Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2007-02-18 -- 2076.zenb

Jon Gonzalo

Euskara planak landu eta ebaluatu, langileak euskaldundu, merkataritzako errotuloak euskaratu... UEMAk urtero egin ohi dituen lanak dira horiek, euskararen normalkuntzarako behar-beharrezkoak. Ohiko lan horiez gain, ordea, aurtengo urterako beste bi helburu finkatu dituzte: etorkinen gaineko euskara planaren diseinua eta udal hauteskundeen ondoren, UEMAko aginte organoen demokratizazioa. Kontxi Gabantxo UEMAko lehendakariak hala esan digu: «Euskal Herrian, Europako beste hainbat herrialdetan bezala, gero eta etorkin gehiago daude, eta UEMAn konturatu gara euskararen normalizaziorako oso garrantzitsua dela beraien euskalduntzea. Iazko abenduan gai horri buruzko jardunaldiak egin genituen, eta Kataluniak gai horretan duen politika aztertu genuen. Ildo bera jarraituz, gure herrietan plan integrala martxan jartzea erabaki dugu». Kataluniako Generalitateak orain dela urte batzuk etorkinentzat martxan jarri duen plan bereziak helburu garbia du: etorkinen harremanetarako hizkuntza katalana izatea. Horretarako beharrezkoa da etorkinekin komunikazio eraginkorra bermatzea, informazioetara eta zerbitzu publikoetara berdintasunez irits daitezen bideak erraztea eta beraien autonomia, kultura eta hizkuntza errespetatzea. Hori lortzeko etorkinen beharrizanei aurreratzen saiatzen dira, material eleanitza eskaintzen dute, etorkinei harrera egiteko protokoloa prestatu dute eta itzulpen zerbitzuak eskaintzen dituzte.

Halaber, aurtengo beste erronka hauteskundeen ostean, UEMAko aginte organoak modu demokratikoan eta normaltasun osoz aukeratu ahal izatea da. UEMAko kide diren udal batzuetan hauteskundeak irabazi zituzten plataformak ez legezkotzat jo zituzten eta oraindik orain gestorek dute udalen ardura. Beste batzuetan, berriz, ez legezko izendatu zituzten plataformetako kideek ezin izan dute zinegotzi lanetan aritu eta horrek arazoak sortu ditu udalbatzarretan. Horregatik guztiagatik, Kontxi Gabantxoren esanetan, «gaur egun indarrean dagoen alderdien legeak UEMAren funtzionamendua baldintzatzen du, eta hauteskundeen ostean egoera hau aldatzea onuragarria litzateke».


UEMAk 16 urte

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea 1991. urtean sortu zen, eta geroztik Euskal Herriko hainbat udalerritan euskararen egoera normalizatzeko lanean aritu da. Bi xede ditu UEMAk: bata, udalerri euskaldunetan herritarrek euren bizitza sozial, publiko eta pribatua euskaraz egin ahal izatea; bestea, Euskal Herriko udalerri euskaldunak bat egin eta euskara nagusi izango den lurgunea osatzea. Kontxi Gabantxo UEMAko lehendakariaren ustez, mankomunitateak sorreratik egin duen lana oso garrantzitsua izan da: «Administrazio publikoak mendeetan erdaraz funtzionatu arren, urte hauetan gauza izan gara egoera hori irauli eta euskaraz funtzionatzen jartzeko; hau da, euskara lan hizkuntza bihurtzeko. Euskararen kalitateak hobera egin du: inprimakiak, dokumentuak, baimenak... gaztelaniazkoak baino ulergarriagoak eta errazagoak dira hizkuntza aldetik. Gainontzeko administrazioaren aurrean eredu eta akuilua izan da mankomunitateak egindako lana».

UEMAk euskaraz funtzionatzeko eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko euskara erabilera planak eta ebaluazioak egiten ditu hiru urterik behin. Horrekin batera honakoak ere lantzen dituzte: langileak trebatu, euskarazko materiala prestatu, profesional euskaldunak topatu, merkatarien errotulazioa euskaldundu, euskal kultur produkzioa bultzatu, bertako artistak promozionatu...

50 udalerrik osatzen dute gaur egun mankomunitatea, baina atea zabalik dago UEMAko kide izan nahi duten udalentzat. Bete beharreko baldintza bakarrak bi dira: udalerriko herritarren %70 baino gehiago euskalduna izatea eta euskaraz funtzionatzeko borondate politikoa. Kontxi Gabantxoren esanetan, «borondate politikoa oso garrantzitsua da, Euskal Herriko egoera politikoak UEMAren lana erabat baldintzatzen baitu. Orain arte lanerako izan ditugun zailtasun gehientsuenek jatorri politikoa dute. Espainiako justiziak, behin eta berriz, gure udalek hartu dituzten erabakien kontra egin du. Esate baterako, Ondarroa eta Lekeitio UEMAtik kanpo utzi zituen, mankomunitateko kide izateko hartu zuten erabakia ez legezkoa zela argudiatuz. Beraien esanetan, mankomunitateak zerbitzuak emateko dira, eta euskara ez dute zerbitzu bezala ulertzen. Beste alde batetik, alderdien legea ere ezin da ahaztu. Lege honek eragin handia izan du UEMAren funtzionamenduan, hainbat udaletan ezin izan baita arazoa gainditu».

Daniel Udalaitz

Pasa den martxoan, aldizkari honetan bertan adierazi genuen euskal siderurgia atzerriko multinazionalen esku geldituko zela. Artikuluari honako izenburua eman genion: Euskal siderurgia urakanaren begian. Hilabete batzuk geroago, aurreikuspen hori betetzen joan da. Euskal siderurgiaren zati handi bat Indiak eta Brasilek kontrolatzen dute; Indiako (Mittal Steel) eta Brasilgo (Gerdau) multinazionalek Arcelor talde europarra -Euskal Herrian lantegiak ditu- eta Sidenor eta GSB erosi izanari esker. Bi taldeen euskal lantegien erabaki guneak oso urruti daude gure herritik, beraz. Eta haien etorkizuna bi multinazionalen behar eta planen baitan egongo da. Euskal lurretako siderurgia lantegietako 10.000 lanpostu baino gehiago multinazional horien esku egongo dira hemendik aurrera.

Euskal siderurgia tradizionalean, oraingoz, altzairuzko hodien sektorea gelditzen da -Tubacex eta Tubos Reunidos, enpresa laguntzaile edo elkartuekin batera-, eta Euskal Herritik bertatik kontrolatzen da. Altzairu arruntaren sektorea, adibide nagusitzat Ezkerraldean dagoen Nervacero euskal lantegia duena, Celsa talde katalanaren esku dago duela urtebetetik. Hemen jarraitzen duten eta talde ezberdinekin harremanak dituzten isolatutako beste euskal enpresa batzuk ere badira; hala nola, Inox Olarra, Layde, Arania Bizkaian; Theis Araban; Perfinasa Nafarroan; Garay eta Chinchurreta Gipuzkoan.


Sidenortik Gerdaura GSBtik pasatuta

Une honetan, ia-ia bukatuta dago euskal altzairu berezien sektorearen kontzentrazio prozesua, eta Brasilgo Gerdau multinazionalaren eskuetara pasatu da. Duela urtebete hartu zuen Brasilgo multinazionalak Sidenor taldearen kontrola. Talde hori Euskal Herrian zeuden altzairu berezietako enpresen kontzentraziotik sortu zen (SA Echevarria, Aceros de Llodio, Olarra, Forjas Alavesas). Sidenor baino lehen, Aceralia eta Acenor talde publikoak izan ziren. Orduan, Bizkaiko altzairu berezien taldearekin, GSBrekin, kontzentratzeko saiakera egin zen, baina operazioak porrot egin zuen eta bakoitzak bere bideari jarraitu zion. 1995ean, pribatizatu zenean, Sidenor sortu zen, eta 11 milioi euro ordaindu ziren harengatik. Enpresaren buru EAJtik zetorren Sabino Arrieta egon zen. Duela urtebete enpresa multinazional brasildarrari saldu zion 443,8 milioi euroren truke. Sidenorrek 2.300 langile ditu euskal lantegietan eta Espainiar Estatuko gainerako lantegietan. Haren ekoizpenak 800.000 tona gainditzen ditu urtean.

Pasa den azaroan, Sidenor-Gerdau taldeak CIE Automotive-ren esku zegoen Azkoitia-Legazpiko GSB altzairua erosiko zuela esan zen. Operazioa 125 milioi euro kostatu da eta urte berri honetan Brasilgo multinazionalak kudeatu eta kontrolatzen du Azkoitiko altzairu berezien enpresa. Horrela ixten da euskal altzairu berezien sektorearen kontzentrazio prozesua. Ez da ahaztu behar sektore honek Espainiar Estatuan dituen lantegi gehienak euskal lurretan daudela. GSB altzairua 1993an sortu zen Azkoitiko Acerías y Forjas (Aforasa) eta Patricio Echeverria Aceros enpresek bat eginda. Lantegiak ditu Azkoitian eta Legazpin; bertan, 700 pertsona inguruk egiten dute lan, eta 200.000 tona inguru altzairu berezi ekoizten ditu urtean. Sindikatuek kezka adierazi dute, lantegien eta lanpostuen mantenua dela-eta.


Indiako multinazionalak Arcelor kontrolatzen du

Europako Arcelor taldea, Euskal Herrian hamaika lantegi dituena eta 4.000 pertsona baino gehiagori lana ematen diena, Mittal Steel Indiako multinazionalaren kontrolpean gelditu da. Honek Herbehereetan du egoitza, eta duela urtebete EEP (OPA) areriotsua egin zuen Europako taldearen aurka; ondorioz, Arcelorren ia %100 kontrolatzen du. Arcelor 2002an Aceraliak (Espainiar Estatua) Usinor-ek (Frantzia) eta Arbed-ek (Luxenburgo) bat egitearen ondorio da.

Arcelorrek Euskal Herrian dituen lantegiak honakoak dira: ACB (AHVren ordezkoa) eta Aceralia-Planos, Bizkaian; Esteban Orbegozo, Marcial Ucin, Olabarria-Aristrain, AHB-Aristrain eta Mallas Ucin, Gipuzkoan; Aceralia-Laminación eta Aceralia-Construcción, Nafarroan; Acería del Atlántico eta ADA, Lapurdin. Azken lantegi hori orain dela gutxi saldu diote Frantziako talde bati.

Mikel Asurmendi

Barajasko atentatuaren ondoren, Batasunak ETAri su-etenari eutsi ziezaion egindako eskaera berritzailetzat jo du batek baino gehiagok. Zuk zeuk?
Mundu horretan mugimenduak daude, antza. Horiek jarrera aldaketa eragitea besterik da ordea. Otegik edo Diez Usabiagak bake prozesu bat ezin dela bonbekin garatu diote, nahiz eta hori esan ostean ohiko diskurtsoa gehitu. Alabaina, egundaino ez bezala, eztabaida ageri da, lehen ez zen horrela. Eztabaida sortzea, hauek kanporatzea eta kontraesanak agertzea ona da. Orain arte erabat jarraitzen zioten ETAri, edota horrela ez bazen, kontrakorik ez zen inon ageri. Egun mugimenduak antzematen dira, zoritxarrez, gauzatu gabeak.


ETAk su-etenari eusten diola esan zuen azken agirian.
Eta agiria oso txarra da. Txarra zentzu guztietan, eta bereziki ETAk egoeraren tutelajea egiten duelako eta egingo duela argi eta garbi uzten duelako. ETAk «geure gain hartzen dugu erasotzeko eskubidea, baldin eta estatuak ez dakit zer...» dio. Hori Batasunaren flotazio lerro erdi-erdian jotako torpedoa da, datu objektiboa da. Batasunak prozesuan bi errail zabaltzen zirela esan zuen Anoetan, eta politikari buruzko errailean ETAri ez dagokiola hitz egiterik. Otegiren diskurtsoaren apustua zen hori, ETAk erabat deuseztatu duena. Batasuneko kideek anabasa eta zorabioa dutela? Ez naiz harritzen. ETAk esaten eta egiten duena ikusita, ez dute zer esanik erabakitzeko unean.

Espainiako Gobernua eta Zapatero bera nola daude uneon?
Egoera politikoa oso delikatua da. Demagun, Espainiako trantsizio demokratikoa izan zela egoera normala: arazoari aurre egiteko ETAren aurrean batasun demokratikoa zegoen, alegia. Uneon, aldiz, elementu ezberdin bat dago: PPren estrategia. PPk egoerari probetxu atera nahi dio, bere ustez Espainiako Gobernua da prozesuaren eta egoera politikoaren erruduna. Jarrera horrek Gobernuaren edozein mugimendu baldintzatzen du.


Batzuek diotenez, prozesuan gertatuak PSE utzi du bereziki gaizki paratuta.
Nik ez dut sentsazio hori. Gobernuak eta euskal sozialistek egin duguna, eskubidez eta obligazioz egin dugu. Hau da, bake prozesua aurrera ateratzen saiatu gara. Ez bada aurrera egin ETAk bonba bat jarri eta bi pertsona hil dituelako da. Ez dut batere barneratua PSE gaizki paratuta atera izana. Halaber, ez da zuzena Zapateroren aurretik ibili garela esatea, ezta alderantziz ere. Zapatero ez da PSEren atzean ez aurrean ibili. Prozesuari buruzko ikuspegi ezberdinak daude, bakoitzak ordezkatzen duen esparrutik eginak. Zapaterok PSE baino zuhurrago jokatu ote duen? Ez. Ez dadila uste oker hori zabaldu, ez da zuzena eta.

Badago beste uste edo pertzepzio bat: alderdien erraila ETAren eta Gobernuaren artekoa baino haratago joan zela.
Baliteke. Alderdien artean kontaktuak izan ziren, gutxi gorabehera ofiziosoak, diskretuak, elkarrizketen markoa planteatzeko edo mahaiaren metodologia zehazteko, betiere mahaia biolentziarik gabe abian jarriko zela ulertuta. EAJk, lehendakariak, guk geuk eta ia denok hobetsi genituen premisa horiek. Areago, metodologiaz gain, akordioek transbertsalak izan behar zutela eta inork ezin zuela ezer inposatu hobetsi zen. Baina, udaldian, Espainiako Kongresuaren baimenarekin Zapaterok ETArekin kontaktuak hasiko zituela aditzera eman zuenean, kontaktuak ez ziren eman, eta alderdien mahaiaren inguruan ETAren interferentzia hautematen hasi zen.

Zein eratan?
Esate baterako, Batasunak presoen gaia prentsara atera zuen. Prozesua hasi zenetik behin ere aipatu ez zuena. ETAk, berriz, komunikatuen bidez eta barne agirietan alderdien mahaiari buruzko gogoetak plazaratu zituen. Anoetako teoriaren arabera, ez dagozkion kontuetan sartu zen ETA. Eskemak nahasten hasi ziren eta gainbehera azkartzen.

Joanak joan, batzuen ustez alderdien arteko zubiak ez dira erori.
Zubiak erori dira, Kwai ibaiaren gaineko zubia erori zen bezala. Ez dago prozesurik, ez ofizialik ez ofiziosorik, ez kontakturik ez elkarrizketarik. Berba batean ez dago horretarako egokierarik.

Justizia esparrura pasako gara. Zer deritzozu Ibarretxe lehendakariaren auzipetzeari?
Lehenik: lehendakariaren auzipetzea antzinako Batasuneko Otegi, Barrena eta Petrikorenarekin Ajuria Enean izan zuen bileraren ostean etorri da. Batasuneko kideen eta Patxi Lopez eta Rodolfo Aresen arteko bileraren ostekoa ondoren etorri da. Eta buruzagi nazionalista batzuk bigarren bilera hau ezkutatzen tematzen diren arren, hauen aurkako akusazioa indarrean dago. EAJko batzuek ez dituzte bi auzipetzeak neurri berarekin neurtzen. Bigarrenik: Ibarretxe lehendakariari desobedientzia delitua egotzi zaio, Lopez eta Aresi, berriz, Batasunarekin kolaboratzearen delitua. Ez da bilera horiek debekatzeko inongo agindu judizialik izan. Areago, Lopez eta Aresen kasua larriagoa da, bilera egiteko Garzonen baimena izan zutelako. Harrigarria da oraingo epaileek egin duten interpretazioa. Eta ez dut zalantzan jartzen legalitatearen arabera egina izatea, baina legeek interpretazio ezberdinak dituzte, hau da, begiratzen den kristalaren araberakoa. Epaileek erabili duten kristala ez dator une politikoarekin bat.

Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean Ibarretxeren aldeko sostenguzko ekimena nola ikusi duzu?
Ez dut ulertzen euren eskubideak erabiltzen dituzten herritar -antzinako Batasuneko kide- batzuekin bilera izanagatik lehendakaria auzipetzea. Baina epaitegiaren aurrean erakutsitako jarrera oso okerra da, EAJk modu horretako omenaldiak eta kontzentrazioak egiteak ez du jarduera politikoa batere laguntzen. Eszenifikatu dutenak Zuzenbideko Estatua zalantzan jartzen du.


18/98 auzian eta Batasuneko kideen aurkako auzibideetan Garzon epailearen jarrera aldaketa ikusi bide dute batzuek.
AEBetara joan aitzineko eta etorri ondorengo Garzonen jarrera aldatu dela dirudi. Baliteke. Orduan, ezker abertzalearekin zerikusia zuen oro, izenik eta abizenik kontutan hartu gabe, ETAren barruan zela zioen. Nahiz eta autoak poliki irakurtzen badituzu, kasu konkretuak ondo bereizten dituen: Egunkaria eta Haika-Segi auziak, kasu. Gerora egin dituen erreflexioetan ez du hori gezurtatu, baina ETAren barruan eta kanpoan izan daitezkeenak zehazkiago bereizi ditu. Garzonen oraingo jarrera honek egoera argitzen laguntzen duelakoan nago, eskuin espainiarrak -judikaturako sektore batzuek lagunduta- duen estrategia ageriago uzten duelako. PPren nahia Euskadin gertatzen den guztia kriminalizatzea da, ez bakarrik ezker abertzalea, baita nazionalismo demokratikoa eta alderdi sozialista ere. PPk, komunikabide batzuen laguntzaz, jomuga eta bidea seinalatzen dizkie epaileei. Auzitegiak etengabe baldintzatzen eta behartzen ditu. PPren pentsamendu bakarrarekin bat egiten ez duena susmagarria da.


Konferentzia Episkopaleko presidente Ricardo Blazquez kritikatu du PPk, honek Bilbon deitu zuen manifestazioaren karietara. Zer iradoki dizu kritikak?
Blazquez jauna Konferentzia Episkopaleko buru izendatu zutenean, guk arintze moduko bat hartu genuen. Cañizares eta Rouco Varela hautagaiek jarrera politiko eskuindar eta atzerakoiak defendatzen dituzte. Blazquez jauna, Gobernuarekin diferentzia serioak izanda ere, lasaitasuna eta neutraltasuna gordetzen saiatu da, harremanak nahiko ondo gauzatzen ari dira. PPk, alderdi eskuindarra eta konfesionala, Konferentzia Episkopaleko presidentearekin tirabirak ditu orain, eta kontramanifestazio bat deitzeaz akusatzen du. Gainera gezurra da, Bilboko manifestazioa Madrilgoa baino askoz lehenago deitua baitzen. Zeren kontrakoa egina zen deia? Bidean ez zegoen beste manifestaziorik. Izatekotan Ermuko Foroko eta Manos Limpiasekoen manifestazioa izan da Blazquez gotzainak deitutakoaren kontrakoa. PP traizionatua sentitzen da, orain gutxi arte gotzainak aliatuak zituelako. Madrilgo azken manifestazioan ez dakit gotzainak egon diren, baina ekuadortarren hildakoen alde egindakoan ez zen gotzainik izan. Adierazgarria eta bitxia, ezta?

Iñaki de Juanaren auziaz zure iritzia jaso nahi nuke amaitzeko.
Auziak ez du zer ikusirik prozesuarekin. ETA beti harro agertu da kide guztiak bere esanen menpe daudelako, ez dagoela irtenbide pertsonalik hartzerik adierazi ohi du. Baina, dirudienez, Iñaki de Juana bere kasa ari da, erabakia oso pertsonala izaki, ETAren diziplinaz kanpo. Bitxia da, de Juanak Auzitegi Nazionalean deklaratzean erakutsi zuen jarrera ez zen Txapoterena edota Iñaki Bilbaorena bezalakoak izan, hauek jarrera oso gogorrak izan zituzten biktimekiko, Eduardo Madinaren kasua, barne.

Bake prozesuan eraginik izan al du zure iritziz?
De Juanaren gose grebak prozesuaren egoera txartu du. Hiltzeko prest dagoen pertsonak ez du ezertan laguntzen, eta are gutxiago Estatua. Honen administrazioaren ardurapean dago. Espetxeko arduradunek ahalik eta modu onenean bizirik mantentzearen aldeko ahalegina egin behar dute. De Juanaren gose greba ETAren agindupeko estrategia izan gabe ere, kausaren aldeko martiria izango da. Batasunaren gogoaren aurka izanda ere, denok ezagutzen ditugun sektoreak gose greba bere interesetarako erabiltzen ari dira. Entzutegi Nazionalean gauza harrigarriak gertatu dira, auziko ez diren epaileek esku hartu eta osoko bilera bat eskatu zuten, de Juanaren espetxealdia leunduko duen erabakia hartzearen beldur. PPren eskua egon da horren guztiaren atzean. Eta herritarrak nahastu egiten dira, epaileek zuzenbide estatuari eusten zioten bitartean Gobernuak legea saihestu nahi duela dirudielako, Gobernuak de Juana etxera bidali nahi duela. Eta ez da horrela inondik ere. 12 urteko zigorra ipini zuten hiru epaileek berek De Juanaren egoera birplanteatu zuten. Berberek espetxe leuna ezarri nahi zioten. Iñaki de Juanaren kasuaren inguruan irudi faltsua zabaldu da.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan