Onintza Irureta
Magan kazetariaren odisea: Irlanda zeharkatu gaelikoa erabiliz
Sustatu.com-ek eman digu Irlandako TG4 telebista publikoak egindako erreportaje sortaren berri. Telebista kateak Manchán Magan kazetari gaztea Irlandara bidali zuen baldintza batekin: kosta ahala kosta gaelikoz hitz egingo zuen, beti gaelikoz. Bi gauza egiaztatu nahi zituen TG4 kateak: batetik, erroldan, gaelikoa hitz egiteko gai direla dioten 1,6 milioi irlandarrek egiaz gaelikoz badakiten jakitea eta bestetik, ea ingelesez hitz bakar bat ere egin gabe Irlandan moldatzerik baden. Kazetariak 1.600 kilometro egin ditu Irlandako bazter guztietatik, eta sagar zukua erosten, autoa konpontzeko mekanikoa telefonoz lortzen, diskotekan ligatzen, zakur lasterketetan apustua egiten... saiatu da, gehienetan ezin elkar ulertu eta aurpegi arraro asko. Gaelikoa Europako Batasunean ofizial egin berri dute.
Bideoak kazetariaren web gunean daude (
www.manchan.com) eta youtube-n ere bai.
'Busturialdeko Hitza' bost egunetan
Asteartetik igandera banatu da orain arte Busturialdeko Hitza, baina hemendik aurrera asteartetik larunbatera banatuko da, hau da, astean bost aldiz. Erabakia «Bizkaiko Foru Aldundiaren eta eskualdeko udal gehienen diru laguntza politikaren» ondorioz hartu dutela jakinarazi du zuzendaritzak. Erabaki hori hartzeaz gain, harpidetza kanpaina abiatu dute. Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzarekin ere erabaki bera har dezakete arrazoi berberengatik.
'Andolin gogoan'
Andolin Eguzkitza idazle eta hizkuntzalariaren omenez argitaratu dute liburua. Itziar Laka eta Beatriz Fernandez EHUko Hizkuntzalaritza irakasleak eta Eguzkitzaren lagunak aritu dira hizkuntzalaritza kontuak jorratzen dituen liburua prestatzen.
Eskola Kontseiluak hizkuntz eredu bakarra eta malgua onartu du
Euskadiko Eskola Kontseiluko Batzorde Iraunkorrak horixe onartu du, aldeko hamasei boto, hiru kontrako eta beste hiru abstentziorekin. ELAk (bi abstentzio eta aurkako boto bat) oraingo ereduen sistema aldatzeko eskatu eta euskalduntzeko erritmo azkarragoen alde egin du. LABeko ordezkariek proposamenaren aurkako botoa eman dute. Besteak beste, gizarte elebidunaren kontzeptuaren ordez «kide eleanitzez osatutako komunitate euskalduna» erabiltzea proposatu dute eta onartu egin zaio. Aldeko botoak CCOO sindikatuak eta gurasoen elkarteetako kideek eman dituzte, besteak beste.
Xabier Letona
Azken txanpan sartu da 18/98 makroauzia, zigorren eremuan edo amesgaiztoarekin bukatzeko unean. Denetarik egongo baita ezker abertzalea kriminalizatzeko inoiz izan den epaiketarik handienean. Urtebetetik gora asteroko Madrilgo jipoia jasan ondoren, une gogorrenetakoari egin beharko diote aurre auziperatuek, batetik orain ezagutuko dituztelako zigor eskaerak mantendu ala aldatzen diren; bestetik, laster epaiketa bukatuko delako.
Epaiketan zehar anabasa nagusitu da eta akusazioen ahuldadea agerian geratu da, baina alde horretatik ez da berrikuntzarik, hasieratik ezaguna zelako operazio juridikoa baino operazio politikoa zela. Epai honek bi aurrekari ditu, bata ona eta bestea txarra: Haika-Segi auziko epaia da txarra eta Egunkaria auziko fiskalaren artxibatze eskaera ona. Egunkariarena Barajasekoaren aurrekoa da, ezker abertzaleko gazteena ostekoa.
Martxoaren lehenengo hamabost aldirako espero da epaiketaren amaiera, eta martxoaren 10ean J'Accuse kanpainaren amaiera aurreikusten da, eskubide politiko eta zibilen aldeko manifestazio batekin. Azken finean, une politikoaren termometro bat gehiago da auzia eta honen inguruan hartuko diren erabakiak.
The Times-ek agerkari digitalean plazaratu duen argazkiak Ińaki de Juanaren egoera larria agertu du, lehenbiziz irudiz. Astelehenean aztertuko du bere kasua Espainiako Auzitegi Gorenak eta jadanik denetarik argitaratzen ari da Espainiako komunikabideetan.
Hasiera batean bost epaileri zegokien gaia jorratzea, baina azkenean Zigor Aretoko osoko bilkura osatzen duten 13 epailek erabaki beharko dute; hauetatik zortzi kontserbadoreak ei dira eta bost aurrerakoiak.
Hipotesi ugari ari da kaleratzen, baina presoaren behin-behineko askatasunaz Entzutegi Nazionalak erabakitakoaren ondoren ezkortasuna handia da.
De Juanak eutsi diezaioke bere egungo egoerari, agian beste 50 egunez edo gehiagoz, GRAPOko presoen aurrekariak hor dira, eta akaso bihar bertan hil, medikuek ohartarazi duten moduan. Auzi-epaiaz bakarrik ez, Goreneko togadunek De Juanaren heriotzaz ere erabaki beharko dute.
Milakabilaka, Bider mila, Konponbide.com, Bilboko gotzaitegiko ekitaldia, Kataluniakoak... Herritarrek bake prozesu batean duten garrantziaz ohartu bide dira orain indar politiko eta instituzioak; Barajasekoaren aurretik ere lantzen ari ziren ekimenak dira, baina ostean erabateko zentzua hartu dute.
Bake prozesua krisi larrian dago, baina oraindik ez da guztiz hautsi. Ikusten dugunetik abiatuta, denak adierazten du lur azpiko korrontean ura badabilela; ikusiko da ea azaleratzea lortzen duen edo ez.
Juan Mari Arregi
Gorako biribiltzeak kentzea zerbitzu batzuetan, telefonia mugikorrean kasu, erabateko aztoramendua sortzen ari da enpresotan. Horiek, ordainetan, segundukako salneurri-zerrenda berria izango dute martxoaren 1etik aurrera. Deiak ezartzea 15 zentimo igoko da, horrek %25eko igoera esan nahi du eta minutuko prezioaren %15-20 esan nahi du. Egun horretarako Internetetik «Sakelakorik gabeko» protesta egunaren deialdia egiten ari dira, telefono-operadoreen gehiegikeria salatzeko. Ez dago gaizki, baina beldur gara sakelakoak berdin-berdin entzungo ez ote diren leku guztietan. Zerbait gehiago behar da: legeria sendoa, prezio egokiak ezarriko dituena eta horietatik gora egiten duten telefono-operadoreak irmoki zigortuko dituena. Egungo zigorrak hain dira txikiak, non telefono-operadoreek nahiago baitute ordaindu eta abusatzen segi, erabiltzailearen lepotik milaka euro irabazten baitituzte (Movistarrek, Vodafonek eta Orangek iaz 800 milioi euro baino gehiago irabazi zuten biribiltzea egiteagatik). Horrelako zerbait egin beharko litzateke bankuko komisioekin. Kreditu txartelen komisioak %19,4 igo ziren 2006an, KPIaren igoera (%2,7) baino zazpi aldiz gehiago, Espainiako Bankuaren arabera. Banku eta Kutxen erabiltzaileek 228 euro ordaintzen dituzte bataz beste, aurrezki- eta kontu-korronteak erabiltzeagatik, txartelak erabiltzeagatik eta transferentziengatik. Eta hori ez da egiten diguten burla bakarra, komisio horiek igotzen jarraituko dutela dio Bankuen Elkarte Espainolak, Europako beste estatuetakoak baino txikiagoak omen dira eta! Aski da!
Pablo Suberbiola Arkaitz Zarragari erantzunez erabili.com-en: «Zer gertatuko litzateke, funtzionario izateko asmotan diren PL 2 eta 3-ko ikasle (potentzial)ei, euskara, ikasi ćbeharreko zerbait bezalaĆ proposatu beharrean (nolabait esatearren), erabat hautazkoa den lorpen bezala planteatuko balitzaie, eta gainera lorpen hori diruz ondo saritu? (...) Demagun hartzen duela Osakidetzak (edo, zergatik ez, Herrizaingo Sailak) eta halako zerbait proposatzen duela, publikoki: '2010 edo 11ko lan eskaintza publiko batean parte hartzeko orain izena ematen duen edozein euskal herritarri, eta gaur egun euskara batere ez edo gutxi dakien hari, eta hemendik hiru-lau urtera lan eskaintza publikoko probak berriz BECean egiten direnerako, euskara ikasi duenari, ikasteko moldatu denari (klaseetara joanda -lanorduz kanpo-, ezagunekin hitz eginda, EiTB ikusi-entzunda...) lehentasun majo bat (x) emango zaio lan eskaintza horretan plaza lortzeko. Eta lan eskaintzan lehentasun hori emateaz gain, funtzionario plaza lortzen badu, sari gisa, sartu aurretik euskara ikasteko moldatu delako, adibidez 60.000 euro emango zaizkio'. (...) Zer inpresio?».