Nagore Irazustabarrena
San Ferran kaleko 12.aren parean bi emakume geratu dira neoizko argiz betetako eraikinari begira. Urre koloreko hizkietan «Octubre» dago idatzita, baina azpian oraindik «El Siglo Valenciano» irakur daiteke. «Zer da hau?», galdetu du gazteak, eta zaharrenak ez dakiela erantzun dio, baina aspaldi «El Siglo» izeneko almazen ezagunak bertan zeudela. Sartu-ez sartu ibili dira. Tentazioa izan dute behintzat.
Octubrek duela aste gutxi zabaldu zituen ateak eta Centre de Cultura Contemporania du abizena. Carles Dolç, Maurici Ginés, Claret Serrahima eta Francesc Pla arkitektoek berritu dute Valentziako erdigunean dagoen eraikina. Patioaren inguruan bulego, ikasgela eta erakusketa, musika, zine eta antzerki areto mordoa atondu dituzte. Orotara, lau solairu eta 3.600 metro koadro Herrialde Katalanen kultura ikertu, bultzatu eta gizarteratzeari eskainiak. Bultzatzaileek garbi zuten horrelako proiektu batek Valentzian zuela zentzu gehien, Herrialde Katalanen barruan desnazionalizazio prozesurik gogorrena jasan duen zatia baita.
Eraikin berria, baina aspaldiko lana
Octubrek berri usaina du oraindik, baina biltzen dituen jardunak ez dira gaur goizeko kontua. Besteak beste Tres i Cuatre liburudenda eta El Temps aldizkariko Valentziako erredakzioa bertara mugitu dituzte.
Acció Cultural del País Valenci... (ACPV) elkarteak ere bertan du orain egoitza. 70eko hamarkadan sortu zen elkartea eta Valentziako ondare linguistiko, kultural eta naturala defendatu eta bultzatzea du xede. Acció Culturalek, bere baitan, gazteriari, hezkuntzari eta beste hainbat esparruri eskainitako atalak ditu. Eta Casals Jaume I izeneko tabernak kudeatzen ditu. Assemblea de Regidors delakoa -Herrialde Katalanen Udalbiltza modukoa- Joan Fuster Institutuak kudeatzen du eta hau ere Octubren dago. Baita Carles Salvador Zentroa ere; aspaldiko urteetan katalaneko eskolak eskaini ditu erakunde honek, alfabetatze ikastaroak bereziki.
Baina ez da katalana izango gune berrian irakatsiko den hizkuntza bakarra; aurki txinerazko eskolak ere emango dituzte, arduradunen esanetan, txinera «etorkizuneko hizkuntza» baita.
Josep Renau afitxa egile ezagunak bere obra ACPVri utzi zion eta hasiera batean margolariaren izena daraman fundazioarentzat egoitza berri bila zebiltzanean sortu zen El Sigloren eraikina erosteko aukera. Josep Renau Fundazioa bere obra bildu, gorde eta aztertzeaz arduratzen da eta eraikin berrian egoitza egokia topatu du. Haren alboan beste fundazio bat dago Ausiàs March izena daramana: azken 35 urteetan hainbat topaketa eta Octubre sarien banaketa ekitaldia antolatu ditu.
Kultura zentzu zabalean
Octubren, kulturaz ari direnean, kultura zentzu zabalenean ulertzen dute. Horregatik, hainbat diziplinatara bideratutako elkarteak ere bildu dituzte; Societat Valenciana de Ciències de la Salut Joan B. Peset-ek medikuntzako gaiak lantzen ditu eta Espai Ciència-n ikerketa zientifikoa bultzatzen da. Lurraldeari eskainitako bulego bat ere prestatzen ari dira, Valentzian egiten ari diren lurraldearen kudeaketa basatia zinez kezkatzekoa baita.
Ekonomiari ere garrantzia berezia ematen diote Institut Ignasi Villalonga d'Economia i Empresa-ren bidez. Institutu honen helburua arku mediterraneoa (hau da, Herrialde Katalanak) artikulatzea da. Gai hau joera guztietako pertsona eta erakundeentzat garrantzitsua zela frogatu zuten azken kongresuan: Valentzia, Katalunia eta Balear Uharteetako hiru Ekonomia kontseilariak biltzea lortu zuten -kontuan hartu behar da Valentziako eta Baleareetako kontseilariak PPkoak direla-.
Aurrera begira, baina iragana ahaztu gabe
Historiak ere toki garrantzitsua du kulturgunean. Ildo honetan, lana bi garai aztertzera bideratuko dute bereziki. Batetik, 36ko Gerra eta errepresio frankista aztertzeko, 10 historiagilez osatutako lan taldea dago. Egiaren Komisioa antolatu dute eta otsailaren 10ean egingo dute aurkezpen ekitaldia. Hasiera batean Valentziako kasua aztertuko dute eredu moduan. Ez da ahaztu behar Valentzia gune errepublikarra izan zela amaiera arte eta errepresioa inon gogorra izan bazen bertan izan zela. Iaz, esate baterako, 26.000 gorpu gordetzen dituen hobia aurkitu zuten. Baina aurrera begira, 36ko Gerra eta bere ondorioak beste lurralde batzuetan ere aztertzeko asmoa dute.
Aztertuko duten bigarren garaia duela 300 urteko Ondorengotza Gerra izango da, Herrialde Katalanei eta, bereziki, Valentziari hondamendia ekarri ziena. Octubretik, gainera, Elx-en dagoen Arxiu de la Memoria 300.000 dokumentuz osatutako agiritegia kudeatuko dute.
Bestalde, Institut Internacional d'Estudis Borgians delakoak ere bertan du egoitza. Izenak adierazten duen bezala, Borgia aita sainduen inguruko azterketak egiten ditu elkarte honek. Dagoeneko Vatikanotik Borgiatarren inguruko dokumentu guztien kopiak ekarri dituzte egoitza berrira, orotara 1.000 CD inguru.
Publiko guztientzat
Eliseu Climent proiektuaren bultzatzaile nagusiarentzat, lan ildo hain anitzak lantzea ezinbestekoa da: «Ekonomia lantzeak, esaterako, soilik hizkuntza edo kultura landuta iri-siko ez ginatekeen publiko batera iristea ahalbidetzen digu».
Eta publikoa beste gauza askotara hurbiltzen da OCCCra. Eraikin berritua espazio bizia izatea nahi dute eta gaur bizia ez zaio falta. Beheko solairuan jendea liburuen bila dabil liburu dendan, edo kafetegian berriketan. Lehen solairuan literaturari buruzko hitzaldia ematen ari dira eta aretoa beteta dago. Ganbarako aretoan ere ez dago ia aulki hutsik; Nobel sariei buruz hizketan ari dira bertan. Beste egun batean, musika esperimentala, antzerkia edo zine emanaldiak egokituko dira. Bezperan, esaterako, Carles Santosen Visca el Piano erakusketa inauguratu zuten eta 500 bat lagun hurbildu zen bertara. Eliseu Climent pertsona ezaguna da Valentzian baina, esan digunez,15-20 bat lagun baino ez zituen agurtu atzo: «Seinale ona da hori. Pozgarria da, betikoez gain, jende berria, sentsibilitate guztietako jendea biltzen dela ikustea».
Baina non dira proiektuaren aurkakoak? PP ingurukoek Octubre ez dute begi onez ikusten. Proiektua nola edo hala oztopatzen saiatu dira azken urteetan. Baina El Sigloren eraikin zaharrak bere aurpegi berria erakutsi duenetik isilik daude. Seguruenik, hitzaldia entzutera, liburu baten bila edo erakusketa bisitatzera hurbildu denari, edo, besterik gabe, jakin-minez sartu denari, «gorri separatisten kontuak» baino ez direla esango baliete, ez lukete sinestuko. Gauzak ondo egiten ari dira Octubren, aurkako ahotsak isiltzeraino.