Mayi Tolosa2007-02-11 |
Hamar bikotetik batek ez du bere kabuz haurrik izatea lortzen eta horixe da Lehenengo Mundua deritzogun honetako arazo handietako bat. Batzuek epidemiaz hitz egiten dute. Beste hainbatek ikasketak amaitu beharra, lana lortzeko zailtasunak edota etxebizitza erosteko arazoak jartzen ditu aitzakiatzat. Jaiotze tasa mantentzen den arren, etorkinei esker ikusten ari omen gara ume gehiago kalean. Zer ari da gertatzen?
Haurra nahi eta ezin
Ohikoena antzutasuna da. Europan, haurrak izateko adinean dauden bikoteen %20k du arazo hori. Adibide bat jartze aldera, Gurutzetako Ospitalean (Bilbo aldean) urtero gai honi buruzko 12.000 kontsulta izaten dituzte.
Dena den, egun esterilitateak kasu gehienetan izaten du irtenbidea, ez ordea ugalkortasun ezak. Horregatik, adituen esanetan ugalkortasun eza larriagoa da, esterilitatearen kasuan baino zailagoa delako diagnostikoa egitea. Donostiako Quirón klinikako Lagundutako Ugalketa zerbitzuko buru Koldo Carbonerok azaldu digunez, «emakume bat haurdun geratu arren beti umea galtzen duenean arrazoia zein den jakitea oso zaila izaten da eta horri aurre egitea edo zein tratamendu ezarri jakitea askoz ere zailagoa».
Guraso zaharrak gara
Euskal Herrian orain gutxi sortu da APRAE, lagundutako ugalketa behar dutenen elkartea. Arazo hau duten bikoteei informazioa eta laguntza eskaintzea du helburu. Bost kide hasi dira lanean, guztiak emakumeak. Isabel Corbacho elkarteko kide da eta arazoa pairatu du. Harrituta dagoela kontatu digu, gomendio eske emakumeek baino ez dietelako deitu orain arte, baina adin ugalkorrean dauden bikoteen kasuan, antzutasuna gero eta gutxiago izaten da emakumearena eta gero eta sarriago gertatzen da gizonezkoen semenaren kalitatea baxuegia izatea. Carboneroren hitzetan, horrek badu bere zergatia: «Lehen ohikoa zen faktore tubarikoa: sexu harremanetan preserbatiboa beharrean pilulak erabiltzen zirenean gertatzen zen, pilulekin ez baitziren tronpetan gertatu daitezkeen infekzioak saihesten. Orain, HIESAri aurre egiteko preserbatiboa erabiltzen denez, emakumeek gisa horretako arazo gutxiago izaten dute».
Aldaketa teknologikoetatik genetikaren hieroglifikoak argitzera
Orain 50 urte inguru hasi ziren alor honetan ikerketak eta frogak egiten. Lehendabizi, emaileen bidezko intseminazio artifiziala egiten hasi ziren, albaitariek erabiltzen zuten teknika kopiatuz. Hurrengo pausoa «in vitro» ernalketa izan zen, laborategian. Azken urteetan, teknika hori gero eta mikroskopikoago bihurtzeko egin dute lan eta modu horretan, apurka-apurka ernalketa kopurua areagotzea lortu dute. Kasuan kasuan teknika bat edo beste erabiltzen da.
Hemendik aurrera, genetikak markatuko ditu pausoak. Quirón klinikako arduradunaren arabera, teknika hau kualitatiboki oso ezberdina da, genetikari esker hainbat gaixotasun saihestea eta ugalkortasun ezeko kasu batzuetan lehen lortu ezin zitekeena lortu daitekeelako. Hots, lehen bazirela genetikoki bateraezinak izateagatik haurrak izan ezin zitzaketen bikoteak, eta egun, genetikan oinarritutako teknikak erabiliz, bateraezintasun genetiko hori zuzentzea lor daitekeela. Hor ikusten du aurrerapen handiena Carbonerok.
Ez da erraza, ezta merkea ere
Isabel Corbachok bere kasua kontatu digu. Orain haurra izateko gertu da eta minez baina pozik hartu gaitu. Izugarri kostatu zaio puntu honetara heltzea, bai psikologikoki eta baita ekonomikoki ere. Horregatik, bi eskaera egiten dizkio Osasun Sailari: «Kataluniako eredua jarraitu beharko genuke. Han, nahiz eta tratamendua klinika pribatu batean jaso, sare publikoak ordaintzen dizkie botikak eta horrekin bikoteak 2.500 euro behintzat aurrezten ditu. Gainera, laguntza psikologikoa eskaintzea ere ezinbestekoa da, kasu hauetan frogatuta baitago oso lagungarria izaten dela».
Denetariko eskatzaileak
Espainiako Estatuak gai honi buruz duen legea Europan onartu zen lehendabizikoa izan zen. Garai hartan, uteroa alokatzea, umearen sexua erabakitzea eta gizakien klonazioa ez zituen onartzen. Ondoren, legeak aldaketa batzuk izan ditu eta egun, esaterako, umearen sexua erabaki daiteke, baldin eta haurrak gaixotasun genetikoren bat izateko arriskua badu.
Teknikek aurrera egin arren, horietako asko ezingo genituzke erabili emailerik ez balego. Kontu handiz eta ongi pentsatuta egin behar den zerbait da, baina beharra duten bikoteek asko eskertzen dute pertsona horien laguntza.
Emailearen anonimotasuna legez errespetatu behar da. Dirua jasotzen dute, baina eragindako kalteen ordainetan baino ez. Halaber, kontratu bat sinatu behar da dohaintza egin aurretik eta emaileari emaitzak izan ditzakeen ondorioen berri ematen zaio.
Gutxienez 18 urte baino gehiago izan behar dute eta gehienez 35 emakumeen kasuan eta 50 gizonezkoenean. Familian gaixotasun genetikorik edo herentziazkorik ez izatea ere eskatzen da.
Emakumeek 25 egunez hartu behar dituzte txertoak. Bitarte horretan, hiruzpalau aldiz joan behar dute sendagilearengana ekografiak egiteko. Azkenik, anestesia lokala behar duen ebakuntza txiki bat egiten zaie obuluak ateratzeko.
Gizonezkoen hazi-ematea errazago egiten da. Kalitate onekoa aurkitzea izaten da arazoa, izoztu egin behar denez, oso kalitate onekoa behar baitu. Gainera, emaile bakoitzaren semena, arrazoi etikoak direla medio, aldi gutxi batzuetan baino ezin da erabili.