2007-02-11 -- 2075.zenb
Altean gaude, Alacanteko kostaldean. Alteako hondartza harrizkoa da eta seguruenik horri esker, turismo masiboa eta zementuzko astakeriak ez dira bertara iritsi, alboan duen Benidormera bezala. Hondartza pareko jatetxe batean gaude. Hormak argazkiz beteta daude. Gure mahai pareko argazki batean hiru pertsona ageri dira. Erdikoa Miguel Ortiz Alteako alkatea dela esan didate (PPkoa), haren eskuinekoa jatetxeko nagusia omen da eta ezkerrekoak ez du aurkezpenik behar: Eduardo Zaplana da. Argazkiak inspiratuta-edo, Maica, Clara eta Carlota politikaz ari dira -katalanez; agian harrizko hondartzak horretan ere eragina izango du-.
Maicak ez du ia hitz egiten, «botoa PPri ematen diolako», salatu du Clarak. Maicak, eta Valentziako Erkidegoko boto emaileen gehiangoak; 2003ko autonomikoetan popularrek botoen %47,9 jaso zuten eta maiatzaren 27an ere inkestek PP jotzen dute garaile. Batetik, aspaldian alderdia zatituta dago Valentzian, Zaplana zaleen eta Camps zaleen artean (Francisco Camps Valentziako Generalitateko presidentea da) eta CAM Caja de Ahorros del Mediterraneoko aferak bien arteko liskarra areagotu baino ez du egin. Bestetik, PPko karguen ustelkeria kasuak ugaltzen ari dira. Eta, hala ere, PPk mugiezina dirudi; boto intentzioan ez da popularrentzat galera nabarmenik aurreikusten.
«Ditxosozko %5a» du hizpide orain Alteako hirukoteak. Izan ere, Valentziako hauteskunde legearen arabera, hautagaitza batek botoen %5a lortu behar du gutxienez, Gorteetan ordezkaritza izateko. Ez Bloc Nacionalista Valencià, ez Valentziako Ezker Batua, ezta bestelako alderdi txikiak ere ez dira portzentaje horretara orain artean iritsi. Eta horrek esan nahi du hauteskundeak irabazten dituen alderdiak -azken legegintzaldietan, PPk- gehiengo absolutuz agintzen duela.
Bloc Nacionalista Valencià 1998an sortu zen hainbat alderdi batu ondoren: Unitat del Poble Valencià, Partit Valencià Nacionalista eta Nacionalistes d'Alcoi. Parlamentuan eserlekurik ez izan arren, 122 udaletan du ordezkaritza eta 20 alkatetza alderdiaren eskutan daude.
Maiatzeko autonomikoetara, ordea, Bloc ez da bakarrik aurkeztuko. «Aldaketa nahi dugu», dio Enric Morera Bloceko presidenteak, «eta aldaketa nahi badugu indarrak batzea beste erremediorik ez dugu». Esquerra Unidarekin eta Berdeekin (Els Verds del País Valencià eta Els Verds-Esquerra Ecologista) negoziaketa luzeak izan ondoren, guztiek hautagaitza bateratua aurkeztuko dute EU-Bloc-Verds: Compromìs pel País Valencià izenarekin. Horrek %5a erraz gainditzea ekarriko die eta, hortaz, azkenean euren ordezkariak Gorteetan izango dira. Honek guztiak ez du PP Generalitatetik kentzea bermatzen, baina gutxienez horretarako aukera zabaltzen du, orain arte ezinezkoa zirudiena.
Talde horretan batzuek ERC faltan botatzen dute. Esquerraren inguruko hainbatek Valentziako Gorteetan ordezkaritza izateko aukera positibotzat joko luke. Baina alderdiak lerro independentista garbia markatu nahi izan du, koalizio horretan eskaera nazionalak diluituta geratzen direla argudiatuz.
Horren aurrean, Enric Morerak Blocen aukera defendatzen du: «Alderdia eta bere helburuak ez dira aldatu. Egoera politikoa interpretatu dugu eta horren arabera jarraitu beharreko taktika erabaki. Blocek alderdi nazionalista eta progresista izaten jarraitzen du. Baina PP gure demokraziarentzat, gure ekonomiarentzat, gure gizartearentzat eta herri bezala ditugun aukerentzat mehatxua da. Besterik gabe, maiatzetik aurrera eszenatoki berria bilatzen dugu».
Orain funtsezko galdera ondorengoa da: PSPV-PSOE eta EU-Bloc-Verds-en eserlekuak batuta, PPk baino ordezkari gehiago izango al dituzte? Autonomia Estatutuaren erreformaren ondorioz Valentziako Gorteek 99 eserleku izango dituzte maiatzetik aurrera (lehen baino 10 gehiago), hots, 50 beharko dira gehiengo absolutua lortzeko.
Bozka intentzioaren inguruko inkestek emaitza ezberdinak eskaintzen dituzte inkesta egin duen alderdiaren arabera. Alde batetik, sozialistek egindako galdeketaren arabera, PPk 47-48 eserleku lortuko lituzke (botoen %46,6), PSPVk 42 eta 44 artean (%40,5) eta EU-Bloc-Verds-ek 8 edo 9 (%8,6). Kopuru hauen arabera, PPk gehiengo absolutua galduko luke eta sozialistek hautagaitza bateratuko ordezkariekin koalizioan gobernua osatzeko aukera izango lukete.
PPk burututako inkestaren arabera aldiz, euren alderdiak botoen %50 inguru jasoko luke eta sozialistek %36 baino ez. Eu-Bloc Verds-eri, berriz, antzeko emaitza aurreikusten diote, %9 ingurukoa. Hirugarren inkesta batek, Sigma-Dos enpresak egindakoak, PPri 48-50 eserleku ematen dizkio. Hots, inkestek ez dute ezertxo ere argitzen.
Nahiko garbi ikusten da EU-Bloc-Verds osatzen duten alderdiei batzeak mesede egingo diela, ez ordezkaritzari dagokionez soilik, baita boto kopuruari dagokionez ere. Baina ikusteko dago igoera hori abstentziotik etorriko den ala azken hauteskundeetan PSOEri emandako boto erabilgarriari kenduko dioten.
Altean eszeptiko samar ageri dira aldaketaren aukeraren aurrean. Carlotak azaldu digu azken aurreko udal hauteskundeen ondoren Bloc-ek eta PSOEk bat egin zutela alkatetza PPri kentzeko. «Eta zer egin zuten? Ezertxo ere ez, elkarri mokoka aritu ziren. Azken udal hauteskundeetan PPk inoizko emaitzarik onena lortu zuen Altean».
Hala ere, PP oposiziora bidaltze hutsa positiboa da askorentzat. Gainera, gobernu anitza ere onuragarria izan daiteke. PSOEk ezingo du nahi duena egin, koaliziokideek lotuta, kontrolatuta egon liteke, nolabait. Baina horretarako, lehenago PPk 50 eserleku baino gutxiago lortu beharko ditu. Erantzuna maiatzaren 27an izango dugu.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa