Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-02-18 -- 2076.zenb

Siderurgia India eta Brasilen esku

Daniel Udalaitz

Pasa den martxoan, aldizkari honetan bertan adierazi genuen euskal siderurgia atzerriko multinazionalen esku geldituko zela. Artikuluari honako izenburua eman genion: Euskal siderurgia urakanaren begian. Hilabete batzuk geroago, aurreikuspen hori betetzen joan da. Euskal siderurgiaren zati handi bat Indiak eta Brasilek kontrolatzen dute; Indiako (Mittal Steel) eta Brasilgo (Gerdau) multinazionalek Arcelor talde europarra -Euskal Herrian lantegiak ditu- eta Sidenor eta GSB erosi izanari esker. Bi taldeen euskal lantegien erabaki guneak oso urruti daude gure herritik, beraz. Eta haien etorkizuna bi multinazionalen behar eta planen baitan egongo da. Euskal lurretako siderurgia lantegietako 10.000 lanpostu baino gehiago multinazional horien esku egongo dira hemendik aurrera.

Euskal siderurgia tradizionalean, oraingoz, altzairuzko hodien sektorea gelditzen da -Tubacex eta Tubos Reunidos, enpresa laguntzaile edo elkartuekin batera-, eta Euskal Herritik bertatik kontrolatzen da. Altzairu arruntaren sektorea, adibide nagusitzat Ezkerraldean dagoen Nervacero euskal lantegia duena, Celsa talde katalanaren esku dago duela urtebetetik. Hemen jarraitzen duten eta talde ezberdinekin harremanak dituzten isolatutako beste euskal enpresa batzuk ere badira; hala nola, Inox Olarra, Layde, Arania Bizkaian; Theis Araban; Perfinasa Nafarroan; Garay eta Chinchurreta Gipuzkoan.


Sidenortik Gerdaura GSBtik pasatuta

Une honetan, ia-ia bukatuta dago euskal altzairu berezien sektorearen kontzentrazio prozesua, eta Brasilgo Gerdau multinazionalaren eskuetara pasatu da. Duela urtebete hartu zuen Brasilgo multinazionalak Sidenor taldearen kontrola. Talde hori Euskal Herrian zeuden altzairu berezietako enpresen kontzentraziotik sortu zen (SA Echevarria, Aceros de Llodio, Olarra, Forjas Alavesas). Sidenor baino lehen, Aceralia eta Acenor talde publikoak izan ziren. Orduan, Bizkaiko altzairu berezien taldearekin, GSBrekin, kontzentratzeko saiakera egin zen, baina operazioak porrot egin zuen eta bakoitzak bere bideari jarraitu zion. 1995ean, pribatizatu zenean, Sidenor sortu zen, eta 11 milioi euro ordaindu ziren harengatik. Enpresaren buru EAJtik zetorren Sabino Arrieta egon zen. Duela urtebete enpresa multinazional brasildarrari saldu zion 443,8 milioi euroren truke. Sidenorrek 2.300 langile ditu euskal lantegietan eta Espainiar Estatuko gainerako lantegietan. Haren ekoizpenak 800.000 tona gainditzen ditu urtean.

Pasa den azaroan, Sidenor-Gerdau taldeak CIE Automotive-ren esku zegoen Azkoitia-Legazpiko GSB altzairua erosiko zuela esan zen. Operazioa 125 milioi euro kostatu da eta urte berri honetan Brasilgo multinazionalak kudeatu eta kontrolatzen du Azkoitiko altzairu berezien enpresa. Horrela ixten da euskal altzairu berezien sektorearen kontzentrazio prozesua. Ez da ahaztu behar sektore honek Espainiar Estatuan dituen lantegi gehienak euskal lurretan daudela. GSB altzairua 1993an sortu zen Azkoitiko Acerías y Forjas (Aforasa) eta Patricio Echeverria Aceros enpresek bat eginda. Lantegiak ditu Azkoitian eta Legazpin; bertan, 700 pertsona inguruk egiten dute lan, eta 200.000 tona inguru altzairu berezi ekoizten ditu urtean. Sindikatuek kezka adierazi dute, lantegien eta lanpostuen mantenua dela-eta.


Indiako multinazionalak Arcelor kontrolatzen du

Europako Arcelor taldea, Euskal Herrian hamaika lantegi dituena eta 4.000 pertsona baino gehiagori lana ematen diena, Mittal Steel Indiako multinazionalaren kontrolpean gelditu da. Honek Herbehereetan du egoitza, eta duela urtebete EEP (OPA) areriotsua egin zuen Europako taldearen aurka; ondorioz, Arcelorren ia %100 kontrolatzen du. Arcelor 2002an Aceraliak (Espainiar Estatua) Usinor-ek (Frantzia) eta Arbed-ek (Luxenburgo) bat egitearen ondorio da.

Arcelorrek Euskal Herrian dituen lantegiak honakoak dira: ACB (AHVren ordezkoa) eta Aceralia-Planos, Bizkaian; Esteban Orbegozo, Marcial Ucin, Olabarria-Aristrain, AHB-Aristrain eta Mallas Ucin, Gipuzkoan; Aceralia-Laminación eta Aceralia-Construcción, Nafarroan; Acería del Atlántico eta ADA, Lapurdin. Azken lantegi hori orain dela gutxi saldu diote Frantziako talde bati.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan