; Garay eta Chinchurreta Gipuzkoan.
Euskal siderurgia sektorearen bi enpresa garrantzitsu dira Tubacex (TU) eta Tubos Reunidos (TR), Laudion eta Amurrion dituzten lantegi nagusiekin, eta, oraingoz, modu independentean jarraitzen dute, inolako multinazionalen kontrolik gabe. Haien kapitala euskal familia eta erakundeen esku dago, eta, TRren kasuan, Neguriko oligarkiako familien esku, bereziki. Nazioartean proiekzio handia duten enpresak dira eta soldadurarik gabeko hodiak ekoizten dituzte. Zenbait unetan bi enpresa hauen bat-egiteari buruz hitz egin den arren, beti ukatu izan dute aukera hori. Dena dela, jakina da TRren erreferentzia diren akziodunak, BBVA buru dutela, aztertzen ari direla beren partaidetzak saltzeko aukera. Urte hau maila altuko operazioren baterako unea izan daiteke.
Tubacexek (1.650 langile) ekoizpen industrialeko lantegiak ditu Laudion, Amurrion eta Artziniegan, baita beste bi Austrian eta AEBetan ere. Beste hiru enpresaren bidez merkaturatzen ditu produktuak; bata Bartzelonan, bestea Amurrion eta bestea Lyonen. Tubacex-ek salmenta errekorra lortu zuen 2005ean, 460,50 milioi eurorekin eta 2006ko datuek (oraindik ez dakizkigu) aurreko urteko errekorra gaindituko dute. 2005eko datuen etekin gordina 25,4 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtekoa bikoiztuz.
Tubos Reunidos-ek (1.726 langile) soldadurarik gabeko hodiak ekoizten dituzten lantegiak dauzka Amurrion eta Trapagaranen, Bizkaian. Automobilgintzako produktuak egiten dituzten beste lantegi batzuk Amurrion eta Iruñean daude (Acecsa). 2006ko datuak ezagutzeko gauden honetan, Tubos Reunidos-ek 2005ean 515 milioi euroko fakturazioa lortu zuen. Etekin gordina 32,1 milioi eurokoa izan zen, 2004ko etekina hirukoiztuz. Urte horretan bertan, 22,2 milioi euro inbertitu zituen.