Jon Torner
Jose Sacristan aktoreak irekiko ditu Eibarko Antzerki Jardunaldiak
Jose Sacristan eta Ana Labordeta aktoreek eskainitako Un Picasso obrak emango die hasiera Eibarko XXX. Antzerki Jardunaldiei, hilaren 27an. Bezperan, Jose Sacristan berak El juego eterno izeneko hitzaldia emango du Portale kultur etxean. Aurten 17 taldek parte hartuko dute Eibarko Jardunaldietan, horien artean Txalo, Tanttaka, Antzerkiola Imaginarioa eta Tartean euskal konpainiek. Jardunaldien baitan, antzerkiarekin estuki lotuta dauden filmak proiektatuko dituzte eta hilaren 21ean, Unzaga Plazan eta Toribio Etxeberria kalean giza irudien erakustaldia egingo da. Antzerki Jardunaldiak martxoaren 3an amaituko dira.
Klasikoen Gordailuan hobekuntzak egin ditu Susa argitaletxeak
Susa argitaletxeak Klasikoen Gordailua jarri zuen abian 2005ean, euskararen altxor idatzia biltzeko asmoz. Lehen urtean 200 liburu sartu zituzten. Egun, 374 daude. Testuak sareratzearekin batera jarri zuten abian corpus arakatzailea ere. Orduan, 200 liburu haietako testuak sartu zituzten corpusean. Orain, bigarren fasean, gainerako 174 liburuetako testuak sartu dituzte. Baina horrez gain, hemendik aurrera gehitutako testuak automatikoki corpusari erantsiko dizkion tresna informatikoa jarri dute abian. Klasikoen Gordailua:
http://klasikoak.armiarma.com.
Ufaka zanpaka ikuskizun «eroa» estreinatuko dute Uztaritzen
Burrunka taldeak gaitaren doinuak, perkusioa, mitologia, antzerkia eta dantza uztartuko dituen Ufaka zanpaka ikuskizuna estreinatuko du otsailaren 17an Uztaritzeko Kiroleta aretoan, Hartzaro jaialdiaren baitan. Musika Beńat Amorenak landu du eta koreografiak Izartxo dantza taldeko Jose Casaubon eta Ainhoa Labeyriek. Hain justu, talde horretako hogei dantzarik parte hartuko dute Ufaka zanpakan. Hartzaro jaialdia otsailaren 16tik 20ra bitartean egingo da. Ohi bezala, hamaikagarren edizio honetan ere inauterien tradizioak -«izaera eroak»- eta sorkuntza berriek bat egingo dute Uztaritzen, eta Ufaka zanpaka horren adibide da. Lau egunez hamaika kontzertu eta kale-ikuskizun izango da herriko auzo guztietan.
VLC programa euskaratzen
Info 7 irratiak eta Librezale.org web guneak VLC Media Player programa euskaratzeko deialdia egin dute. Programa horrek audio eta bideo formatu guztietako fitxategiak irakurtzen ditu, edozein sistema eragilerekin dabil eta software librekoa da. VLC euskaratzen lagundu nahi duenak
www.librezale.org:8080/eu/vlc helbidean izena ematea besterik ez dauka.
Victoria Eugenia eraberrituta
Ekitaldiz betetako egitarauarekin hasiko du ibilbide berria Donostiako Victoria Eugenia antzokiak. Sei urtez birgaitze eta eraberritze lanengatik itxita egon ondoren, martxoaren 1ean irekiko dute berriro. Hamaika eguneko inaugurazio berezia eskainiko dute.
Amaia Aierdi iruindarrak irabazi du Euskara Kultur Elkargoak (EKE) eta Pamiela argitaletxeak antolatutako I. Mikro Ipuinen Saria. Lehiaketa horretan Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek hartu dute parte. Orotara 110 ipuin aurkeztu dituzte eta parte-hartze eta maila handia ikusita, lehiaketa berriro antolatzea erabaki dute EKEk eta Pamielak.
Teatro Paraiso taldeak Bremengo musikariak obraren euskarazko bertsioa estreinatuko du hilaren 17an Zornotza Aretoan. Gaztetxoei zuzendutako antzezlan honetan Italiako Accademia Perduta / Romagna Teatre konpainiarekin aritu da Teatro Paraiso elkarlanean.
Oskar Aranak Paul Austerren Travels in the Scriptorium eleberria euskaratu du. Alberdania argitaletxeak kaleratu du Bidaiak scriptoriumean zehar izenburupean.
Txuma Murugarrenek eta Julen Gabiriak Mathilde maitatzeko moduak ikuskizuna estreinatuko dute hilaren 15ean Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean. Murugarrenek hainbat kantu eskainiko ditu Rafa Aceves eta Natxo Beltran musikarien laguntzarekin. Kantuen artean istorio bat kontatuko du Julen Gabiriak.
Karen Amaia artista alemaniarrak Gasteizko Ignacio Aldecoa kultur etxean jarri ditu ikusgai bere argazkiak, Irudizko paisaiak izeneko erakusketan. Barazki eta fruituak nahastuz, alegiazko paisaiak osatu ditu Amaiak. Bere irudietan tipula eguzki bihurtzen da, platanoa eta limoia ilargi, mahats eta piperrak zuhaitz, pikuak sumendi, patatak harkaitz, lekak itsaso, madari eta sandiak mendi, azenarioa belar... Erakusketa bitxi hau martxoaren 3a arte izango da zabalik.
Luis Haranburu Altunak El Diario Vascon: «Ez zara jelkidea, ez zara ohiko abertzalea, eta markatuta gelditzen zara. Herri hau txikia da, komunikabide exkaxak ditu, eta hemen egiten den kritika literarioa oso mugatua da eta, horrez gain, oso sektarioa. Ondorioz, zu ez zara, eta kitto».
Jon Anduezak Berrian: «Ez dut neure burua Madrilen ikusten. Kontrakoa: ez dut ikusten neure burua ezta Donostian ere! Ez nioke arima deabruari salduko zinema egiteagatik. Ez da nire helburu bakarra; helburuetako bat da. Etortzen bada, fenomeno! Eta ez badugu atea zabaltzea lortzen, topatuko dugu beste zirrikituren bat! Ezin zara bizitza guztia etsita egon, lortu ez duzulako burua hormaren kontra jotzen, ez?».
Antton Olariagak Nabarra aldizkarian: «Komertzialki errentagarria egiteko nobela grafikoa terminoa sortu da. Horrekin literaturari hurbilketa egiten zaio, eta gainera grafiko terminoarekin irudiaren munduari keinua egiten zaio. Komertziala da, baina ni baliatuko naiz horretaz hori aldarrikatzeko eta hortaz hitz egiteko. Azken finean, komikia horren da termino aberatsa, ezen denari eusten dio».