Onintza Irureta
Hitzarmena EEPk eta Eusko Jaurlaritzak
Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak euskara eta hizkuntza politika gaietan elkarlanean aritzeko hitzarmen-markoa sinatu berri dute. Hitzarmenak, batetik, erakundeek berek burutuko dituzten xedeak jasotzen ditu. Bestetik, eragile pribatuen lana finantzatzeko fondoa zehazten du. 2007rako onartu duten fondoa 1.450.000 eurokoa da. Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du.
Hizkuntz ereduak eta alderdien iritziak
Zain gaude, ea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zein hizkuntz eredu sistema proposatzen duen. Hainbat alderdi politiko eta sindikatu hasi da proposamenak egiten. Hona horietako batzuk: PSE-EE alderdiko Isabel Celaak jakinarazi duenez, euskara, gaztelania eta ingelesa irakatsiko dituen hezkuntza eredu bakarraren alde egingo dute. UGT sindikatuak ere proposamen bera egingo du. Eredu hori ikastetxeen autonomiaren arabera egituratuko litzateke eta eredu hirueledun berriak errealitate soziolinguistikoa kontuan hartu beharko luke. Batasunaren ustez, Euskadiko Eskola Kontseiluak egindako eredu bakar eta malguaren proposamenak «iruzur berri bati» bide emateko aukera zabaltzen du. Batasunaren ustez, eredu zorrotzak behar dira, hau da, tokian tokiko egoera soziolinguistiko, sozioekonomiko eta soziokulturalaren azterketatik eratorritako murgiltze osoko eredua (eremu erdaldunetan) eta mantentze eredu egokiak (eremu euskaldunetan). EAko legebiltzarkide Onintza Lasak iradoki du euskaraz irakatsiko duen hezkuntza eredu baten alde egingo dutela eta oraingo hizkuntz ereduen sistema gainditutzat jo du. EILAS sindikatuaren ustez, tokian tokiko hizkuntza egoera aztertu ostean, ikastetxeetan eratutako euskararen normalizazio plan eraginkorrak jarri behar dira abian. PPko legebiltzarkide Iñaki Oiartzabalek «Eskola Kontseiluan dauden euskararen talibanen kontra» arituko direla azaldu du.
Toponimia ezagutzeko ibilbideak Altsasun
Altsasuko Kima Euskara Elkartea toponimia ibilbideak antolatzen ari da. Horien bidez, Altsasu ezagutzeko modu ezberdina eskaini nahi du, arbasoek ingurua nola eta zergatik izendatu zituzten jakiteko modua eman nahi du. Herritarrekin zein bisitariekin egindako hiru ibilbidetako materiala Interneten eskegita dago (
www.altsasukokima.com). Martxorako eta apirilerako irteera bana aurreikusita dituzte. Ibilbideen materialaz gain, Altsasuko euskarari buruzko dokumentu sorta jarri dute sarean.
Andoni Sagarna euskaltzaina itzultzaile automatikoari buruz Noticias de Gipuzkoan: «Itzulpen automatikoa hizkuntzaren erregeletan eta analisian oinarritua, ez da arrakastatsua izan. Ez euskaraz, ezta ingelesez ere, eta urteak daramatzagu asmo horretan. Itzultzaile automatikoak ez dira txorixoak egiteko makina, hau da, alde batetik txerria sartu eta bestetik txorixoak ateratzea. Itzultzailea laguntzaile handia da eta itzultzaileen lana dezente arintzen du. Euskaraz, arlo honetan, jende franko ari da lanean eta maila handian gainera. Prozesu luzea dugu aurretik, oinarri ugari jarri behar baititugu azpitik».
Mikel Lakasta eta Bea Arana, LAB Irakaskuntzako kideek esana Garan: «UPNk irakaskuntza publikoa etorkinentzako ghetto bihurtu du, eta haren barruan, D eredua indigenen erreserba. Aldi berean, irakaskuntza pribatua bultzatu, subentzionatu eta saritu du, jabetza publikoko zentroen aurrekontuen kaltetan».
Juan Mari Arregi
Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Foru Aldundiek Sozietateen gaineko Zergaren Erreforma Proiektua onartu zuten aurreko astean. Honek enpresek euren onurengatik ordaintzen dituzten zergak gutxitzen ditu. %32,6tik %28ra jaitsi dute, nahiz eta zerga eraginkorra, 2003an dagoeneko, %14,4 eta %21 artean ezarria egon. Neurri horrekin diru-kutxa publikoek, Nafarroakoa barne, 230 milioi euro gutxiago jasoko dituzte (Bizkaian 75 milioi, Gipuzkoan 81, Araban 40 eta gainontzekoa Nafarroan). Nafarroako Gobernuak ere zerga hau %30a arte gutxitzea onartu zuen, nahiz eta zerga eraginkorra lehenagotik %21ekoa izan. Beherapen hori enpresen onurak handienak direnean gertatzen da, hain justu. Erreforma hori uler zitekeen beherapen horiek lan-prebentzioan, lan-trebakuntzan, lanpostuen mantenuan, lana eta bere kalitatea gehitzen, laneguna gutxitzen edota soldatak hobetzen inbertsio handiagoa ekarriko balu. Enpresek, batez ere handiek, ez dituzte euren onurak produkzio inbertsioetara bideratzen, finantza inbertsioetara baizik. Biltzen ez den dirua (oraingoan 230 milioi euro baino gehiago Hego Euskal Herrian) ez da inbertituko herritarrentzako gizarte hobekuntzetan. Europarekin bat egin nahi da enpresetako zergei dagokionez, baina ez dio axola gero eta gehiago urruntzen baldin bagara Europako gizarte bateratzetik. Hori da zergaren erreforma erabakitzen dutenen politika; enpresaburu batzuen zerbitzura dagoen politika eta ez herritarren zerbitzura. Zergaren erreforma antisoziala da nabarmen.
Xabier Letona
«Autonomi estatutu nazionalaren aurkezpena egiteko fase berri bat zabaltzen da, laborazio prozesu herritar baten bidez, parte hartzekoa eta irekia. 1990. urtean burujabetasunerako estatutu nazionalerako proposamena egiten dugu, berez, aurrerapen kualitatibo garrantzitsua bait da. Erregionalismoa bultzatzen duten estatutuen bidea hausten dugu, euskal nazioaren burujabetasun oinarritzat duen estatutu nazional baten alde apostu argia egiten dugularik, independentziarantz tresna eta bidea izan dadin. (...)
Nazio eta herrien arazo zailak ekimen jatorrak eta ausartak eskatzen dituzte. Ekarpen hau ez da izanen, ziur asko, arazo guztien konponbide bikaina, baina ahalegin garrantzitsua da, Hego Euskal Herriaren nazio eta gizarte askapenaren zutarria bihurtuko dena».
Ezker abertzaleak 1990ean egindako Autonomi Estatutu Nazionala izeneko proposamenaren zati bat da kronika hau zabaltzen duen testua. Negoziazio politikoari ateak irekitzeko ahaleginean dabilen Batasunak une honetan erabiliko ez lukeen hizkuntza eta kontzeptu ugari darabil proposamenean, baina aldi berean helburu taktiko gisa autonomiari zenbaitetan eman zaion erabileraren erakusle ere bada.
Autonomia ez ohi da izan Hegoaldeko ezker abertzalearen etengabeko lan tresna, aitzitik, autonomiaren aurkako kultura barreiatu du bere mezu orokorrean, egun indarrean dauden marko autonomoek Hegoaldeko egituraketa juridiko-politikoaren zatiketa egiaztatzen dutela etengabe salatuz. Hala ere, noizean behin erabili duen osagai taktikoa da.
Berrikuntza, beraz, ez dago autonomismoaren erabilera taktikoan, orain arte publikoki argi eta garbi onartu bako kontzeptu batean baizik: egungo errealitatetik abiatzea onartzen da, eta EAEren eta Nafarroako Foru Komunitatearen erabaki esparruak onartzen ditu. Orain eskatzen du Estatuak ere bere ondorio guztiekin onar ditzala (Konstituzioaren IV Xedapen Iragankorrak ere hori ote dio?)
Oso pauso politiko garrantzitsua da alde horretatik, mugarri izango dena. Sinn Feinek beste horrenbeste egin zuen Ostiral Santuko Akordioetan. 2005ean Batasunaren Bide Eginez ponentzia politikoan iradokitzen zen hau berau eta EAJ eta PSE-EErekin izandako elkarrizketetan hitz egin da horretaz, baina publikoki orain onartu da.
Berrikuntzarik ez dagoela esan liteke, beste alderdi abertzale batzuek bide horretan aspaldi abiatu zirela. Eta alde batetik egia da, alderdi abertzale denetan bila daitezke gisa honetako proposamenak... baina ez zuten balio izan gatazka gainditzeko. Hor dago desberdintasun nagusia, orain balio dezakeela, une honetan gatazkaren mutur politikoetako bat prest dagoelako hari horretatik tiraka borroka armatua alboratu eta bere helburuak eguneroko joko politikoan integratzeko.
Iritzi publikoari begira aritu beharrak justifika dezake une zehatz batean proposamenari aurre egitea, baldin eta ondoren -beste askotan egin den bezala- sekretupeko elkarrizketei tinko heltzen bazaie. ENAMen suntsipena helburu ez duen orok heldu leku aproposa du negoziazio bidez alde guztientzat duina izango den irteera jorratzeko. ETAren suntsipena besterik nahi ez duenak, hor du Barajasko T-4a.
18/98 makroauzia bere azken txanpan da eta fiskalaren zigor eskari berriak auziaren hasierako gogortasun bertsua erakutsi du. Bai, gutxi gora-behera erdira jaitsi ditu eskaerak, baina hasierako eskaerak horren neurriz kanpokoak ziren... Iñaki de Juanaren kasuan bezala: 96 urteko kartzela zigorra eskatuta, 13koa jaso zuen eta pozarren beharko lukeela dirudi. Kartzela urteen zenbatze kontuetan perspektiba erabat galdua dago euskal herritarren artean, espetxean hilabete igarotzea latza denean, zortzi urte egitea gutxi dela iradokitzen digute fiskalek etengabe beren eskariekin.
Dena izan da neurriz kanpokoa 18/98 auzi honetan, eta egungo giro politikoan bada ezkorra izateko arrazoirik: area eta karearekin ari da aspaldi botere judiziala eta oso posible da zigorretan ere formula hori erabiltzea.
Bada fiskaltzaren eskari berrietan keinurik ikusi duenik ere, PPren presio gupidagabearen aurrean hori bera ere urratsa delako. Hobe hala balitz.