Jakoba Errekondo
1951n Frantzian, nioen bai, zekaleriak edo ergotismoak ganadua jo eta gero ehunka lagun kutsatu eta dozenatik gora hil ziren. XI eta XVI mendeen artean izurri ikaragarriak eragin zituen lurralde hotzetan. Orduz geroztik oso tarteka azaldu izan da. Izen ugari du gaitz honek: su sakratua, infernuko sua, San Antonioren sua... Azken hau XI mendetik dator, santu honenganako zaletasuna zela-eta gaixoak jaso eta artatzeko monasterio mordoxka bat ireki baitzituzten bere jarraitzaileek; harrez gero santua eskuan sua duela irudikatu izan da eta T itxurako makila du, gaixo horiek maiz behar zuten makuluaren irudi, apika...
Mirakulua 1597an gertatu zen, ordea; ez, baina, santu baten gonapean, Marburgoko (Alemania) Medikuntza Fakultatean baizik: gaitza ainoak kutsatutako zikirioz egindako ogi beltza jatetik soilik sortzen zela aurkitu zuten. Benetako mirakulua izan zen eta laster zabaldu zen berria. Geuregana prantsez-haizeak ekarriko zuen, noski:, eguneroko oinarrizko jakiak, zikiriozko otasa beltzak eragiten zuen gaitz beldurgarria, hau da, gaitzik ez izateko ogi zuria jan behar zen. Hortik ote dator jende zaharrak ogi beltzari dion nazka? Orduan are eta gehiago zabaldu ote zen taloa eta artoa jatea? Handik aurrera gosete eta premia latzeko garaitan berpiztu izan da, tarteka-marteka, han-horka, San Antonioren sua.
Behin pozoia ezagututa, dosia gora-behera, bere alde onak miatu zituzten, eta baita argitu ere. Mendetan erabili izan da haurdunari umea galdu arazteko, erditu ondorengo odol-jarioa lehortzeko, edoskitzaroko esnearen emana eteteko, buruko min gorrietarako, hipotentsioa oneratzeko... Eta zikirio-ainoaren mirakulutea ez da amaitu. Bere osagai batetik abiatuta Parkinsona tratatzeko botika bat sortu da. Hau ez da, ordea, ezagunena. 1943an Albert Hofmann kimikari suitzarrak, ez si eta ez no, azido lisergikoaren dietilamina edo LSD-25 aurkitu zuen. Hau droga haluzinogenoen prototipo, mundu osoan, kultura guztietan sormenaren akuilu baliatzen diren drogen eredu da egun. Haluzinazioak goiti-beheiti, aurkikuntza berrien arabera soroetako kupre eskasiak ainoak zikirioa kutsatzea errazten duela badakigu.
Jabier Agirre
Arraina jateak osasunarentzat dakartzan mesedeak aspalditik dira ezagunak, hainbat ikerketak argi eta garbi frogatzen duen bezala. Arrainek proteina asko dituzte eta lehengai horiek funtsezkoak dira gure hezurren osaketarako, beste hainbat eginkizun betetzeaz gain. Baina ez dira proteinak bakarrik. Gaur egun balio handia ematen baitzaie arrainetan aurkitzen ditugun omega 3 izeneko gantz-azidoei, bihotzeko gaitzen kontra egin dezaketen mesedeagatik.
Azken urteotan, ordea, itsasoak gero eta kutsatuago daudenez, produktu kimiko ugari aurkitu dira kontsumitzen ditugun arrainetan -merkurioa, dioxinak....- eta horrek kezka sorrarazi du zenbait aditurengan. 2004. urtean Elikagaien Segurtasunerako Europako Batzordeak kezka hori plazaratu zuen, batik bat bularreko haurrengatik arduratuta, metil merkurioak haur jaioberrien garapen neuronala kaltetu dezakeelako.
Horregatik guztiagatik Harvard-eko Osasun Publikoko Eskolan ari den ikertzaile-talde batek arraina jateak osasunarentzat dakartzan mesedeei eta sor ditzakeen kalteei buruzko ikerketa zientifiko guztiak -edo gehienak bederen- berrikusi ditu. Orain aste batzuk argitaratu dituzte azterketa horren emaitzak Ameriketako Elkarte Medikoaren aldizkarian.
Adituek diotenez, kutsatzaile posibleen arriskuak onartuta ere, arraina kontsumitzeak dakartzan mesedea askoz ere handiagoa da arrisku potentziala baino. Arraina astean behin edo bitan jateak, batez ere omega 3 gantz-azido asko duten arrainak -izokina edo antxoa esate baterako- % 36 gutxitzen du heriotza koronario arriskua, eta % 17 heriotza-arriskua orohar. Arrainean dagoen merkurioaren albo-ondorioak jasateko arriskurik gehien dutenentzat -haurdun dauden emakumeentzat eta haur jaioberrientzat bereziki-, astean pare bat aldiz izokina bezalako arrainak jatea gomendatzen dute, arrain horiek haurren garunaren garapenean dituen eragin mesedegarriak aprobetxatzeko; eta hegaluze kontsumoa murriztea merkurio gehiago izan ohi duelako.
Joxerra Aizpurua
Aldaketa klimatikoaren «2007 txostena»
Otsailaren 2an GIECeko (Klima Aldaketa Ikertzeko Gobernuarteko Aditu taldea) 400 adituk aldaketa klimatikoari buruz argitara emandako txostenean lehen aldiz, guztien adostasunarekin, azken 50 urteko berotze klimatikoaren errudun nagusia gizakia izan dela baieztatzen da.
Aditu-taldea 2001ean hasi zen txostenak argitaratzen eta, urtez urte, erabili dituzten analisirako tresnak hobetzen joan dira.
Honatx txosteneko daturik aipagarrienak:
- Azken hamabi urteetatik hamaika izan dira 1850etik neurtutako urterik beroenak.
- Atmosfera osoko tenperaturen igoera lurrazalekoen antzekoa da.
- Itsasoetako batez besteko tenperatura hazi egin da 3000 metroko hondoetan barne. Eta horren eraginez itsas maila 1,8 mm hazi da 1961 eta 2003 urteen artean.
- Glaziar eta izotz-guneen azalera gutxitu egin da planeta guztian.
- Karbono dioxido eta metanoaren kontzentrazioak azken 650.000 urteetako handienak dira. Industrializazio aurreko garaian karbono dioxido kontzentrazioa 280 ppm (milioika partikuletatik hainbeste) zen; 2005ean 379 ppm-koa.
- Atmosferako karbono dioxido hazkundea azken hamar urteotan areagotu egin da erregai fosilen erabileragatik eta lurren ustiapen eragatik.
- Groenlandian eta Antarktikoan egindako azterketa paleoklimatikoen bidez baieztatu da XX. mendeko bigarren erdiko berotzea ezohikoa dela azken 1.300 urteekin alderatuz.
Berotzearen eragilea gizakia izateko %90eko aukera dago GIECen arabera. Horratx XXI. menderako egin dituzten iragarpenak, beti ere egun dagoen emisio maila mantendu edo hazten bada:
- Lurreko tenperatura 1,8șC eta 4șC artean haziko da.
- Itsasoen maila 18 eta 59 cm artean igoko da.
- Orohar lur altuak eta latitude altuetako lurrak jasango dituzte aldaketa handienak.
- Latitude baxuagoetan euriteak ugarituko dira.
- Itsasoetako korronte naturalak ez dira desagertuko, baina aldaketak gerta daitezke bai abiaduran bai ibilbideetan.
- Berotzearen aurkako neurriak indarrean jarri arren berotzea mantendu egingo da. Eta aldaketa positiboak, ematekotan, oso motel gertatuko dira. Sortu dugun dinamikak inertzia izugarria duenez oso nekeza izango da joera itzularaztea.