Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-02-11 -- 2075.zenb

Jon Torner


Otsailaren 17an jarriko da abian Dantza Zirkuitua

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak antolatu ohi duen Dantza Zirkuituak sei areto bisitatuko ditu maiatza bitartean: Barakaldo antzokia, Elorrioko Arriola Antzokia, Kultur Leioa, Gasteizko Jesus Ibañez de Matauko zentroa eta Lasarte Oriako Manuel Lekuona eta Donostiako Gazteszena kultur etxeak. Lau dantza talderen koreografia garaikideez gozatzeko aukera izango da. Dantza Zirkuitoaren hirugarren edizioa Ertza konpainiaren Look ikuskizunak zabalduko du, hilaren 17an, Barakaldo Antzokian. Damián Muñoz konpainiak iazko maiatzean Bartzelonan estreinatu zuen Staff obra eskainiko du, Filipa de Francisco eta Idoia Zabaletak Dueto koreografia eta Marco Vargas eta Chloé Brûlé dantzariek flamenkoa eta dantza garaikidea uztartzen dituen Cuando uno quiere y el otro no ikuskizuna.


Euskal kulturgintzaren transmisioa gradu-ondokoa sortu dute

Arteola elkarteak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzietako fakultateak Euskal kulturgintzaren transmisioa gradu-ondokoa sortu dute. Aurrekaririk gabeko mintegi-esperientzia berri horretako irakasleak Xabier Lete, Benito Lertxundi, Bernardo Atxaga, Andoni Egaña, Jon Sarasua, Anjel Lertxundi, Jose Mari Sors, Juan Antonio Urbeltz, Ruper Ordorika, eta Fermin Muguruza izango dira, besteak beste. Izen ematea apirilaren 30a baino lehen egin behar da eta matrikula, maiatzaren 1etik 15era. Plaza librerik geldituz gero, uztailean beste epealdi bat zabalduko da matrikulaziorako. Matrikulak 1.900 euro balio du. Informazio gehiagorako 943714157 telefono zenbakira hots egin edo kulturgintzahuhezi.edu helbidera mezua bidali dezakezue.


9.000 agiri berri jaso zituen iaz Eresbilek

Euskal musika ondarearen bilduma, kontserbazioa eta hedapena xede duen Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak 9.000 agiri berri jaso zituen 2006an. Horietatik 930 euskal konpositoreen partiturak ziren. Dagoeneko 26.000 partitura bildu ditu Eresbilek. Partiturez gain, liburuak, aldizkariak eta bestelako materiala ere gordetzen du Errenteriako zentroak. Hala 2006ko amaieran 67.000 erregistro zituen Eresbilek. Aurten Bidebarrietako liburutegiko Arriaga funtsa digitalizatuko dute. Euskararen erabilera sustatzeko planarekin ere jarraituko dute eta Juan Zelaia Letamendia musika beka emango dute.


Switch on the power! erakusketak artea eta musika uztartuko ditu Gasteizen

Gasteizko Montehermoso kulturunean artea eta musika uztartzen dituen Switch on the power! Zarata eta politika erakusketa paratu dute. 60ko hamarkadatik gaur arte 30 artistek egindako lanak bildu dituzte bertan. Artearen eta musikaren arteko interakzioa bilatzen duten obra horietako gehienak bideoak dira. Besteak beste, Yoko Ono, Chicks on speed, Pam Hogg, Begoña Muñoz, Diamanda Galas eta Alaskaren sormen lanak ikus daitezke. Erakusketa maiatzaren 4a arte izango da zabalik.


Baionan bizi obra estreinatu du Hiru Punttuk

Antton lukuren obra berria estreinatu zuen hilaren 4an Donazaharren Hiru Punttu antzerki taldeak. Baionan bizi izeneko obrak Ipar Euskal Herri barnealdean etxebizitza bat alokatzen duten hiru gazteren eta etxearen jabeen gorabeherak kontatzen ditu. Ekaina bitartean beste hainbat herritan ere eskainiko dute antzezlana. Otsailaren 11n Larzabalen izango da ikusgai.


Euskarazko Wikipedia sustatzeko bloga.

Euskarazko Wikipedia hobetu eta hedatzen jarraitzeko asmoz Wikipediako hainbat lankidek bloga (http://wikipedia.zabaldu.com) sortu dute. Entziklopedia aske hori hobetzeko sortutako proiektuen eta ideien berri emango dute blogean.


Zientziari buruzko web gune berriak

Iragan astean zientziari eta naturari buruzko euskarazko bi web gune aurkeztu zituzten. Gazte-Zientzia.com web gunea gazteentzat sortutako zientziari eta teknologiari buruzko ataria da. EHUko hainbat ikaslek berriz, EuskalNatura.net web gunea zabaldu dute. Euskal Herriko natura eta zientziaren gaineko informazioa bilduko dute bertan.


GAO, soilik Interneten

Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala (https://ssl4.gipuzkoa.net/boletin/asp/index.asp) formatu elektronikoan soilik argitaratzea arautuko duen arau proiektua onartu du Foru Aldundiak. Arau hori indarrean sartzean (ziurrenik martxoan onartuko dute Batzar Nagusiek), GAO ez da gehiago paperean argitaratuko.

Kanpingags antzerki taldeak Lapurren kobazuloa komediaren euskarazko bertsioa estreinatuko du otsailaren 9tik 11ra bitartean Donostiako Antzoki Zaharrean. Stephen Adly Guirgis estatubatuarraren Den of Thieves testuan oinarrituta dago obra hau.

Jesús Jara eta Alfredo Montovani antzerki pedagogo, egile, aktore eta zuzendariek El actor crativo-La actriz creativa liburua kaleratu dute. Pentsamendu tradizionalaren legeei izkin eginez antzerkiaren munduan murgildu nahi duten pertsonei zuzendatuta dago liburua. Artezblai argitaletxeak arte eszenikoen inguruan abian jarritako bildumako lehen alea da.

Ramón Siscart argazkilari espainiarrak Iruñeko Contraluz galerian jarri ditu ikusgai bere irudiak, Entropías izenburupean. Erakusketa otsailaren 28a arte izango da zabalik.

Jose Ricardo Lozanok irabazi du ipuin ataleko euskarazko Donostia Hiria Kutxa literatur saria, Hasperenka lanarekin. Antzerki atalekoa berriz,Luis Haranburu Altunak eskuratu du Josafat obrarekin. Gaztelaniazko atalean Marcelo Lujan eta Francisco Romero saritu dituzte.

Dora Salazarrek Frida aldizkarian: «Museoetan dauden emakumezkoak margotuta daude; asko daude, baina irudietan (...) Emakumeek haurrak izan behar dituzte eta abar. Zailtasunak sortzen dituzten gauza asko daude, genetikoki maila ematen ez dugunik ez baitut uste. Hala ere, amore ematen goaz, edo ateak ixten zaizkigu, ez dakit zer den».

Hasier Etxeberriak Alua Mundua! blogean: «Gaur bertan esan dit editore batek, zaila dela 1.000 ale saltzea, egilea edozein izanik ere. Irakurle gazte asko Interneteko zatikako irakurketaz asetzen dela, edota ez duela astirik bere belaunaldiko gazteen lanez interesatzeko baino. Zenbat ditugu, orduan, irakurle potentzialak? Eta erosleak?, galdetu diot. Ez ditu bereiztu, 3.000 inguru, zorte on-onarekin, erantzun dit. Bistan da 3.000 irakurlek ez dezaketela aitzinatu liburugintzaren industriarik, baina aitzina al daiteke ia irakurlerik gabeko gurealako literaturarik?».

Iker Ortiz de Zaratek Garan: «Antzerkia gutxi baloratzen den artea dela uste dut, irizpide artistiko seriorik ez duten erakunde batzuetatik hasita (...) Burokrazia, bestalde, izugarria da. Erakunde horietan antzerkia babestu nahi duen norbait balego ere, gauza guztiek aurreikusitako epeak bete behar dituzte, eta epeak eta artea ez dira oso bateragarriak».

Xabier Arakistainek Berrian: «Artean ez zait elitismoa batere interesatzen, eta asko kezkatzen nau, gainera. Artearen sektore baten jarrerak kezkatzen nau, pertsona jakin batzuentzako alorra dela diotenena, gizonezkoena gehienetan».

hemeroteka

2074. zenbakia | 2007-02-04
2073. zenbakia | 2007-01-28

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan