2007-02-11 -- 2075.zenb
Valentziako hizkuntza propioaz hitz egitean katalana edo valentziera hitza berdin erabil daitezke. Edo hobe esanda, biak berdin erabiliko lirateke, praktikan konnotazio berezirik ez balute. «Biak gauza bera dira» dio Vicent Pitarch filologoak, azalpen bera mila aldiz eman duenaren nekeaz, «hizkuntzalariok ez dugu inoiz zalantzan jarri valentziera katalana denik, Katalunian, Valentzian eta Baleareetan hizkuntza bera hitz egiten dutenik. Valentzian ez dago eztabaida linguistikorik, ez du inolako zentzurik, eztabaida faltsua da, erabat politikoa, interesen arabera tartean behin pizten dena».
Eta hala ere, katalan hitzak tabua dirudi, baita esparru akademikoetan ere, instituzioekin zerikusia dutenetan behintzat. 1998an sortu zen Acadčmia Valenciana de la Llengua (AVL) eta 2003an hizkuntzaren izenak «inolako eztabaida kultural, sozial edo politikorik» ez lukeela sortu behar adierazi zuen erakundeak. Baina akademiak berak halaxe definitzen du hizkuntza: «Valentziera, Valentziako Erkidegoko hizkuntz historiko eta propioa da. Aragoiko Erresuma zena osatzen duten lurralde hispanikoetako Autonomia Estatutuek berezkotzat jotzen duten sistema linguistikoaren parte da». Debekatutako hitza saihesteko formula korapilatsu hau erabiltzea hobetsi du AVLk.
2005ean Generalitateak kaleratutako azterketa baten arabera, biztanleen 77,6k ezagutzen du hizkuntza eta erabili, aldiz, %52k. Erabileran, 2001eko azterketekin alderatuta (%58), sei puntuko galera eman da lau urtetan. Portzentaje altuenak Valentziako probintziarenak dira. Ondoren datoz Alcoi-Gandia zonaldea, Castelló eta Valentzia hiria, hurrenez hurren. Valentzieraren ezagutza eta erabilera kopuru txikienak, aldiz, Alacantekoak dira. Generalitateak azpimarratzen du 1984an alfabetatuak %4 besterik ez ziren bitartean, 2005ean %79ra iritsi zirela.
Josep J. Conill hizkuntzalariak, ordea, Generalitateak argitaratutako datu eta azterketekin kontuz ibiltzeko esan digu: «Administrazio autonomikoak triunfalismo hutsa egiten du» dio Conillek, «alfabetatze datuak behin eta berriro erakusten ditu, euren politika linguistikoaren arrakasta zalantzan jar ez dadin». Horregatik, hizkuntzalari ez-instituzionalek (baliabide gutxirekin) egindako azterketen garrantzia azpimarratzen du, diagnosi errealagoa egiteaz gain, politika linguistiko egokiagoak bideratzeko ezinbestekoak direlako.
Azterketa hauen arabera, katalanak nabarmen egin du behera hirigune nagusietan, Alacanten eta Valentzian bereziki, eta Castellón neurri txikiagoan. Galera honen atzean, belaunaldien arteko transmisioaren etena legoke. Inmigrazioak ere eragina du datu negatibo hauetan.
Nekazal zonaldeetan aldiz mantendu egiten da katalanaren ezagutza eta erabilera. Baina, oro har, Conillen arabera, ordezkapen linguistikoa, hots, gazteleratzea, apurka baina etengabe aurrera ari da, eta politika linguistiko desegokiek ez diote Valentziako berezko hizkuntzari mesederik egiten.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa