2007-02-11 -- 2075.zenb
Armagintzaren bihotza osatzen duten herriak lau dira: Ermua, Eibar, Elgoibar eta Soraluze. Azkena izan zen ardatza -hortik gaztelerazko izena: Placencia de las Armas- bertan jarri baitzen Errege Arma Fabrika.
1482koa da Eibarko arma ekoizpenaren berri ematen duen aurreneko agiria; Eibarren egin ziren lonbarda biren aipamena dakarrena, alegia. XVII. mendean asko hazi zen armagintza gerrateek eta nobleziaren eskaerek bultzatuta. 1735ean, Real Compañía Guipuzcoana de Caracas elkarteak bere gain hartu zuen armagintzaren erantzukizuna. Kaxaginak, txispaginak, kanoiginak eta aparejeroak ziren armagintzaren gremio nagusiak. Gremioak, orduz geroztik, elkartearen babespean geratu ziren eta horrela jarraitu zuten 1865ean betiko galdu eta armaginak sistema kapitalistara makurtu ziren arte.
Teknika berriak sortu ziren -pistoia txisparen ordez, kerik gabeko sutautsa, tiro egiteko sistema automatikoakà- eta honek tailerren garapena ekarri zuen. XX. mende hasieran sekulako gorakada izan zuen armagintzak Eibarren: urteko ia milioi erdi arma ekoizten zituzten armagintzan aritzen ziren mila eta gehiago beharginek. Lehen Mundu Gerrak eskaera puztu zuen, baita gerraosteak beherakada nabarmena ekarri ere; ekoizle asko beste alor batzuk jorratzen hasi ziren -josteko makinak Alfak, eta bizikletak Orbeak, esaterako-.
Gerora gorakada eta krisialdiak izan ditu armagintzak baina sekula ez du lurrik jo. Gaur egun oso gutxi dira armagintzan dihardutenak. Eta luxuzko ehiza eskopetagintza da lantzen den alor bakanetakoa; ekoizpen txikia eta kalitate bikainekoa.
Aipagarria da, halaber, armak eskuz egiten zirela dakigunetik bost mende igaro badira ere, armak egiteko sistema bera ez dela ia ezertan aldatu. Aldaketa bakarra mekanizazioarena izan da. Gainerako guztia eskuz egiten da eta behargin bakoitzak bere zereginari eutsi dio mendeen joanean: kanoiginak kainoia egiten jarraitzen du, kaxaginak kaxa eta baskulaginak baskula. Ondoren muntatzaileak batuko ditu osagai guztiak eskopetari amaierako forma emanaz.
Ibilaldiaren ostean, trenez Debara itzuli aurretik, berriki zabaldu duten Eibarko Armagintzaren Museoa bisitatzea aukera ona da. Museoa Eibarko erdigunean dago, San Andres elizatik gertu, Portalea Kultur Etxearen 5.solairuan.
- Ordutegia: Asteartetik igandera 16:00etatik 20:00etara.
- Tarifak: Ostegunetan doan, osterantzean helduek: 3,00 euro; erretiratuek, ikasleek eta 16 urtetik beherakoak: 1,50 euro.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa