Pilar Iparragirre
Has gaitezen titulutik. Zergatik Portukoplak?
Izen hori jarri diot liburuari Koldo Izagirreren poema aintzat hartuta. Kopla hitzak bertso neurri bat esan nahi du, batetik; baina, bestetik, badu bigarren adiera bat. Kopla, gurean, olgeta ere bada, planta, broma. «Kopla gutxiago» esaten denean, planta gutxiago ibiltzeko esan nahi da, lanari serio ekiteko. Nik bigarren adiera hori ere kontuan hartu dut liburua moldatzeko orduan, eta poemen eta kanten komentarioak idazteko orduan.
Melville eta haren Moby Dick nobela dakartzazu gogora liburuko sarreran. Arrazoia?
Herman Melvilleren meritua ez delako soilik itsas giroa paperera ekartzea. Gizakiaz ari da Moby Dicken. Izan ere, den-denok ari gara geure bizitzan balea zuriaren atzetik amore eman gabe eta ondokoei sinetsi gabe; eta azkenean, aurkitzen dugunean, berarekin batera eramaten gaitu hondora. Bila ibiltzea. Ez al da hori arrantzalearen izaera definitzen duena? Ez al da hori bizitza bera?
Itsas kanta eta poema antologia honen zergatia?
Francisque Michel kexu zen XVIII. mendean, esanez ez zegoela itsasoarekiko lotutako kantarik gure tradizioan, oso gutxi geratzen zirela. Julio Caro Baroja ere iritzi berekoa da haren Los vascos y el mar saio bilduman. Beranduegi bildu omen zen kostaldeko altxor hori guztia, eta bildu orduko olatuek eramana zuten ia dena. Ba omen dira kanta eta ipuin batzuk, baina oso bakarrak. Hiru olatuen ipuina, esate baterako. Baina gutxi hala ere. Nire antologiaren asmoa ahozko tradizioan dagoen gutxi hori jaso eta euskal idazleen idatziekin elkarrizketan jartzea da.
Portukoplak. Itsas kantak eta poemak
Kirmen Uribe
Elkar
250 orrialde
17,50 euro
Uriberen itsas kanta eta poemen antologia
Modu erabat pertsonalean eginiko antologia da Kirmen Uribek Portukoplak. Itsas kantak eta poemak izenburuko liburuan agertzen duena. XIX. mendean sortua bezala kokatzen duen Boga-boga abesti ospetsutik hasita Koldo Izagirrek Non dago Basques'Harbour liburuan sartu zituen Portukoplak-etaraino, itsasoa eta harekin lotutako bizitzaren gainean euskaraz sortu diren hamaika kantu zahar eta berri, poema eta bertsori buruz egin du gogoeta Kirmen Uribek lan honetan. Nolanahi ere, portua hartu du ondarrutarrak ardatz, Atako bandan (Itsasorantz), Herriko bandan (Porturantz), Atako bandan (berriz ere), Portukoplak eta Irla bakarti baterako liburuak deitu atalak dauzkan bilduman. Asko dira Kirmen Uribek jasotako piezak, eta ezin hemen denak aipatu, baina adibide moduan hor aurkituko ditu irakurleak, besteak beste, Neska ontziratua, 1921eko galerna, Manual Devotionezcoa, Ilbeltzaren zortziko biajia, Ondarrutar oriek, Hendaiako gaztelua, Itsasoa laño dago, Ana Juanita, Txakur arrantzaleak, Andrak, Gabriel Aresti Ean, Xabier Leteren Habanera, Joxe Mielen batela, Beti eskamak kentzen eta Jon Maiak idatzi eta Benito Lertxundik kantatutako Itsasoa irailean.
Maider Beldarrain
Trikitiak aldaketa asko jasan ditu azken urteotan. Asier Gozategik aldaketa horretan bere apurra jarri du. Tradizionaletik ikasi du dakien guztia, baina nortasuna eman dio instrumentuari. Ez da hausteagatik hautsi nahi duen horietakoa, ezta fotokopiatzea gustuko duenetakoa. Gizarteaz kezkatuta, kantuen bidez bizitzen ari garena erakutsi nahi du. Hemendik urte batzuetara Goztgi.kom
1995ean hasi zen Gozategi talde moduan jotzen. Noizbait pentsatu al zenuten, trikitiak hainbesteko zaletasuna zuenik Euskal Herrian?
Hasi ginenean ez dut uste hainbesteko zaletasuna zegoenik. Plazaratu genuen lehen diskoaren arrakasta harrigarria izan zen, eta ordura arte trikitia sekula entzun ez zen txokoetaraino iritsi zen. Adibidez, 40 Principales irrati katean entzuteraino edota giro euskaldunekoak ez ziren tabernetan jendeak dantzatzeraino. Trikitiak nortasun handia du, eta estilo tradizionaletik haratago Kepa Junkerak eta Joseba Tapiak beste zentzu bat eman diote instrumentuari. Beti ere, aurrekoa baztertu gabe, baina pieza berriak sartuz. Agian, hasieran euskal entzuleak ez zuen ulertzen aldaketa hori, eta musikariok entzuleek bezala ikasten joan behar izan dugu.
1995ean, diskoa ateratzearekin batera bizi izan zen triki-boom horretan, trikitiak bere benetako identitatea berreskuratu zuela uste dut.
Bost urtetan lau disko kaleratu zenituzten, aldiz azkenekoa ateratzeko sei urtez isilik egon zarete. Zer egin duzue urte hauetan guztietan?
Bizitza aurrera atera ahal izateko, musikaren aldeko apustua egitea oso arriskutsua da Euskal Herrian. Egia esan, musika egiten jarraitzeko bestelako sostengu batzuk izatea beharrezkoa da. Diru-iturri bakarra musika izanik bizitzea, oso zaila baita. Sei urte hauetan arrebak (Ainhoa Gozategi) eta nik ostatua ireki dugu Orion, eta Iñigo Goikoetxeak ere negozio bat ireki du. Halere, bestelako lanak egitearen arrazoia beti izango da musika egiten jarraitu nahi izatea.
Elkar disketxeak ekoitzi ditu aurreko lau diskoak, oraingoan, ordea, Babelmusik disketxe berriagatik egin duzue apustu. Zer dela-eta aldaketa hori?
Elkar disketxearekin 2000n atera genuen azken diskoa, eta ondorengo 2-3 urteetan gure lehentasuna ez zen disko bat ateratzea izan, talde bezala bestelako nahi batzuk genituen. Geure burua diskoa ateratzeko prest ikusi genuenean ordea, konturatu ginen gu ez ginela sartzen Elkarren planetan. Sarritan disketxearen interesak eta musikarionak ez datoz bat, diskoetxeen lana estrategia kontuak baitira, eta horiek musikarion bizitza erabat baldintzatzen baitute. Gogorra izan zen, azken batean, guk Elkarrekin 100.000 disko baino gehiago saldu genituen, eta ez genuen horrelako jarrerarik espero. Elkarrek produktuari eta salmentari begiratzen dio, ez musikariari. Babelmusik disketxeak, eskaintza bat egin zigun. Disketxe berria da, eta egun disketxe txiki asko desagertzen ari diren momentuan, Babelmusik sortzea asko gustatu zait. Nolabait, horrek erakusten baitu korrontearen aurka doala, eta nik hori atsegin dut. Gainera, ona da gauza berriak probatzea, jakiteko aurrez probatuta zenuena ona ala txarra zen. Aldaketak geuregan ilusioa piztu du.
Batzuek diote azken disko honekin «hasierako jarrerara» itzuli zaretela.
Niretza hori piropoa da. Kontutan hartu behar da, hasierako diskoa oso naturala eta espontaneoa izan zela. Lehenengo diskoa entzuten dudanean konturatzen naiz, ingenuitatez beterik dagoela, nahiz eta, oraindik ere gure barruak esan nahi duena adierazten jarraitzen dugun.
Gustura al zaudete Goztgi.kom diskoaren emaitzarekin?
Oso, oso gustura. Lana egiteko modua ere oso desberdina izan da. Guk orain arte Elkarreko estudioa bakarrik ezagutzen genuen, baina oraingoa ezberdina izan da. Aldaketak egoteak, aurretik izan duzuna apreziatzeko aukera ematen dizu, eta konturatu gara aurretik izan ditugun teknikari, musikari, produktore eta abarrek maila altua zutela.
Disko bakoitzak bere identitadea duela dirudi, zein da Goztgi.kom diskoaren identitatea? Zer esan nahi izan duzue?
2000az geroztik hainbat gertakari izan dira, eta Goztgi.kom diskoan hori guztia islatzen saiatu gara. Pezetetan saldu genuen aurreko diskoa... Sei urte hauetan behi eroak, ilegalizazioa, irailak 11, Egunkariaren itxiera, etorkinen etorrera... gertatu dira. Ez dugu gaiak bilatzen ibili beharrik izan, gaiak mahai gainean baitzeuden. Guk disko hau, bizi dugun gizartean erreferente izatea nahi dugu, nolabait hemendik hamar urtetara norbaitek diskoa entzungo balu, jakitea zer gertatu zen hamar urte lehenago. Nik musikaren bidez aldarrikatzeko beharra sentitzen dut eta horixe egiten dut.
Musikari bat musika egitetik bakarrik bizi al daiteke Euskal Herrian?
Zuzeneko musikari bezala bizitzea oso zaila da. Urte batzuetan bizi daiteke, eta gutxi batzuk bizi dira, baina oro har, musikariak lan egin behar du jendeak bera kontratatzeko. Errazagoa da tabernan zortzi ordu sartu eta etxera joatea.
Kanpotik badirudi musikariok nahi duzuena esan eta egiten duzuela, autonomia handia duzuela lanerako. Ideia zuzena al da?
Ahal duguna egiten saiatzen gara, eta nahi duguna ahal dugunarekin bat datorrenean, hori lortzen dugu. Ederra izaten da.
Kanten letrak zuk zeuk idazten dituzu, kolaboratzaile batzuez gain. Azken disko honetan atzerritar batzuk ere parte hartu dute?
Letrak gehienak nik neuk idazten ditut, eta kantuaren esanahiak katalanera eta galizierara itzuli dira. «Extranjeroek» itzuli dute. Ez ditugu orain arte bezala gaztelaniara eta frantsesera itzuli eta kantua hitzez hitz itzuli beharrean, kantuaren nondik-norakoa bakarrik azaldu dugu. Honez gain, Ijituak kantuan Julian Cobzaru akordeoi jolearen laguntza izan nuen. Errumaniarra da eta egunero Donostiako Boulevarrean jotzen aritzen da. Bion artean, oilar jokoa egiten dugu kantu horretan, bera akordeoiarekin eta ni trikitiarekin.
Azken urteotan asko hitz egin da top-manta edota Internet bidez musika doan jaisteari buruz. Zenbateko eragina dute musikariongan horrelako jarduerek?
Gehienbat disketxeei eragiten die, baina beraiei eragiten dien momentutik geuregan ere badu zeresana. Egia da, Euskal Herrian mugitzen diren kopuruak ez direla handiak, baina, internazionalki mugitzen diren taldeetan erreparatuko bagenu diru askoz ari gara hitz egiten, eta galera ere horrelakoa izango da. Halere, nik nahiago dut ehun mila disko pirata saldu, bost mila original baino. Horrek esan nahiko baitu gure musika hedatzen ari dela. Gainera, guk etekina zuzeneko musikatik ateratzen dugu.
Internetek ikaragarrizko aldaketa ekarri du, eta badirudi etorkizun hurbilean diskoak produktu bezala desagertu egingo direla. Musika beste modu batean hasi beharko da saltzen. Tomateak Internet bidez jaitsi ahalko balira, nork erosiko lituzke dendan? Musikarekin berdina gertatzen da.
Musikarion lanak oso ezegonkorra dirudi. Ez da egunean zortzi orduko lana. Zer iruditzen zaizu?
Musikariak berak jartzen ditu arauak, ordutegiak edota funtzionatzeko moduak, beti kontutan izanda bizitza aurrera ateratzeko norberak estrategia batzuk izan behar dituela. Seguru nago gazte batek bere gurasoei musikaria izan nahi duela esaten dienean, gurasoak ez direla poztuko. Inork gutxik sinisten baitu zuzeneko musikatik bizi daitekeenik. Musikatik bizitzea apustu handia da, arrisku handia dakar, eta egiten ari zarenean sinistea ezinbestekoa da.
Zein da gogoan duzun momentu profesionalik onena?
96an Bilboko jaietan izan zen. Bertan musika jo behar genuen, baina iritsi ginenean eta tabloia hutsik ikusi genuenean, hura sustua! Segituan managerrari deitu genion, eta berak jaietako antolatzaileari. Dagoeneko berandu zela-eta, ezin izan zuten musika ekiporik lortu. Zerbait lortu zuten, eta hiru kanta besterik ez genituen jo, bat Emoixtaxux muxutxuek izan zen. Entzuleak ez ziren haserretu, eta ikaragarria izan zen hura. Egia esan, haserretuta geundenak gu ginen, antolatzailearen hanka sartzeagatik. Hiru kanta jo ondoren, ordu eta erdiz egon ginen sinadurak ematen. Izugarria izan zen...
Bestalde, lanbide honek eman digun gauzarik onena, hainbat leku ezagutzeko aukera izan da, besteak beste; Argetinan hiru aldiz, Uruguayn, Finlandian, Katalunian, Madrilen eta abar egon gara. Eta jakina, Euskal Herriko txoko asko ezagutu ditugu. Honek guztiak jende asko ezagutzeko aukera eman digu eta horrek ez du preziorik.
Nolakoa da Asier Gozategiren egun arrunt bat?
Niretzat, egun denak desberdinak dira. Egunero, arratsaldean hasi eta itxi arte tabernan aritzen naiz lanean, astean bitan trikiti klaseak ematen ditut Orion. Goizetan ahal badut lo egiten dut, nahiz eta, beti egoten den zerbait egiteko.
Gustura al zaude lortu duzunarekin?
Bai, baina kontziente naiz egindakoarekin ez zoazela inora, eta egiteko duzuna dela bidea. Ez dut nahi egindakoaren kezka eduki: egingo dudanaren kezka izan behar dut. Gainera, beste disko bat kaleratzeko asmoa dut, datorren urtera begira, eta horretarako jada lanean hasi behar gara.
Gorka Bereziartua
Instituzioek eta sariek pisu berezia dute gurea bezalako literatur sisteman. Publikoarengana iristeko bide nagusienetakoa izaten jarraitzen dute Euskadi Sariek eta antzekoek. Zer dago jokoan idazleentzat horrelako sarietan?
Idazlearentzat, publikoarengana iristeko bidea, ekonomiako itokin batzuk estaltzeko diru-poltsa, itzulia izateko aukera, prestigioa...
Argitaletxearentzat, liburu bat errentagarri bihurtzeko modua, idazleei argitaletxea bera erakargarria egiteko amua... Instituzioentzat, bere burua zuritzeko era, kulturaren arloan ongi ari direla erakusteko leihoa...
Hainbesteko pisua izatea ona da edo beste bide batzuk indartzea komeni da?
Bistan da sarien kontua 'ogia gaurko, gosea biharko' dela. Baina zoritxarrez, dagoena dago, eta gauzak dauden bezala daude.
Koldo Izagirre eta Euskadi Sarien afera 2003an azaldu zen prentsan. Izagirre itzulpen alorreko finalista zen baina onespen-agiria sinatzeari uko egin zion eta finaletik kanpo geratu zen. Jarrera horrek eraginik izan al du zure ustez aurten saria ez emateko?
Ez dakit. Nabarmendu nahi dut, ordea, bi urte geroago alde guztiak -epaimahaikideak, Lakua, EIE, EIZIE...- bat etorri zirela, eta onespen-agiria ez zela egokia onartu zutela. Eta kendu egin zuten arauetatik. Beraz, arrazoia aitortu zioten. Onespen-agiria izenpetu behar izateak ez zuen bururik, ez hankarik. Eta ez zen idazlearen edo itzultzailearen interesen aldekoa. Dakidanez, inork ez du txintik esan aldaketa horri buruz.
Planto egiteko ordua dela adierazi duzu ARGIAko Urtekarian: zer esan nahi duzu horrekin?
Planto egitea da adieraztea ez garela joko horretan gehiagotan arituko. Ikusiko dugu.
Idazle eta erakundeek zuk aipatzen duzun «baraja zaharra» puskatuko dutela uste duzu?
Ez dut esperantza handirik, ez idazle gehienen aldetik, are gutxiago erakundeetatik.
Aurten Izagirreri saria eman ez izanaren atzean literaturaz aparteko irizpideak daudela iradoki duzu, ez zaiola «ofizioa barkatzen» alegia. Zer da ofizioa ez barkatzea?
Objektiboki esanda, nork erakuts dezake, azken hogeita hamar urteak kontuan harturik, Izagirrerena bezalako curriculumik euskal literaturan? Oso-oso gutxik. Baina ez omen du inoiz Euskadi Saria irabazteko beste meriturik egin. Bitartean, beste askok jaso du sari hori. Beraz, ondorio lojikoa da pentsatzea ez diotela saria ematen idazle saiatua delako. Ofizioa ez diotela barkatzen, alegia.
Eta gainera, ez gaitezen hainbeste zentratu Izagirreren kasuan. Aski litzateke sariaren historia arretaz begiratzea -irabazleen, finalisten, epaimahaikideen, argitaletxeen izenak-, hainbat ondoriotara iristeko; esaterako, bada ia urtero finalista izaten den idazle bat, sekula irabazten ez duena. Normala da?; esaterako, posible litzateke idazle atzerriratu batek inoiz irabaztea?; esaterako, posible litzateke, demagun, ohiko zirkuluetatik eta gezurmendietatik kanpo ibiltzen den idazle batek -zer esanik ez poeta edo saiogilea bada, zer esanik ez gaztea ez bada- aukerarik izatea? Asko dira baztertuta daudenak. Eta ez irizpide literarioengatik.
Zu Euskadi Sarietako epaimahaiko kide izana zara. Zein neurritan eragiten dute erakunde publikoek azken erabakian? Epaimahaikideek ere, idazle eta literatur munduko jendea izanda, zenbateko ardura dute?
Nik ezagutzen dudan kasuan, erakunde publikoaren iritziak pisu ikaragarria dauka. Inor ez da ausartzen erakunde publikoari aurka egiten, eta erakundeak mila bide ditu zer ez duen nahi, gutxienez, aditzera emateko. Baita zer nahi duen, zehatz esateko ere, batzuetan.
Orain dela hiru urte Itzulpengintza alorreko Euskadi Sarietako epaimahaiko partaide zinela, irregulartasun batzuk ikusi zenituen bozketa prozesuan. Orain erabaki duzu gaia publiko egitea. Zergatik orain eta ez lehenago?
Denbora tarte horretan konbentzitu naizelako isilik egonda ez diogula batere laguntzen gure literaturari. Alderantziz.
«Ez gaitzaten tronparazi beren baraja markatuekin, uneko egokieraren arabera aldatzen dituzten arautegiekin, botoak kontatzean egiten dituzten hutsekin». Zertan oinarrituko litzateke zuk eskatzen duzun «baraja berria»?
Ez dakit, ez daukat ezer pentsatuta. Injustizia eta partzialkeria gure-gureak dira, pertsonaren atributoak dira. Baina gauzak urrutiegi joaten direnean alto jartzen saiatu behar da. Ustelkeria neurri bat onartu beharra dago, ezinbestez; neurriz gainekoa eta inoren lotsa emateko modukoa denean, leihoak ireki behar dira, gutxienez, itoko ez bagara.
Gaur egun Euskadi Sariek prestigiorik badute zure ustez?
Nire jarrera zein den garbi dago. Bestela ikusi artikulua.