Itsaso Ibarra
1982ko apirilaren 5ean hasi ziren musikariak notak afinatzen eta ekainaren 24an eskaini zuten Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideek lehendabiziko kontzertua Irungo Junkal elizan. Ordutik 25 urte igaro dira eta aurten hainbat ekitaldi egingo dituzte urteurrena ospatzeko.
«Tradizio sinfonikoa edo orkestrarako tradizioa ahaztua zegoen eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa iristearekin badirudi hori berpiztu egin zela». Hala dio Ińigo Alberdi EOSeko zuzendari nagusiak eta datuek ere hala erakusten dute: orkestraren lehen abonu denboraldiak 250 harpidedun izan zituen; egun, abonatu zikloak 7.000 jarraitzaile ditu.
Europako hainbat herrialdetan orkestrek mendeetako ohitura dute eta 200 urte dituztenak ere badira. Beraz, horrelako tradizioan 25 urte ez dira asko. «Gu orkestra gaztea gara. Gaztea baina heldua. Sendotasuna daukan proiektua da gurea. Gazteak gara, umeak ez. Heldutasuna duen proiektu kontsolidatua da, musikalki kalitatezkoa eta gizartean presentzia handia daukana», azaldu du Alberdik.
25 urte hauetan emandako aldaketa handia izan da. Hiru egoitza izan ditu orkestra sinfonikoak, hirurak Donostian. Lehendabiziko hilabeteak Miramar Jauregian igaro zituzten eta gero Arte Ederren egoitzara aldatu ziren. 1989an sartu ziren egun etxea duten Miramongo egoitzan. Kontzertuak emateko lekuak ere aldatu dira urte hauetan. Hasieran antzokietan izaten ziren EOSen emanaldiak. Orain berriz, musika saioetarako bereziki egokituriko auditorioak dituzte; besteak beste, Kursaal (Donostia), Euskalduna (Bilbo) eta Baluarte (Iruńea) aretoak. Musikarien aldetik ere geroz eta gehiago dira plaza lortzen duten euskal herritarrak: «Euskal Herrian azken urteetan hobekuntza handia eman da, eta horren erakusle dira orkestran sartzen diren musikari gazteen zati bat bertakoak izatea», dio Alberdik. Orkestra 90 musikarik osatzen dute, horietatik herena Euskal Herrikoak dira eta beste bi herenak atzerritarrak.
%92ko okupazioa
Entzule asko ditu orkestra sinfonikoak: eskaintzen dituen kontzertuetan %92ko okupazioa lortzen du. Musika klasikoa beti lotu izan da entzule elitistekin baina hori ere aldatuz doala uste du Ińigo Alberdik: «Ezagutzen ez duenarentzako musikak badu nolabaiteko anbar kutsua. Baina hori ez da horrela. Badaude musikaren inguruan errito batzuk arkaikoak direnak. Musika beste kultur ekintza bat da, aisialdirako beste aukera bat». Nahiz eta musika klasikoa entzuteko ohitura zabalduagoa izan, entzule berriengana hurbiltzeko bidean errepertorioan estilo berriak sartzeak badu garrantzia: «Orkestra batek musikaren ondare unibertsaleko obrak jotzen ditu eta jo behar ditu, baina gaur egungo sorkuntza eta euskal konpositoreen lana ahaztu gabe, eta zergatik ez, musika klasikotik kanpo dagoen musikaren moldaketa baztertu gabe».
Denboraldi bakoitzean obra berri asko sartzen dituzte eta musika aukeratzerakoan beti hautatzen dituzte euskal konpositoreen obrak. Aurten, Francisco Escuderoren Gernika opera grabatuko dute azaroan lehendabizikoz. «XX. mendeko euskal musikaren barruan obra nagusienetarikoa da», azaldu du zuzendariak.
Urteko programazioa erabakitzerakoan beti izaten dute eragina musikarien urteurrenek. «25 urte ez dira gehiegi eta gauza asko ditugu egiteke. Egile askoren obrak ez dira jotzen, arlo zabala dugu ezagutzeke baita euskal konpositoreen artean ere», dio Alberdik.
Gazteei begira
Heldutasuna duen orkestra gaztea da EOS eta entzule gazteenen bila abiatuko da aurten urteurrena ospatzeko. «Guztion urteurrena» dela adierazi dute behin eta berriz orkestrako kideek eta hala gizartearengana hurbiltzea dute helburu aurtengo denboraldian. Urtero hegoaldeko lau hiriburuetan, Bilbo, Gasteiz, Iruńea eta Donostian eskaintzen dituzte abonu denboraldiko kontzertuak. Aurten horiek amaitzean, ekainean, ganbera talde txikietan banatuko da orkestra Euskal Herriko hainbat herritan kontzertuak eskaintzeko eta hala, normalean iristen ez den tokietara ailegatzeko. «Orkestra zerbitzu publikoa da, denek ordaintzen duguna eta jendeak ezagutzea nahi dugu. Gainera, horrela entzule aldetik aniztasuna lortzeko aukera ikusten dugu», adierazi du Alberdik.
Entzule berriengana heltzeko antolaturiko ekintzen artean, gehienak etxeko gazteenei begira prestatu dituzte. Batetik, Tempo di Martxa! autobusa ibiliko da ikastetxeetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoa haurrei gerturatuz. Musikariek Donostiako egoitzan egin ohi dituzte entseguak eta kontzertuetara joateko autobusean ibili ohi dira alde batetik bestera. «Autobusa orkestraren instrumentu bat gehiago da. Horregatik zentratu dugu Tempo di martxa! autobus batean», adierazi du zuzendariak. Autobusa musika gela bat izango da eta bertan 10 eta 12 urte bitarteko haurrek musika klasikoa nahiz garaikidea eta euskal konpositoreen lanak ezagutzeko aukera izango dute.
Txotxongiloek eta ipuinek ere izango dute tarterik haurrei zuzenduriko ekintzen artean. Batetik, kontu kontari liburu eta CDa argitaratuko du orkestrak Serge Prokofievenen Peru eta Otsoa eta Camille Saint-Saënsen Animalien ihauteria narrazio musikalak jasoz. Bestalde, Shakespearen Romeo eta Julieta obraren egokitzapena eskainiko du Per Poc txotxongilo taldeak. Azkenik, TVEko El conciertazo, haurrei zuzenduriko musika klasikoko saioaren hainbat programa grabatuko dituzte Juan Jose Oconen zuzendaritzapean.
Enbaxadore lanetan
Gazteei begira prestaturiko ekintzez gain aurtengo kontzertuen artean Hego Amerikara egingo duten bira aipatu du zuzendari nagusiak. Bere hitzetan, «orkestraren nazioarteko presentzia garrantzitsua da. Euskal herriko enbaxadore sentitzen gara, ez dakit hala garen baina hala sentitzen gara, eta alor horretan bira egingo dugu». Sortu zenetik helburutzat izan du orkestrak euskal kulturaren enbaxadore izatea eta nazioarte mailan present egotea. Europako hainbat lurraldetan kontzertuak eskaini dituzte eta besteak beste, Alemanian, Britainia Handian eta Austrian izan dira. Hego Amerikan berriz, 2000. urtean izan ziren azkenekoz eta aurten berriro itzuliko dira hainbat kontzertu eskaintzeko. Brasilen, Uruguayn eta Argentinan izango da orkestra.
Pilar Iparragirre
Zein da Austerren azken lanaren berezitasuna?
Behin, birritan eta hirutan irakur daitekeen liburua dela. Istorio dentsoa da. Irudi literario bat egin beharko banu, bada, Brooklyngo erokeriak jatordu oparo samar eta atsegina baldin bazen, hau arratsalde erdian hartzen duzun kafe motz baina zaporetsua da; gero afalordura arte aho sabaian gustua uzten dizun kafe hori da liburua, gogoeta ugari egiteko bidea ematen duelako.
Zer-nolako gogoetak?
Badago, nire ustez, gogoeta oso polit bat zahartzaroari buruz; badago ere gogoeta oso sakon bat idazlearen eta kontatzailearen ofizioari buruz; beste bat krudelkeriari buruz da... eta hainbat eta hainbat irakurketa gehiago onartzen ditu liburu honek
Itzultzaile bezala, zer azpimarratuko zenuke?
Ahalik eta leialen izatea da literatur lan batek itzultzaileari egiten dion eskakizun handiena. Paul Austerren lan honek baditu bi kontaera molde-edo: bata istorio nagusikoa, eta bestea halako leku atenporal batean kokatzen dena, askoz estilo klasikoagoan idatzia. Badira hor bi istorio, bi hizkuntza molde bezala. Pertsona zahar baten istorioa da. Gela oso soil batean agertzen da, nor den ere ez dakiela; eta nor ote den oroitzeko saioan gela horretan egiten dituen harat-honaten bilduma da kontakizun nagusia. Horregatik deitzen da Bidaiak scriptoriumean zehar. Tratamendu antzeko bat utzi diote gizonari, eta agindutako eginkizunen barruan dago gelan dauden argazki batzuk begiratzea eta eskuizkribu batzuk leitzea. Eta hain zuzen eskuizkribu horietako batean dago beste istorioa.
Bidaiak scriptoriumean zehar
Paul Auster
Alberdania
144 orrialde
16 euro
Buruak behar bezala erantzuten ez digunean
Brooklyngo erokeriak eleberriarekin bezala, Alberdania argitaletxeak Paul Auster idazle estatubatuarraren azken lana euskaraz kaleratzea lortu du gaztelaniazko, katalanezko, gailegozko eta frantsesezko bertsioekin batera. Bidaiak scriptoriumean zehar izenburuko nobela hau, aurrekoa bezala, Oskar Aranak euskaratu du. Adinean aurrera joandako gizon bati gertatu zaion ezbeharra agertzen da eleberrian. Gizon hori zehaztugabeko eraikin bateko gelan aurkituko du irakurleak, non dagoen eta nor den ez dakiela. Giltzapean ote dago? Ala bizi guztia bertan emana du? Leiho bat du gelak, sareta batek estalia ordea, eta gizonak gogoratzen duenaren arabera, ez du inoiz leihotik kanpora begiratu ahal izan. Bestalde, atea giltzaz itxirik ote dago? Ikertzeke dauzka kontu horiek, hori egiteko unean gogoa beste nonbait duelako beti, haurtzaroko oroimenetan galdua. Enigma asko dauzka argitzeko, eta tratamendua deitzen dioten horrekin pozoitzen ari zaizkiola uste du. Emeki-emeki bere buruaz baliatzeko ahalmena osten ari zaizkiolakoan dago. Bera nor den argitzeko, jasotzen dituen bisitak eta oroimena pizteko baliagarri argazkiak eta izkribu moduko orri mordoa baino ez ditu.
Aizpea Amas
Zine industriaren negozioan sartzea oso zaila da. Dirua, prestigioa, fama... oso urrun geratzen zaizkigu. Baina jende askori ez zaio bere lanak egin eta lau haizetara zabaltzeko gogorik falta, zinema industria baino askoz gehiago dela erakutsi nahian.
Laburren krisia
Urte askoan laburren mundua bigarren mailakoa izan da, film luzeen itzalpean. Hollywoodeko ekoiztetxe handiek daukate monopolioa eta zinemetan ez dugu film komertzialik besterik ikusten. Pelikula luzeen inguruan sortu den industria oso indartsua da eta oso errotuta dago gizartean. Panorama horren aurrean film laburren munduak bizirautea oso zaila du. Produkzioak egoera honetara ohitu eta irtenbide berriak bilatu behar izan ditu. Film luzeen industria monopolistarekin lehiatzerik ez duten arren, laburrek beren txokoa bilatu dute gure artean, beren ezaugarri propioak indartuz. Azken finean, David Lynchek esaten zuen bezala «irudi pobre bat daukazunean amets egiteko espazio handiagoa aurkitzen duzu».
Internetek ematen dituen aukerak
Gaur egun gauzak aldatu egin dira ikus entzunezkoentzat, eta onerako gainera. Alde batetik filmen produkzio eta postprodukziorako teknologia berriak edonorentzat eskuragarri bihurtu direlako, eta bestetik zinemaldiek etxeko egileei beren lanak erakusteko ateak ireki dizkietelako.
Gainera sareak aukera berriak eskaini ditu: blogak, podcastingak, videocastingak... Sorkuntza esku gutxitan egotetik edonork testu edo bideo bat egin eta segundo batzuetan munduko edozein txokotara bidali ahal izatera pasa gara.
Aldaketa horiei esker, laburrek Interneten aurkitu dute beren tokia: pisu eta denbora gutxiko lanak direnez errazagoa da deskargatu eta eskegitzea, eta proiekzio handia daukate. Sareak ematen dituen aukerak aprobetxatuz, sorkuntza berpiztu eta egileen motibazioa sustatzeko hainbat lehiaketa agertu dira. Beraz, inoiz baino errazagoa da lanak egitea, erakustea eta horretarako motibazioa edukitzea. Hiru elementu horiek uztartzen ditu Nontzeberrik Euskal Herriko ekoizpenak sustatzeko.
Zer du Nontzeberrik?
Nontzeberri kulturaren inguruko aldizkari digitala da. Musika, artea, literatura eta ikus entzunezkoak lantzen dituzte besteak beste. Erabiltzaileek beren lanak jar ditzakete bisitariaren eskura: kantak, argazkiak eta filmak esate baterako. Ikus entzunezkoek garrantzi berezia dute web gunean, bi lehiaketari esker: animazio digitaleko Nontzeflash eta benetazko irudiz osatutako lanen Nontzefilm. Parte hartzea librea, doakoa eta mundu mailakoa da eta parte hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkez ditzake. Horregatik hiru hizkuntzatan aurkituko dugu web gunea: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Nontzeberriko arduradun Lutxo Egiaren ustez «horrelako lehiaketa bat eginez gero nekez mugatu ahal ginen euskarara». Hogeita hamar herrialde baino gehiagotatik jasotzen dituzte lanak eta beharrezkoa zen gutxienez beste bi hizkuntza sartzea. Bide batez, «euskara prestigiatzeko modu bat izan da», mundura euskaratik egin baitute salto.
Nontzefilmen irudi errealez eginiko film laburrek parte har dezakete. Lehiaketaren egitura nahiko finkatua dagoen seinale, aurten Euskal Herriko Unibertsitateko film onena saria izan da nobedade bakarra. Unibertsitatearekin akordio batera iritsi dira eta «eurek ere ahalegina egin dute Nontzefilmen sari bat jarriz» dio Egiak.
Nontzeflashek berriz, bere laugarren edizioa beteko du aurten eta animazioan eginiko filmak ditu protagonista. Bi kasuetan helburuak mantendu egin dira. «Guretzat garrantzitsuena leiho bat zabaltzea da» Egiaren esanetan.
Nontzefilm eta Nontzeflashera aurkeztu diren lanik onenak FANTen (Bilboko Zinemaldi Fantastikoan) erakutsiko dituzte ondoren. Nontzeberriko pelikulen erakustaldiak hiru urte daramatza jaialdi horretan eta bertako «saiorik arrakastatsuena» dela dio Lutxo Egiak. «Aretoa gainezka egon izan da eta gure lanek oso harrera ona izan dute pantaila handian». Bi lehiaketen arrakasta ikus-entzuleengan eta parte hartzaileen artean antzeman da. Iaz 300 film labur baino gehiago jaso zituzten bi lehiaketen artean: animazioan 173 eta fikzioan 164.
Nola irabazi?
Nontzefilm eta Nontzeflasheko epaimahaia antolatzaileek aukeratutako ikus-entzunezko arloko hiru adituk osatuko dute. Lutxo Egiak aipatu digunez, «normalean ez dugu argitaratzen nortzuk izaten diren», baina aurreko edizioetan Ernesto del Rio Zinebiko zuzendaria eta jaialdi horretako beste langile batzuk izan ziren epaimahaikide. Epaileek film bat saritzeko erabitzen dituzten irizpideen artean orijinaltasuna eta kalitatea daude. Orijinaltasuna garrantzitsua izaten da: «ohituta gaude film asko ikusten eta film batek harritzen zaituenean...». Bigarren irizpideari dagokionez, Egiak iaz epaimahaikideek kalitate tekniko oso onekoa ez zen lan bat saritu zutela azaldu du: «lehiaketa amateurra dela esaten dugunean hori guztia kontutan hartzen dugu».
Filmetatik bizitzea oso zaila den arren lehiaketek sari potoloak lortzeko aukera ematen dute eta diru horrekin beste proiektu bat egin dezakete zinegileek. Horretarako ordea, irabazi egin behar. Hala ere, Egiaren hitzak hartuz, «leiho bat zabaltzea» behintzat lortu du Nontzeberrik. Ez da gutxi.