Euskara planak landu eta ebaluatu, langileak euskaldundu, merkataritzako errotuloak euskaratu... UEMAk urtero egin ohi dituen lanak dira horiek, euskararen normalkuntzarako behar-beharrezkoak. Ohiko lan horiez gain, ordea, aurtengo urterako beste bi helburu finkatu dituzte: etorkinen gaineko euskara planaren diseinua eta udal hauteskundeen ondoren, UEMAko aginte organoen demokratizazioa. Kontxi Gabantxo UEMAko lehendakariak hala esan digu: «Euskal Herrian, Europako beste hainbat herrialdetan bezala, gero eta etorkin gehiago daude, eta UEMAn konturatu gara euskararen normalizaziorako oso garrantzitsua dela beraien euskalduntzea. Iazko abenduan gai horri buruzko jardunaldiak egin genituen, eta Kataluniak gai horretan duen politika aztertu genuen. Ildo bera jarraituz, gure herrietan plan integrala martxan jartzea erabaki dugu». Kataluniako Generalitateak orain dela urte batzuk etorkinentzat martxan jarri duen plan bereziak helburu garbia du: etorkinen harremanetarako hizkuntza katalana izatea. Horretarako beharrezkoa da etorkinekin komunikazio eraginkorra bermatzea, informazioetara eta zerbitzu publikoetara berdintasunez irits daitezen bideak erraztea eta beraien autonomia, kultura eta hizkuntza errespetatzea. Hori lortzeko etorkinen beharrizanei aurreratzen saiatzen dira, material eleanitza eskaintzen dute, etorkinei harrera egiteko protokoloa prestatu dute eta itzulpen zerbitzuak eskaintzen dituzte.
Halaber, aurtengo beste erronka hauteskundeen ostean, UEMAko aginte organoak modu demokratikoan eta normaltasun osoz aukeratu ahal izatea da. UEMAko kide diren udal batzuetan hauteskundeak irabazi zituzten plataformak ez legezkotzat jo zituzten eta oraindik orain gestorek dute udalen ardura. Beste batzuetan, berriz, ez legezko izendatu zituzten plataformetako kideek ezin izan dute zinegotzi lanetan aritu eta horrek arazoak sortu ditu udalbatzarretan. Horregatik guztiagatik, Kontxi Gabantxoren esanetan, «gaur egun indarrean dagoen alderdien legeak UEMAren funtzionamendua baldintzatzen du, eta hauteskundeen ostean egoera hau aldatzea onuragarria litzateke».
1998tik UEMAko kide da Gipuzkoako Oiartzun. Herriko biztanleen %80 baino gehiago euskalduna edo ia euskalduna da, eta hori salbuespena da Oarsoaldean. Errenterian, Lezon edo Pasaian kopuru horretatik oso urrun daude, eta horregatik batzuetan zaila da eskualdeko gainontzeko herriekin euskara normalizatzeko politika bateratuak egitea. Aitziber Arnaiz euskara teknikariak hala esan digu: «Oiartzunentzat oso onuragarria izan da UEMAn sartzea, Mankomunitateko gainontzeko udalerriekin euskararen aldeko ekimen bateratuak adostu ditugu, eta antzeko kezka edo arazoak ditugu. Gure eskualdean, berriz, gainontzeko udaletan abian jartzen diren ekimen guztiek ez dute guretzako balio, modu berean lantzeko behintzat. Oarsoaldean, euskarari dagokionez, besteengandik urrun dagoen irla da Oiartzun».
UEMAk Euskal Herriko udalerrietan urte hauetan guztietan egin duen lana biziki goraipatu du Arnaizek: «Lan ikaragarria egin da. Euskararen erabileran izan den gorakada UEMAri zor zaio hein handi batean. Besteak beste, erabilerarako planak egin ditugu, langileei ikastaroak eskaini dizkiegu eta dokumentu-ereduak sortu ditugu». Halaber, herri bakoitzak norbere egitasmoak landu ditu, eta Oiartzunen egitasmo asko sortu dira, «batzuetan eskualde mailakoak eta beste batzuetan guk sortuak». Guraso eta seme-alaben artean euskararen transmisioa bermatzeko plana, bikote euskaldunetan hizkuntza ohiturak sendotzeko ekimena, Ttur-ttur euskaltzaleen bilgunearekin sinatutako lankidetza hitzarmena, merkataritza eta elkarteetan euskara sustatzeko egitasmoa edo bereziki garrantzitsua den Ola plana. «Ola planari esker eskualdeko enpresa handietan -Alcampo edo Niessen, esaterako- euskara normalizatzeko aurrerapausoak eman dira, eta enpresen mundua oso garrantzitsua da euskara normalizatzeko», azpimarratu digu Arnaizek.
Arestian esan bezala, etorkinen gaia UEMAko aurtengo erronka handienetakoa da eta Oiartzunen gertutik ezagutzen dute gaia. «Oiartzunen oso esperientzia ona izan dugu etorkinekin. Eskualdeko gainontzeko herrietako etorkinek ez dute euskara ikastea hain beharrezkotzat jotzen, baina Oiartzunera etortzen direnek euskara ikasteko gogoa erakusten dute. Izan ere, konturatzen dira herrian integratzeko euskara beharrezkoa dutela eta ikasteko aukera gehiago dituztela. Udalerri euskaldunentzat etorkinen etorrera berria zerbait onuragarria dela ulertu behar dugu».
![]() |
|
||||
2076 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa