Liburutegia

Pilar Iparragirre


2007-02-18

Jotakie. Urolan pop

Xabi Borda

Haria

154 orrialde

12 euro


Jotakie taldearen pop-rock estiloaz


Azkoitiko eta Azpeitiko rockaren jatorria bilatzen hasteko asmoari jarraituz osatu du Xabi Bordak Jotakie. Urolan pop izenburuko liburua. 1981eko ekainaren amaieran Makokik, Lukak, Pellok, Pattakiek eta Elortxak Jotakie izenarekin jendaurrean beren aurreneko kontzertua eman zutenetik, 1990eko irailaren 14an, Bergaran, eskainitako azkeneko emanaldian musika munduari agur esan zioten arte doa kontakizuna. Denbora horretan, Fran Iturbe gitarristaren laguntza ere izan zuten. Estiloari dagokionean, Euskal Herriko beste talde garaikideetatik bereiztu eta pop-rock musika lantzeari heldu zion Jotakiek. Emaitza, han-hemen eskainitako emanaldi mordoa eta entzuleek hainbeste eskertu zituzten lauzpabost diskoak.


Iruņeko Udalaren literatur lehiaketak. Saritutako lanak

Batzuen artean

Iruņeko Udala

174 orrialde




Gazteen narrazio labur, olerki, bertso-paper eta antzerki lanak


Duela gutxi kaleratu da Iruņeko Udalak 2005. urtean antolatutako Artista Gazteak lehiaketako sari guztien bilduma. Lehiaketa horrek hainbat atal ditu. Batetik, egile berriei zuzendutakoa dago, eta hor Igor Arroyo Leatxeren Gauguinek ero zegoela amestu zuen eguna narrazioak, Alazne Juaniz Ezpeletaren Graffittien berba olerkiak eta Jon Berberenaren Europa aldetik dator Thaimiren gutuna bertso-paperak jaso zuten lehen saria. Bestetik, haurrentzako antzerki testuen lehiaketa dago, zeinean Juantzo Urdirotzen Bakeroak nekez erortzen dira muturrez aurrera lanak irabazi zuen. Eta Iruņeko gazteentzako lehiaketa ere bada, Ander Perezen Iraultza kea narrazioak eta Lander Majueloren Goizaldean olerkiak irabazi zutena.


Judy Moody. Lurraren salbatzailea

Megan MacDonald, Peter H. Reynolds

Gero

174 orrialde

6 euro




Neska aparta baten abenturak


Lurdes Auzmendik eta Koldo Bigurik euskaratu dituzte Gero argitaletxeak plazaratu dituen Judy Moody neskatoaren gorabeherekin osatutako bildumako ale guztiak. Megan McDonald idazle estatubatuarrak sortutako pertsonaia da Judy Moody, eta harekin batera liburuz liburu Peter H. Reynoldsen marrazkietan agertzen diren beste pertsonaia guztiak. Nor izateko asmo sendoa du neskatilak, eta gauzak berak nahi bezala ateratzen ez zaizkionean oso umore txarrean jartzen da. Baina laster alboratu behar izaten du jarrera hori, inguruko guztiek ondotxo ezagutzen dutelako, eta agertzen duen kopeta beltzari kasu eskasa egiten diotelako. Lurraren salbatzailea atalean, mundua denontzako leku garbiagoa izan dadin ahaleginduko da gure neskatoa.


Egan

Batzuen artean

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea

230 orrialde

18 euro




Zubimendi, Jose Artetxeri buruz


Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko buletinaren Egan euskarazko gehigarriaren azkeneko alean Artetxe, begiramenez lana kaleratu du Jose Ramon Zubimendik, azpeitiarrak euskalgintzan egindako lanari darion argi iraunkorra azpimarratuz. Bestalde, Patxi Ezkiagak Don Kijote Mantxako eta pedagogia eskaini du; Xabier Etxaniz Erlek Bernardo Atxagaren Soinujolearen semearen inguruan idatzi du; Asier Barandiaranek Ameriketako Estatu Batuetako lau bertsolarien bertsogintza aztertu du oraingoan, eta Felix Gerenabarrena Artamendik Mitoa, literatura eta semiosferak ditu hizpide. Gainera, sorkuntzari ere egin diote tarterik alean, Gariren Luzea naiz eta Luis Mari Mujikaren Bariazio berriak poemak argitaratuz. Azkenik Iņaki Zubeldiak haur-liburutegiek daukaten garrantzia nabarmendu du bere idazlanean.


El actor creativo. La actriz creativa...

Jesus Jara, Alfredo Mantoani

Artezblai

286 orrialde

14 euro




Antzezleak bere sormena lantzeko eskuliburua


Antzerkiaren munduan eskarmentu handiko pertsonak dira Jesus Jara eta Alfredo Mantovani. Mundu horretan antzezle eta pedagogo gisa ikasi dutena beraiek bezalako antzerki zaletasuna duen orori eskaini nahi izan diote elkarren artean osatutako El actor creativo. La actriz creativa. Manual para conseguirlo lanean. Antzezle sortzailea izateko asmo sendoa duen guztiari zuzendutako lana da. Bai oraindik taula gainean jartzeko aukera izan ez duenari, baita urteak horretan eman izanagatik beti ikasteko zer edo zer dagoela pentsatzen duenari. Antzezlanen bat zuzentzeko asmotan dabilenarentzako ere baliagarria da argitaratu berri den liburu hau.


Nire herriak...

Ana Urkiza

Elkar

48 orrialde

7,25 euro




Ostadarraren koloreak dituen herriko neska-mutikoen bihotza


Hauxe da Ana Urkizak sortu eta Jokin Mitxelenak marraztutako kontakizunaren izenburua: Nire herriak ostadarraren koloreak ditu. Leku batean jaio baina beste batean bizi den pertsonari inoiz, edo behin baino gehiagotan gertatzen zaion arazoaz mintzo da: bere bihotzak nongoa dela sentitzen du bene-benetan? Badira munduan leku bakar bat baino maite ez dutenak. Badira alditan hemengoak eta bestetan hangoak sentitzen direnak. Eta are, munduko edozein bazterretan bertako direla uste dutenak ere.



Argia.com 2012