Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-13 16:35:30
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-02-18 -- 2076.zenb

Etorkinak eta aginte organoen demokratizazioa helburu

Jon Gonzalo

Euskara planak landu eta ebaluatu, langileak euskaldundu, merkataritzako errotuloak euskaratu... UEMAk urtero egin ohi dituen lanak dira horiek, euskararen normalkuntzarako behar-beharrezkoak. Ohiko lan horiez gain, ordea, aurtengo urterako beste bi helburu finkatu dituzte: etorkinen gaineko euskara planaren diseinua eta udal hauteskundeen ondoren, UEMAko aginte organoen demokratizazioa. Kontxi Gabantxo UEMAko lehendakariak hala esan digu: «Euskal Herrian, Europako beste hainbat herrialdetan bezala, gero eta etorkin gehiago daude, eta UEMAn konturatu gara euskararen normalizaziorako oso garrantzitsua dela beraien euskalduntzea. Iazko abenduan gai horri buruzko jardunaldiak egin genituen, eta Kataluniak gai horretan duen politika aztertu genuen. Ildo bera jarraituz, gure herrietan plan integrala martxan jartzea erabaki dugu». Kataluniako Generalitateak orain dela urte batzuk etorkinentzat martxan jarri duen plan bereziak helburu garbia du: etorkinen harremanetarako hizkuntza katalana izatea. Horretarako beharrezkoa da etorkinekin komunikazio eraginkorra bermatzea, informazioetara eta zerbitzu publikoetara berdintasunez irits daitezen bideak erraztea eta beraien autonomia, kultura eta hizkuntza errespetatzea. Hori lortzeko etorkinen beharrizanei aurreratzen saiatzen dira, material eleanitza eskaintzen dute, etorkinei harrera egiteko protokoloa prestatu dute eta itzulpen zerbitzuak eskaintzen dituzte.

Halaber, aurtengo beste erronka hauteskundeen ostean, UEMAko aginte organoak modu demokratikoan eta normaltasun osoz aukeratu ahal izatea da. UEMAko kide diren udal batzuetan hauteskundeak irabazi zituzten plataformak ez legezkotzat jo zituzten eta oraindik orain gestorek dute udalen ardura. Beste batzuetan, berriz, ez legezko izendatu zituzten plataformetako kideek ezin izan dute zinegotzi lanetan aritu eta horrek arazoak sortu ditu udalbatzarretan. Horregatik guztiagatik, Kontxi Gabantxoren esanetan, «gaur egun indarrean dagoen alderdien legeak UEMAren funtzionamendua baldintzatzen du, eta hauteskundeen ostean egoera hau aldatzea onuragarria litzateke».


UEMAk 16 urte

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea 1991. urtean sortu zen, eta geroztik Euskal Herriko hainbat udalerritan euskararen egoera normalizatzeko lanean aritu da. Bi xede ditu UEMAk: bata, udalerri euskaldunetan herritarrek euren bizitza sozial, publiko eta pribatua euskaraz egin ahal izatea; bestea, Euskal Herriko udalerri euskaldunak bat egin eta euskara nagusi izango den lurgunea osatzea. Kontxi Gabantxo UEMAko lehendakariaren ustez, mankomunitateak sorreratik egin duen lana oso garrantzitsua izan da: «Administrazio publikoak mendeetan erdaraz funtzionatu arren, urte hauetan gauza izan gara egoera hori irauli eta euskaraz funtzionatzen jartzeko; hau da, euskara lan hizkuntza bihurtzeko. Euskararen kalitateak hobera egin du: inprimakiak, dokumentuak, baimenak... gaztelaniazkoak baino ulergarriagoak eta errazagoak dira hizkuntza aldetik. Gainontzeko administrazioaren aurrean eredu eta akuilua izan da mankomunitateak egindako lana».

UEMAk euskaraz funtzionatzeko eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko euskara erabilera planak eta ebaluazioak egiten ditu hiru urterik behin. Horrekin batera honakoak ere lantzen dituzte: langileak trebatu, euskarazko materiala prestatu, profesional euskaldunak topatu, merkatarien errotulazioa euskaldundu, euskal kultur produkzioa bultzatu, bertako artistak promozionatu...

50 udalerrik osatzen dute gaur egun mankomunitatea, baina atea zabalik dago UEMAko kide izan nahi duten udalentzat. Bete beharreko baldintza bakarrak bi dira: udalerriko herritarren %70 baino gehiago euskalduna izatea eta euskaraz funtzionatzeko borondate politikoa. Kontxi Gabantxoren esanetan, «borondate politikoa oso garrantzitsua da, Euskal Herriko egoera politikoak UEMAren lana erabat baldintzatzen baitu. Orain arte lanerako izan ditugun zailtasun gehientsuenek jatorri politikoa dute. Espainiako justiziak, behin eta berriz, gure udalek hartu dituzten erabakien kontra egin du. Esate baterako, Ondarroa eta Lekeitio UEMAtik kanpo utzi zituen, mankomunitateko kide izateko hartu zuten erabakia ez legezkoa zela argudiatuz. Beraien esanetan, mankomunitateak zerbitzuak emateko dira, eta euskara ez dute zerbitzu bezala ulertzen. Beste alde batetik, alderdien legea ere ezin da ahaztu. Lege honek eragin handia izan du UEMAren funtzionamenduan, hainbat udaletan ezin izan baita arazoa gainditu».

Erantzunak

etorkinak dira unos cracks!!!!!!

anonimo 2008-04-10 20:24:46

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan