Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-02-11 -- 2075.zenb

Bixente Serrano Izko

Atzo A-ri luzatu zenion kritika, zorrotz ala kamutsagoa, eta berehala atera zitzaizkizun batzuk B-ren bidegabekeriez eta larderiaz ahaztu zinela. Gaur, ez A-ren aldeko erantzuna kontuan hartu duzulako, zure pentsamenaren erraietatik berdin etorri zaizulako baizik, B-ri egin diozu bertze kritika bat: zer erranik ez, A-ren astakeriak jarri dizkizute aurpegiaren aurrean, zurea entzun bezain fite. Bai A-ren aldekoek nola B-renek leporatu dizute nahita nahiez hor dagoen ezpataren aho gainean bizi nahi duzula, ez alde batera ez bertzera erori nahi ezean, eta errealitatetik kanpo bizitzea dela hori, guztien gainetik zeure burua kokatu nahi ezina dela: ongi eta gaizkiaren gainetik. Zeure buruari begiratu diozu eta ezpataren aho gainean ez, ezpataren bi ahoen azpian duzu ikusi, ongi eta gaizkiaren gainetik ez, batzuen eta bertzeen bidegabekeriek eta astakeriek zanpaturik baizik.

Berriro ere ekin diezu kritikei. Orain bai, A-ri kritika luzatzean, gogora ekarri dituzu B-ren bidegabekeriak, baina ez A-ren jokamoldea «ulertze»/leuntze aldera, alderantziz, zure kritika zorrozte aldera, ageriagoan jartzeko A-ren jokamoldearen desegokitasuna B-ren bidegabekeriak geldiarazterakoan. Hurrengoan ere bai, B-ri kritika egitean, A-ren astakeriak barraratu dituzu, haietaz justifikazio gisa baino ez dela B baliatzen, berez bere larru-poruetan izerditzen den autoritarismoa guk geuk geure egite aldera.

Alferrik ibili zara. A-ri kritikatzen badiozu, B-ri ere kritikatu behar -eta alderantziz, zeinen aldekoak dituzun aurrean- mintzo lerrokatze edo ahoskatze berean, justua izanen bazara; bertzela, badakizu, kritika jasotzailearen etsai eta, okerrago dena, biharko utzitakoaren lagun. Zeure buruari galdetu diozu: ez ote zaizkit biak ala biak eskatzen ari bidegabekeriak gaitzetsi ditzadan, guztiak, «nondik-nahi etortzen diren», erramolde sagaratu horrekin alegia? Eta irudikatu duzu zer gaitzespen zaparrada eroriko litzaizukeen bi aldeetatik, erabileraren erabileraz eta higaduraren higaduraz mamiz husturiko topiko baldar horren pean «babestuko» bazenu zeure burua.

Etsirik gelditu zara lipar batez. Zurea ez den gerra batean ez ote zara sartu? Hor konpon gerlari horien artekoa! Alta, bizkarra altxatzearekin batera nabaritu duzu gainean bi ahotako ezpataren zama, eta konturatu zure gerrakoa ez dela baina zeu salbatzeko jarri omen dizutela, eta bertze gerra bat duzula zurea, gainean duzun bi ahotako ezpataren zamatik askatu beharrekoa. Hori bai, hitza zure ezpata, «noranahi joaten den».

Joxemari Ostolaza

Goizero hartzen dut Berria eta irakurtzen. Ez da kontsumitzen dudan egunkari bakarra, baina bakarra naiz Berria erosten dozena bat egunkari pila aurrean ditudala. Beti leku berean. Eta bakarra izateak egin nau berezia saltzaileak turnoka lanean ari diren denda horretan. Seitik batek soilik egiten dit Buenos dias, besteek Egunon eta bat saiatzen da euskaraz, dakien apurra erakustea maite du. Goizero, beraz, egiten dut Espainiara, Vocentora. Eta goizero geratzen naiz eskelak begiratzen. Berrogeita hamar inguru egunero. Euskaldun dezente, bestela Berrian agertzen ez direnak. Eta astero ezagun pare bat. Lehengo astean Esperanza Chaos Lloret ikusi dut bietan. Iñakiren ama. Urte t'erdi omen zeraman semea ikusi ezinik. Joan da semearen aurretik, seguruenik semearen egoeraz etsita semea hilzorian baina artean bizirik mundua utzi nahiko zukeena. Berriak ekarri dit Arantzazuko Bake zentroaren mezua. Hitz larriak larri dabiltzanen etxetara. Kurtsoak iragartzen ditu, bake bila dabiltzanentzat. Ez du preziorik ematen, bakeak preziorik ez balu bezala. Baina kurtso ordainduak izanen dira, agian debaldetan Iñaki bezalako amen seme-alabentzat bederen, bakea hitz erabilien hori urrunegi dutenentzat. Esperanza zuen izena.

Xabier Oleaga

Eszenategi politikoa aldatu eta Irlandaren batasuna lortzeko eragingarritasuna Sinn Feinn-ek sortu du» esan omen zuen Gerry Adamsek iragan igandean burututako kongresu nagusian, zeinetan ontzat eman baitzuen Ipar Irlandako polizia gorputz eraberritua. «Urrats historiko» gisa aurkeztu izan da Ipar Irlandako errepublikarren oraingo hau.

Lezio ederrak. Aspalditik ari gara hemen ere historikotzat jo daitezkeen urratsak ematen, baina politika arrunt eta kontsumo azkarreko produktu gisa bihurtzen, nolabaiteko abilezia faltaren batengatik. Eta tamalez izan ere, zeren eta garrantzi handia dauka, aldaketa politiko sakon eta zailek behar duten giro sozialerako, letra handiko historia egiten ari diren uneetako protagonistak eta lekukoak izatearen kontzientzia soziala hartzea. Alegia, suetena ematen bada, neurri historiko gisa egiteak garrantzi handia dauka, handik hilabete gutxira arrunkeria hutsa bihurtu gabe. Eta presoen inguruan zein indar politikoen legeztatze aldera erabaki garrantzitsuren bat hartzen bada, ezin dira badaezpadako neurri gisa aurkeztu. Alegia, neurriak hartu beharra dagoela ondorio guztiekin, konplexurik gabe, profil argiarekin, edota gizarteak ez du barneratuko eraldaketaren zantzurik eta ez zaio jarrera aktibo batez atxikiko.

Aurrekoa garrantzitsua izanik, are lezio garrantzitsuagoa Adamsek eta bere ingurukoek ongi barneratuta dutela eurena dela eraldaketaren iniziatiba, azken batean eurak direlako irabazteko gehien dutenak, Irlanda Batura iristeko aukerak alegia.

Hori hemen gertatuko balitz Ezker Abertzalearen aldetik, prozesuaren hiru laurdenak eginda leudeke. Madrilek eta Parisek Euskal Herria munduko herri aitortuen mapan sartzea eragotzi nahi izan dutelarik, urteetako erresistentziak, sufrikarioaren merkatuan prezio handia ordainduta, ezindu du ahalegin hori. Baina erresistentziak ere bere mugak ditu, eta azken urteetan korapilo egonkor eta ustelgarrian sartuta aurkitzen da, aitortzaren kausa bera impasse egoera batean sartuaz.

Egoera honen parekorik bilatzekotan, iragan mendeko hirurogeigarren hamarkadara jo beharko genuke. Francok eragindako gerraren gertuko ondorio garai haietan gertakari eraldagarria gauzatu zen, ETAren sorrera.

Gaur egun pareko zerbait abian jarri beharra dago. Argitasuna eta ausardia, ausardia handia, eskatzen duen erabakiak hartzea. Eta erabaki horiek Ezker Abertzaleak bakarrik hartu ditzake. Eta erabakitakoa, konplexurik gabe, zalantza arteko epelkeriarik gabe, Gerry Adamsek eta Ipar Irlandako errepublikarrek bezala, bestela, eraldaketarako eragingarritasuna galduko du.

Une zaila bizi dugu denok, zalantzarik gabe, noraezaren gatibu. Koiunturaren olatua profitatu nahi izango balitz, erlojuaren aurka ere ari gara. Ez dakit, ordea, denbora arazoa den, ala determinazio gabezia. Bigarrena egin behar duen lekuan badago, denboraren estua abantaila ere izan daiteke. Bertigoa gainditzeko, zirt edo zart.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan