2007-02-11 -- 2075.zenb
Liburuaren ideia aspalditik zuen Xabier Gonzálezek, baina 2004-2005 ikasturtean, egokitu zitzaion taldea eta unea onak zirela ikusita, ekimena abiatzea erabaki zuen eta 2006ko ekainean Etik@ren harian: hiztegi bat argitaratu zuten denen artean.
Liburua idazteko, hiru lagunetako taldetan banatu ziren eta talde bakoitzak etikari lotutako hiru gai landu behar izan zituen. Lehenengo ebaluaketan, gaiak aukeratu eta artikuluaren eskema bat egin zuten. Bigarrenean, liburu, artikulu, internet eta beste hainbat iturrietatik lortutako informazioa eskuratu, irakurri eta aurreko eskema aberastu zuten. Azkeneko ebaluaketan, informazio guztiarekin 4 eta 5 orri bitarteko artikulua idatzi zuten.
Ikasleek kazetari lana egin zuten: informazioa bildu, antolatu, aukeratu, jendearekin harremanetan jarri eta artikulua idatzi. Finean, proiektuaren helburuetako bat gizarteko zenbait gaitan eragile edo aditu diren pertsonekin harremanetan jartzea zen. Jo zutenen artean daude, esaterako, Abdoulaye Guey (Donostiako Caritas), Arrazakeria, diskriminazioa eta legeak lanerako; Aner Petralanda (Duina plataforma), Etxebizitza duina eta herri ekimena artikulurako; Koldo Etxabe (DMD_DHE elkartea), Eutanasia testurako; eta Txente Rekondo (GAIN taldea), Ura eta gatazkak idazlanerako. Lau aditu horiek, gainera, hitzaldiak eman zituzten Arrasateko institutuan, ikasleek beraiek moderatutako mahaietan.
Xabier Gonzálezi ez zitzaion zaila egin liburu bat idazteko ikasleak konbentzitzea. Hasieran erokeria iruditu zitzaien arren, ilusioz heldu zioten segituan. Gainera lana ez zen irakaslearentzat bakarrik izango, baita gizarte osoarentzako ere. Pixkanaka, ikasgaia gainditzea helburu izateari utzi zion.
Behin liburua kaleratuta, aurkezpenak egin zituzten Arrasateko Udaletxean, Elkar liburu dendan, Euskadi Irratian eta beste hainbat tokitan. Liburua ezagutaraztea eta ikasleek publikoan hitz egiteari beldurra galtzea izan da horren xedea. Horretan, neskak mutilak baino ausartagoak iruditu zaizkiola dio Gonzálezek: «Mutilekin ere hitz egin nuen, jendaurrean aurkez zezaten, baina batzuek zioten lotsa zutela, besteek beldurra...». Kontuak kontu, gai gordinen inguruan hainbat gazteren iritziak ezagutzeko aukera eskaintzen duen liburua eskura dugu jada.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa