Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-02-11 -- 2075.zenb

Aizpea Amas

Egungo hezkuntza sistema pasiboari aurre egiteko, Xabier González Etika irakasleak metodologia dinamikoaren aldeko apustua egin du. Arrasate institutuko bere ikasleei etikarekin zerikusia duten gaien inguruko artikuluak idaztea eta ondoren horiekin liburu bat egitea proposatu zien. Horrela hasi zen Etik@ren harian: hiztegi bat lanaren abentura. «Eskola gizartera ireki behar da», dio berak. Garai batean, eskola eta gizartearen arteko harremana antzerkigintzaren edo ikasleek beraiek egindako egunkarien bidez indartzen zen, baina tradizio hau dagoeneko galdu egin da. Liburuarena bezalako ekimenei esker, harreman hori berreskuratzea izan da xede nagusia.

16 eta 17 urteko bere ikasleei gustatu zaie Gonzálezek Etikako klaseetan erabilitako metodologia. Hasieran, liburua egitea proposatu zienean, «erokeria» iruditu zitzaien eta gainditu beharreko beste ikaslan baten moduan hartu zuten. Egitasmoak aurrera egin ahala, ordea, oso lan probetxugarria zela konturatu ziren.


Eutanasia, abortua

Maite Isasak, esaterako, irakasleak emandako zerrendatik eutanasiaren gaia aukeratu zuen bere artikulua egiteko; polemikoa, inondik inora. Gaia ezagutzen ez zuelako hautatu zuen, eta artikulurako informazioa biltzen joan zen heinean, guztiz harrapatu zuen eutanasiaren munduak. Kontatu digunez, Mar adentro filmak bultzatu zuen artikulua idaztera eta testuak pelikularen ildoa jarraitzen du. Gaixo terminalek beren bizitzarekin zer egin aukeratzeko eskubidearen beharraz hitz egin du, eztabaidaren bi alde aztertuz: Eliza eta eutanasiaren aldekoak. Bere ustez, eutanasiaren kontrakoen argudioek ez dute funtsik eta DMD-DHE eutanasiaren aldeko erakundearen tesia defendatzen du: «Pertsona orok bere biziarekin bukatzeko borondate librearekiko errespetua defendatzea». Eutanasiarekin «bizitza luzatu baino, heriotza luzatu nahi dela dirudi», dio Isasak. Azken finean, heriotza eta honen mugen gaineko eztabaida oso interesgarria iruditu zitzaion.

Onintza Langaranek berriz, abortua aukeratu zuen, «ilunpean dagoen gaia delako eta aukera ikusi nuelako horren inguruan zerbait argitaratzeko». Langaranek, ordea, ez du iritzi zehatz baten alde egin: bakoitzak bere jarrera moralaren arabera erabaki behar duela dio eta abortua zer den definitzera eta aldeko eta aurkako ikuspuntuak deskribatzera mugatu da.


Etxebizitza, adiskidetasuna, gosetea

Aipatutakoez gain, asko dira liburuxkan agertzen diren gaiak; batzuk polemikoak, beste batzuk gaurkotasun handikoak, eta denak gazteentzako kezkagarri eta interesgarriak: etxebizitza, lana, etorkizun hurbila, ura, terrorismoa, arrazakeria, anorexia eta bulimia, adiskidetasuna, bullying-a, drogak, hiesa, heriotza zigorra, gosetea, haur pornografia, futbola... Guztira, 26 egoera eta hizpide ezberdin.


Nolakoak dira gazteak?

Interes gabekoak, ameslariak, axolagabeak... Era guztietako adjektibo ezkorrak erantsi izan zaizkie gazteei, eta Arrasate institutukoek halakoak ez direla frogatu dute. Hein handi batean telebistak sortutako irudi txar hori kontraesanean dagoela uste du Gonzálezek. Gazteak telebistan agertzen direnean, gai hutsalekin kezkatuta egon ohi dira, arazo sozialetatik urrun; eta iragarkietan berriz, drogen aurkakoak direnean lur jota azaltzen zaizkigu eta gainontzekoetan pozik, inongo arazorik gabe.


Karaokea nagusi

Hezkuntzak ere badu zeresanik horretan, karaokea nagusitzen baita. Hau da, aditu batek idatzitakoa ikasleek azpimarratu, eskemak egin, buruz ikasi eta azterketan hustutzea. Horixe da urteetan eskolan edo unibertsitatean egin duguna, eta hurrengo egunerako ahaztu egin zaigu ikasitakoa. González nahiko kezkatuta agertu da sistema honekin, ikasleak gelan eta etxe barruan bakarrik geratzen baitira ikasten eta abstrakzio lan horrek ez die laguntzen auzo, hiri edo gizarte osoaren egoera errealean sakontzen, ez dago talde lanean egindako informazio eta ideia trukaketarik. Halaber, irakaslearen ustez, hainbat belaunaldietan zehar, bai hezkuntza sisteman eta baita beste hainbat sektoretan ere, gazteen erresistentziarako joera galtzen joan da: «Ez dakit biguintzen ari garen, hutsaltzen joan garen edo buru garbiketa bat gertatu zaigun, baina Frankismoaren garaian genituen kultur erresistentziaren elementuak galdu ditugu». Errazkeria nagusi dela dio, eta gure konpromisoak alde batera utzi ditugula, eskolan, lanean nahiz beste zenbait eremutan. «Ikastetxeetan 'buruz ikasi eta gainditzearekin nahikoa dut' dinamikak indar handia hartu du». Hala, sistema honek gazteak pasibotasunera eramaten ditu, ez dutelako inolako motibaziorik, azterketan irakasleak nahi duena kontatzen dute eta kito; gainontzekoek hausnartu dutena errepikatzera mugatzen dira, Arrasateko irakaslearen esanetan.


Hausnartzen irakasten

Baina gazteek helduek egindakoa irakurtzen badute, «zergatik ez helduek gazteek idatzitakoa?», dio irakasleak. Bere hitzetan, idaztea oso baliagarria da ikasteko, ikertzera, hausnartzera eta gure ideiak antolatzera behartzen baigaitu. Beraz, idazteak karaokearen kontrakoa esan nahi du: besteek guk egindakoa irakurtzen dute. Ildo horretan, gazteen jarrera pasiboarekin amaitzeko eskolak askoz gehiago egin dezakeela uste du Etika irakasleak. Azken finean, hausnartzen ere irakatsi egin behar da eta horretan ikastetxeek eta irakasleek zeresan handia dute. Gazteen erreferente nagusia eskoletan irakaslea da eta bere jarrerak eragina du ikasleengan. Gonzálezen esanetan, irakasleak ez du apaizaren jarrera doktrinarioa izan behar, artisau edo ilusionista batena baizik. Errealitatetik haratago joan behar du, ikasleekin elkarlanean; hala, ikasgelako eguneroko ohikeria aldatzeko aukera izango dute: «Harremana sortu behar duzu lantzen ari zarenarekin, ikasgai, irakasle eta lan taldearekin». Pentsamolde horren guztiaren emaitza da kaleratutako liburua, gazteak, eta zehazki ikasleak, elementu pasibo izatetik parte-hartzaile eta iritzi emaile aktibo izatera iritsi daitezen.

Mayi Tolosa

Hamar bikotetik batek ez du bere kabuz haurrik izatea lortzen eta horixe da Lehenengo Mundua deritzogun honetako arazo handietako bat. Batzuek epidemiaz hitz egiten dute. Beste hainbatek ikasketak amaitu beharra, lana lortzeko zailtasunak edota etxebizitza erosteko arazoak jartzen ditu aitzakiatzat. Jaiotze tasa mantentzen den arren, etorkinei esker ikusten ari omen gara ume gehiago kalean. Zer ari da gertatzen?


Haurra nahi eta ezin

Haurrak izateko arazoez hitz egiten dugunean, bi kasu ongi bereizi behar dira: esterilitatea edo antzutasuna eta ugalkortasun eza. Saiatu arren haurdun geratzea lortzen ez duena esterila da. Edo gizonezkoen kasuan, emakumea haurdun utzi ezin duena. Ugalkortasun eza duenak aldiz, haurdun geratu bai, baina haurra behin eta berriro galtzen du.

Ohikoena antzutasuna da. Europan, haurrak izateko adinean dauden bikoteen %20k du arazo hori. Adibide bat jartze aldera, Gurutzetako Ospitalean (Bilbo aldean) urtero gai honi buruzko 12.000 kontsulta izaten dituzte.

Dena den, egun esterilitateak kasu gehienetan izaten du irtenbidea, ez ordea ugalkortasun ezak. Horregatik, adituen esanetan ugalkortasun eza larriagoa da, esterilitatearen kasuan baino zailagoa delako diagnostikoa egitea. Donostiako Quirón klinikako Lagundutako Ugalketa zerbitzuko buru Koldo Carbonerok azaldu digunez, «emakume bat haurdun geratu arren beti umea galtzen duenean arrazoia zein den jakitea oso zaila izaten da eta horri aurre egitea edo zein tratamendu ezarri jakitea askoz ere zailagoa».


Guraso zaharrak gara

Esterilitate kasuak ugaritu izanaren arrazoi nagusia haurrak gero eta beranduago izaten ditugula da. Tabakoak eta estresak ere eragiten dute eta baita arropa estuegia erabiltzeak ere, baina larriena aipatutakoa da: adinak aurre hartzen digula, alegia. Emakumearen adina da kontuan hartu beharrekoa: 18 eta 30 urte artekoa dute adin egokiena. Gizonezkoek, normalean, luzaroago mantentzen dute haurrak izateko gaitasuna.

Euskal Herrian orain gutxi sortu da APRAE, lagundutako ugalketa behar dutenen elkartea. Arazo hau duten bikoteei informazioa eta laguntza eskaintzea du helburu. Bost kide hasi dira lanean, guztiak emakumeak. Isabel Corbacho elkarteko kide da eta arazoa pairatu du. Harrituta dagoela kontatu digu, gomendio eske emakumeek baino ez dietelako deitu orain arte, baina adin ugalkorrean dauden bikoteen kasuan, antzutasuna gero eta gutxiago izaten da emakumearena eta gero eta sarriago gertatzen da gizonezkoen semenaren kalitatea baxuegia izatea. Carboneroren hitzetan, horrek badu bere zergatia: «Lehen ohikoa zen faktore tubarikoa: sexu harremanetan preserbatiboa beharrean pilulak erabiltzen zirenean gertatzen zen, pilulekin ez baitziren tronpetan gertatu daitezkeen infekzioak saihesten. Orain, HIESAri aurre egiteko preserbatiboa erabiltzen denez, emakumeek gisa horretako arazo gutxiago izaten dute».


Aldaketa teknologikoetatik genetikaren hieroglifikoak argitzera

Tratamenduak ere ezberdinak dira esterilitate eta ugalkortasun ezarentzat. Esterilitate kasu urri batzuetan, nahikoa izaten da hainbat botika hartu edota sexu harreman programatuak izatearekin. Kasu gehienetan, ordea, lagundutako ugalketa behar izaten da. Tratamendu hauetan ernalketa sexu harremanik izan gabe egiten da.

Orain 50 urte inguru hasi ziren alor honetan ikerketak eta frogak egiten. Lehendabizi, emaileen bidezko intseminazio artifiziala egiten hasi ziren, albaitariek erabiltzen zuten teknika kopiatuz. Hurrengo pausoa «in vitro» ernalketa izan zen, laborategian. Azken urteetan, teknika hori gero eta mikroskopikoago bihurtzeko egin dute lan eta modu horretan, apurka-apurka ernalketa kopurua areagotzea lortu dute. Kasuan kasuan teknika bat edo beste erabiltzen da.

Hemendik aurrera, genetikak markatuko ditu pausoak. Quirón klinikako arduradunaren arabera, teknika hau kualitatiboki oso ezberdina da, genetikari esker hainbat gaixotasun saihestea eta ugalkortasun ezeko kasu batzuetan lehen lortu ezin zitekeena lortu daitekeelako. Hots, lehen bazirela genetikoki bateraezinak izateagatik haurrak izan ezin zitzaketen bikoteak, eta egun, genetikan oinarritutako teknikak erabiliz, bateraezintasun genetiko hori zuzentzea lor daitekeela. Hor ikusten du aurrerapen handiena Carbonerok.


Ez da erraza, ezta merkea ere

Tratamendu hauek guztiak klinika pribatuetan egiten dira batez ere. Osakidetzak ere eskaintzen du zerbitzua, baina APRAEko idazkari Isabel Corbachok kontatu digunez, bikote asko ez daude prest itxaron zerrenda luzeak jasateko: «Askok berandu hartu dugu ama izateko erabakia eta arazoa duzula konturatzen zarenerako, gutxienez beste urtebete ere galdu duzu. Zerrenda itxaron, tratamendua ezarri eta haurdun geratzea lortzerako denbora gehiegi igaro da. Arrisku handia da». Osakidetzak 40 urtetik behera duten emakumeak artatzen ditu, urtebetez hainbat saiakera egin ostean haurdun geratzea lortu ez dutelako medikuaren gomendioa dutenak. Gainera, aurrez haurrak izan dituztenek ez dute adibidez «in vitro» ernalketa egiteko modurik izaten. Baldintza horiek bete nahi ez dituztenek edo zain egon nahi ez dutenek zuzenean klinika pribatuetara jotzen dute. Lehenago tratamendua jasotzen dute, baina oso garestia izan ohi da. Normalean, haurdun geratzeko saiakera batean 6.000 euro gastatzen ditu bikote batek eta lortu ezean, beste saiakera bakoitzeko berriro ordaindu behar dute.

Isabel Corbachok bere kasua kontatu digu. Orain haurra izateko gertu da eta minez baina pozik hartu gaitu. Izugarri kostatu zaio puntu honetara heltzea, bai psikologikoki eta baita ekonomikoki ere. Horregatik, bi eskaera egiten dizkio Osasun Sailari: «Kataluniako eredua jarraitu beharko genuke. Han, nahiz eta tratamendua klinika pribatu batean jaso, sare publikoak ordaintzen dizkie botikak eta horrekin bikoteak 2.500 euro behintzat aurrezten ditu. Gainera, laguntza psikologikoa eskaintzea ere ezinbestekoa da, kasu hauetan frogatuta baitago oso lagungarria izaten dela».


Denetariko eskatzaileak

Lagundutako ugalketa erabiltzen duten bakarrak ez dira haurrak izateko arazo fisikoak dituzten pertsonak. Bikote homosexualek eta bikoterik gabe ama izan nahi duten emakumeek ere erabiltzen dituzte horrelako teknikak. Espainiako legedian onartua dago, baina nahiko emaile ez dagoela da arazoa. Kontuak kontu, emakumeak ez du dagoeneko gizonezko baten beharrik aurrera egiteko eta bizi itxaropena ere 80 urtetik gorakoa dute Euskal Herriko emakumeek. Hori bai, haurrak izateko adin bat markatzen du naturak eta horren aurka egitea ezinezkoa da. Beraz, borroka bere horretan mantenduko da: gizartearen ohiturek eta naturak eskatzen digutenaren artekoa, alegia.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan