Josu Chueca
Gerra hasi zenetik, Oviedo Asturiasko hiriburua nazionalen esku zegoen. Antonio Aranda koronelak kontrolpean zuen eta pasabide estuez baliatuz, zilbor-hestea balitz bezala, lotura zuen Galiziako tropa eta atzeguardia frankistarekin. Hain zuzen, handik heldu zitzaizkion indar militar laguntzaileak: soldadu galiziarrak eta legionarioak nahiz erregularrak. Azken horiek, 1934ko urriko iraultza odolez eta indarrez amatatzera etorriak, 1937an ere Asturiasko meatzariak eta ezkertiarrak aurrez aurre aurkitu zituzten. Izan ere, Oviedo frankisten hatzaparretatik libratzeko, alde errepublikanotik erasoaldia prestatu zuten Francisco Llano de la Encomienda, Vladimir Goriev eta Miguel Ciutat buru militarrek eta gonbitea luzatu zioten Euskal Gobernuari, hainbat batailoien bitartez ekimen horretan parte har zezan.
Eskari horrekin bi gauza frogatuko ziren: batetik, Iparreko armada errepublikanoak -Santanderreko, Asturiasko eta Euskadiko tropak biltzen zituenak- zenbateko eraginkortasuna zuen, eta bestetik, euskal gudariak Euskaditik kanpo borrokatzeko zein neurritaraino zeuden prest. Eskaeraren aurrean iritzi eta jarrera desberdinak azaldu ziren buruzagi politiko eta gudarien lerro artean. Jose Antonio Agirre lehendakariaren esanetan, Asturiasera bigarren aldiz joan behar izateak -1936ko urrian jada hainbat batailoi joan zirelako- ezusteko handia eragin zuen Eusko Jaurlaritzan. Gainera, Legutioko eraso antzuaren eskarmentua bazuten ere, Gipuzkoako eta Arabako fronteetan zeuden gudariek galdetzen zuten Oviedora joan beharrean zergatik ez zuten erabiltzen saio hori euskal lurrak berreskuratzeko. Azkenean, Agirrek berak amore eman eta boluntarioz osatutako bi brigada bidaltzea lortu zuen. Batean, Amayur eta Euzko Indarra batailoiak eta Ariztimuñoko metrailadore konpainia joanen ziren, Saseta komandantea buru zutela. Bigarrenean, Samaniegoren aginduetara, Perezagua, Prieto, Celta eta Rusia batailoi ezkertiarrak arituko ziren.
Fronteetan zituzten lekuak utzi eta otsailaren 12an batzuek eta besteek Asturias aldera jo zuten. Printzerri zaharrean, gerra piztu zenetik martxan zegoen iraultzaren hainbat ondorio gertutik ezagutzeko aukera izan zuten. Kokaleku izan zuten Trubia herrian, esaterako, lantokiek gerrarako jo eta ke ekoizten zuten eta dirua indargabetua zegoen, trukerako bertako kontseiluak indarrean jarritako txartelak baino ez zuten balio. Helburu eta mehatxu hiriburua zuten ordea, eta berehala Oviedo aldera abiatu ziren.
Nalon ibaian aurrera eta atzera
Oviedoren aurkako erasoa otsailaren 21ean hasi zen, goizaldeko 4:30ak aldera, eta egun berean Perezagua, Rusia eta Celta batailoikoek Pando mendia eskuratu zuten. Beste euskal brigadek berriz, Nalon ibaia zeharkatzeko gorabehera handiak izan zituzten. Ibaia gauez eta ustekabez gurutzatzeko asmoa zuten, baina ez zen hala gertatu. Zubigileek ez zuten prestatu aurreikusitako behin behineko zubia eta beraz, ibaia gabarran zeharkatu behar izan zuten, goiza argitzear zegoenean. Estualdi horretan, Euzko Indarrako gudariak, Tomas Mitxelena komandantea buru, aitzindari izan ziren, atzetik Amayurkoak eta I. Prietokoak zituztela. Nalonez bestaldean lehorreratu bezain laster, Arecesera eta Premuñora jo zuten, alde nazionalekoen aurka borrokan ari zirela. Gudarien orduko helburua Oviedo eta Galiziaren arteko komunikazio gunea zen Grado herria hartzea zen.
Baina Premuñotik aurrera jarraitu ordez, atzera egin behar izan zuten, gune horretan gotortze lanak burutzea ezinezkoa suertatu zitzaielako; Arecestik bidea alderantziz egin zuten. Herri horren inguruan, eraso eta kontraeraso bortitzak txandakatu ziren eta gudari anitz hil ziren. Horien artean buruzagi ezagunenetakoa eta lehen brigadako burua: Candido Saseta. Otsailaren 23an, komandante karguan bi aste betetzear zela, obus baten metrailak hil zuen. Kolpe latz horren ostean, egun pare bat gehiago iraun zuten aipatu eremuan eta azkenean, 25ean ibaia berriz zeharkatu zuten, baina gibelera eginez. Olaizolaren aginduetara Euzko Indarrako zubigileek prestatu zuten egurrezko zubiari esker, itzulia joaneko bidaia baino erosoago egin ahal izan zuten.
Dena den, Oviedoren aurkako setioa amaitu ez zenez, beste hainbat lekutara bidali zituzten euskal gudariak. Amayurkoek, adibidez, Pando mendira jo zuten, bertan zegoen Perezagua euskal batailoia laguntzeko. Martxoaren 25a arte -etenaldi txiki bat kenduta- hor arituko ziren biak. Tarte horretan, Oviedo kanpoaldeko auzo eta eraikinetan (zezen plazaren inguruan, La Cadelladan, Mercadin deiturikoan edo Buenavista futbol zelaian), bonbez eta metrailez, batzuk erasoan, besteak defentsan jo eta ke aritu ziren. Baikortasunez, Llano de la Encomienda buruak egun haietan ondorengoa erran zion Cruz Salido kazetari sozialistari: «Oviedo gurea izanen da». Hala zirudien eta kazeta askok beren berriemaileak fronte horretara bidali zituzten: Tierra Vascakoek Francisco Turrillas jarri zuten frontean eta Euzkadikoek, Jose Maria Azkarraga Lur Gorri.
Oviedoko kanpaina, arantzarik mingarriena
Errepublikanoak behin eta berriro sartu ziren hiriburu asturiarrean, baina frankistek hiriguneari eta zituzten kuartelei eutsi zieten. Are okerrago, 1936ko urriaz geroztik bereganatua zuten Naranco menditik, aurrez aurre zituzten errepublikanoen lubakiak eta lehen lerroko gotorlekuak bonbardatu zituzten, artilleria baliatuz. Hala, Oviedo, bi lekutatik setiatua, egunak pasa ahala hiri suntsituetako paisaiaren itxura hartzen joan zen. Dena den, martxoa inguruan agerian geratu zen Arandaren soldaduek eta lagunek setioari eutsi eginen ziotela eta alde errepublikanoan erasoaldi horren aurkako iritzia indartzen joan zen. Egunkari ezkertiarrek lehen egunetako informazio zabala gutxitzen joan ziren eta beste guda fronteei leku gero eta handiagoa egiten. Halaber, euskal abertzaleek zentsura latza pairatu zuten, beraien kritikak azaldu ez zitzaten. Euzkadi kazetakoak, esate baterako, martxoaren 12ko alean lehen orriaren heren bat ezabatzera behartu zituzten, Asturiasko erasoaldiaren gainean 49 galdera kritiko plazaratu ez zitzaten. Zentsurara bidalitako probetan, besteak beste honako galdera arruntak irakur zitezkeen: «Noiz hartuko dute Oviedo? Noiz itzuliko dira hara bidalitako euskal batailoiak?». Horrez gain, Alderdi Komunistak eta bere aginduetara omen zeuden Gorievek eta Ciutatek zeramaten norabide politiko-militarra oso gogor astintzen zuten, baita Asturiasko kanpaina ere. Nazionalisten haserrea eta egonezina ez ziren hor amaitu. Egun gutxira, beste kolpe larri bat jaso zuten Oviedoko frontean, Jose Maria Korta gudarien batailoietako kapilau nagusia hil zutenean.
Hala eta guztiz ere, martxoaren 26ra arte tinko jarraitu zuten euskal batailoiek bertan. Egun horretan, Euzko Indarrak, eta biharamunean Amayurkoek, etxera behin betiko buelta hartu zuten. Oviedo frankisten esku utzi zuten arren, ongi merezia zeukaten txandakatzea eta nolabaiteko atsedenaldia. Pazko astearen eta Aberri Egunaren bezpera zenez, ekitaldi ugari zeuzkaten Bilbon ospatzeko. Baina fronte gerra ere, ziurrenik, pentsatzen zutena baino askoz gertuago zegoen, hil horretako azken egunean, martxoaren 31n, Mola jeneralak Bizkaiaren aurkako erasoaldia hasi zuelako. Hortaz, laster mendebaldeko frontetik ekialdeko lubakietara joan beharko zuten, Euskadi autonomoaren defentsan, behin betiko gudaldiak burutzera. Nolanahi, Asturiasko frontean egondako Julio Ugartek idatzi zuen legez, bizirik bueltatu ziren gudarien bihotzean herrialde hori eta Nalon ibaia arantzarik mingarriena bihurtu ziren hortik aurrera.
Alvaro Hilario Pérez De San Román
Hasiera batean igeltsero izan zen Alberto Spagnolo, eta aita eta anaiarekin lanean zegoela sartu zen San Isidroko katedralean. Argentina diktaduratik irteten ari zen, eta Spagnolok, katedraleko arkitekturak liluratuta, seminarioan sartzea erabaki zuen. Bertan, Hirugarren Munduan lanean ari ziren apaizak eta askapenerako teologia ezagutu zituen, ezkerreko pentsamenduetarantz eramango zutenak. 1995ean, Solano herriko Nuestra Señora de Las Lágrimas elizara bidali zuten abade. Garai hartan, hasiberria zen Carlos Menem presidente peronistaren bigarren agintaldia eta eredu liberalak eta pribatizazioek guztiz txikitu zuten Argentinako industria, langabezia tasak igoaz. Bere hitzetan, «ez zegoen horiek oztopa zitzakeenik. Diru errazaren kultura eta sindikalismoaren kolaborazioa protestari gailendu zitzaizkion. Urte haietan oso indartsua zen Denok Aberriaren Alde Mugimendua (MTP) eta azpiegitura eta gaitasun handiko jendea zuen, baina Gorriaran Merlo iritsi zenean, joera militaristak nagusitu ziren. 1988ko abenduan, militarrak matxinatu zirenean, jendearen erantzuna berehalakoa izan zen: kalera atera eta kasernak edo koartel militarrak inguratu zituzten. Hurrengo urtean, Gorriaranek pentsatu zuen beste eraso bat eginez antzeko egoera eragingo zuela eta La Tabladako kuartela erasotzea erabaki zuen». Erasoak, ordea, kale egin zuen eta errepresioak ezker berri hura deuseztatu zuen. Menemek ez zuen inongo oztoporik izan bere politika garatzeko.
1996an, langabezia tasa izugarria zen. «Egoera ikusita, zer egin zitekeen pentsatzeko bilerak egiten hasi ginen Solanoko auzokideok; jendearen arteko lokarriak berpiztu ziren, sareak eraiki genituen. Lana, osasuna, jakiak... Horiek guztiak faltan genituen. Horrela jaio zen, 1997an, Solanoko Behargin Langabetuen Mugimendua» (MTD). Buenos Aires probintziako gobernadoreak, Eduardo Duhalde peronistak, protesta asetzeko eta jauntxokeria sustatzeko, Plan Trabajar izeneko 50 euroko diru laguntza urriak asmatu zituen. «Beste talde askorekin hitz egin genuen; planak onartzea eskupekoa hartzea zela esan ziguten, 600 pesoko (200 euro) herri soldataren aldeko borroka garatu behar genuela. Harekin ados egon arren, zelan lortu? Legebiltzarrera joanez? Sinadurak bilduz? Esan genien helburu handiak erdiesteko funtsezkoa zela talde indartsuak sortzea. Borroka, helburua baino, tresna genuen. Diru laguntzak eskuratzeko borrokan, helburu handiagoak lortzeko prestatuko genuen gure burua». Oso denbora gutxian, Argentinan borroka haiek orokortu egin ziren. Errepideak moztea zuten ezaugarri nagusi: errepideak moztuz itotzen zuten Argentinako ekonomia. Tresna hartaz baliatuz, jakiak ez ezik, piketeroek diru laguntzak kudeatzea ere lortu zuten.
Batzarrak parrokian
«Parrokian egiten genituen bilerak -azaldu du Spagnolok-. Pena zen leku handi hura ez erabiltzea. Horrela, etxe barik ziren bost familiek ere aterpe hartu zuten eliza. Duhalderentzat onartezina zen bere menpe zegoen parrokia batean -bera baitzen Elizari sosak ematen zizkiona, Elizak bere lan soziala zeukan- bere politikaren kontrako piketeak antolatzea. Geu ateratzeko presionatu zuen Novak gotzaina eta inolako azalpenik eman gabe, alde egin behar genuela esan zidan Novakek. Solanoko batzarrak gotzaina bera joan zedila eskatu zuen» eta parrokiak bi urtez okupatuta jarraitu zuen. 2000ko ekainaren 22an, Farrel gotzaina eta abade berria agertu ziren, meza emateko jantzita eta Buenos Aireseko poliziak lagundurik. Haiek hustu arazi zuten Nuestra Señora de las Lágrimas. Spagnolo ez zen gehiago abade izango. Bitartean, krisialdi ekonomikoa areagotzen zen heinean, handiagoa zen talde piketeroen protagonismoa. Spagnolo ezaguna egin zen urte haietan, kazetarientzat piketero bitxia baitzen. Abade piketeroa, abade anarkista eta bestelako ezizenak ipini zizkioten prentsakoek. Solanon, bitartean, talde piketeroen hazkundea etengabekoa zen.
2001eko abenduko El Argentinazo matxinadaren ostean, krisialdiak eraginda, piketeroei erdi mailako klasekoak gehitu zitzaizkien. Legebilzarrak presidente izendatutako Duhalderen Gobernuarentzat egoera zaila zen: Nazioarteko Moneta Funtsak (NMF) 2002ko aurrekonturako aurreikusitako 8.000 pesoko egokitzea aurrera ateratzea ezinezkoa zen protesta guztiak bateratuz gero. 2002ko ekainean, piketeroak Pueyrredón zubia moztera zihoazela, poliziaren errepresioak bi hildako eragin zituen. Eskandaluak Duhalde hauteskundeak aurreratzera behartu bazuen ere, kolpea emanda zegoen eta beldurra zabalduta. Hurrengo presidente Nestor Carlos Kirchnerrek egoera baretzeko hainbat bide erabili zituen arren, bide erdia Duhaldek egina zuen.
«Kirchner azkarra izan da -dio Spagnolok-, aurrea hartu du eta estatuak berriz bere lekua hartzea lortu du, bide asko erabiliz, besteak beste goseaz eta beharraz baliatuz. Taldeei diru laguntzak eta bestelako onura materialak eskaintzeaz gain, botere eremuak emanez ere talde asko bereganatzen jakin du». Protesta mugimenduen inguruan dio lana, gosea eta horrelako behar zehatzek sortutako taldeak zirela, jende arruntak osatuak: «Ez ziren, alderdi askok pentsatu bezala, abangoardia iraultzaile berria. Estatuak berak hainbat behar asetzeko ardura hartuko balu, lekuz kanpo geratuko lirateke, bitartekaritza lana baino ez baitute egiten, estatuak ematen duena banatzen dute eta horrek estatuari ez dio kalterik egiten, mesede baizik».
Kapitalismotik aldenduz
Solanon ere gauzak aldatu egin dira; 1.800 pertsonez osatutako taldeak 200 kide ditu orain. «Bagenekien hainbat gauza lortu ostean talde txikiak besterik ez zirela geratuko. Erronka beti izan dugu kapitalismoak dakartzan ereduak ez errepikatzea. Apurketa, haustura, askatasuna esperimentatzea gogorra da. Bada aspaldidanik datorkigun pentsamoldea: ahalik eta ahalegin gutxiena eginez, ahalik eta atarramendu gehien lortzea. Gizakia berez ez da gaiztoa, baina izaera horri buelta emateko oso aldaketa handia egin behar da eta badira egiteko gai ez direnak, edo egin nahi ez dutenak. Askatasunean bizitzea norberak desiratu behar du eta ezin da inor behartu desiratu ez duena egitera, horrek autoritarismoa erabiltzera bultzatuko gintuzke eta guk bakoitzak nahi duena egitea nahiago izan dugu, baina argi dago sistemaren tresneria erabiliz ezin dela gizarte berririk sortu».
Zenbait talde piketero Kirchnerren alde kokatu dira. Hego Amerikan sortzen ari diren gobernu «aurrerakoien» artean ere kokatzen dute Kirchnerrena. «Lehenengo eta behin -argitu du Spagnolok-, bizi baldintza hobeagoak ekarri dituen arren, argi izan behar dugu betiko ondasunen banaketa bera daukagula. Talde askoren ustez, indarrak metatzeko momentua da, aurrera segitzeko baldintza materialak metatzeko momentua. Baina boterearekin bat egiten ez dugun heinean, baztertuta gaude: hobekuntza materialak lortzeko zirkulutik at gaude. Aldi berean, zerbait berria egiteari eta haustura esperimentatzeari eusteko gai izaten jarraitzen dugu. Arriskutsua da besteek ikusten ez dutena ikustea; oraingoa ez da etorkizuna, hau ez da herri gobernua. Zapatistek berdin egin dute, hau ezkerra ez dela esanez, horrela bakartuta geratu diren arren. Orduan, sektarioak eta dogmatikoak garela esaten digute. Guk, egiten dugun guztia ikuskatzen jarraitzen dugu, ondo egin duguna jakiteko eta kapitalismoaren sareetan erortzen ez diren politikak garatu ahal izateko».