«Zure tripa barruan nengoenean, nola jaten nuen?», galdetu zion Amaiak amari bospasei urterekin. Zilbor-hestearen bidez egiten zuela azaldu zion amak, ulertuko ote zuen zalantzan jarriz. Handik hilabetera, Amaiak berriro: «Ama, Biblia marrazki bizidunak ikusten egon naiz, Adan eta Eva munduko lehen gizakiak zirela zioten, Jainkoak sortuak, baina biak zilborrarekin agertzen ziren eta lehenengoak baziren, noren barruan egon ziren zilborra eduki ahal izateko?». Horrelako galderak erantzutea ez dela erraza aitortu digu Miren gipuzkoarrak. Amaia alaba txikiena du, 150eko adimen-kozientearekin; helduenak berriz, Anek, 130ekoa dauka eta asko kostatu zaio bere burua onartzea. Horregatik, izen faltsuak erabiltzeko eskatu digu amak. Gutxienez, talentu bereziko neskak direla jakiteak egoerari aurre egiten lagundu dio familiari, oso ohikoa baita ez antzematea. Batez beste 100eko adimen-kozientea dugu gizakiok, baina biztanleriaren %2k 130etik gorakoa dauka (hau da, superdotatua da) eta uste da ikasgela bakoitzeko 100 baino altuagoa duten bat edo bi lagun daudela. Adimen-kozientea adin mental eta adin kronologikoaren arteko ezberdintasunetik kalkulatzen dela kontuan hartuta, adin kronologikoari dagokion adin mentala baino altuagoa izateak desoreka emozional handiak eragin ditzake haur superdotatuengan, bereziki zer duten ez badakite. «Arazoak zituen 18 urteko gazte bat psikologora eraman zuten gurasoek, azterketa bat egin zioten eta superdotatua zela ondorioztatu zuten -kontatu digu Mirenek-. Orduan, mutila negar batean hasi zen, beti pentsatu izan zuelako eroa zegoela, ez zuela burua ondo eta oso desberdina zela. Ez bada detektatzen, pertsona horrek asko sufritu dezake». Azken finean, beraiek badakite zerbait berezia dutela, desberdin senti daitezke eta hori emozionalki ez da ona, taldeak ez duelako onartzen diferentea dena.
Ane, igerileku hondoan
Horri buruz, gainera, asko daki Mirenek, alaba zaharrenak urteak behar izan dituelako bere abilezia intelektualak abantaila gisa hartzeko. Hezkuntza sistemak halakoak antzemateko protokolorik ez duenez, beste arrazoi batzuengatik ohartzea da normalena. Mirenen kasuan, alaba txikia depresioak jo zuen 5 urterekin, psikologora eraman eta honek esan zien fisikoki 5 urte izan arren, mentalki 9 zituela eta horregatik lagunekin aspertu egiten zela, ez zuen inguruan interesik topatzen eta horrek guztiak tentsioa eta antsietatea sortzen zion. Gurasoak gaiaren inguruan irakurtzen hasi ziren eta hiru urte helduagoa den alaba ere ezaugarri askorekin bat zetorrela ikusi zuten. Hala, gaitasun berezien detekziorako Euskal Herritik gertuen dagoen zentro entzutetsura eraman zituzten biak, Valladolideko Huerto del Rey zentrora, eta han berri kezkagarria jaso zuten: Ane, alaba zaharrena, superdotatua zen, bai, baina depresio oso sakon batean sartzen ari zen, suizidiorako joerekin, bere buruaz oso irudi txarra zuelako. Halaber, ikastolan nota txarrak nahita ateratzen zituela jakin zuten, ez nabarmentzeko, batez ere nesken artean ohikoa den jarrera. «Gauzak ulertu, garatu eta sortzeko besteek baino gaitasun handiagoa dutela badakite -dio Juan Mari Aizpurua psikologo eta Orereta Ikastolako orientatzaileak-, baina gaztetan norberak nahi duena taldean integratua egotea da eta kanpoan ez geratzeko, berezitzat har ez dezaten, dituen gaitasunak ezkuta ditzake». Ane pianoa jotzen hasi zen, baina lehiaketa bat irabazi eta zaletasun hura ere utzi zuen, oharkabe pasatzeko; bere lagun minenek ere ez dakite superdotatua denik. Gainera, txikitan berak 10 minututan ulertzen zuena egunero errepikatzen entzun beharrak tentsio handia sortzen zion eta ez zuen horri aurre egiteko baliabiderik. «Batzuetan munstro sentitzera iristen dira», dio amak. Lau urte eman ditu psikologotan eta Aneren hitzetan, igerileku hondoan bueltak ematen egon ostean, bertatik atera duen eskua izan da psikologoa, bere burua ezagutu eta onartzen lagundu diolako. Egun, 17 urterekin, nota onak ateratzen ditu eta ez du arazo emozionalik, ez nabarmentzeko nahiak badirau ere.
Amaia eta Oihane, errebelde
Aitor, ezaugarria baino ez
Ziurrenik, bere gaitasunak txikitatik ezagutzeak asko lagundu dio Subizari horiek ulertu eta ondo bideratzeko. Sei urte zituela, diabetikoa zela konturatu ziren, baina diabeteak eskola garaian okerrera egiten zuela-eta, psikologora eraman zuten. Kasu honetan ere, psikologoak proposatu zuen inteligentzi testa egitea. Ordutik, adimen-koziente altua ezaugarri bat gehiago bezala onartu du eta abantaila eta arma izan da bere bizitzan. «Gaizki ere erabil dezakezu: fisikoki oso indartsua ez banaiz ere, nahi izanez gero badakit pertsona bati psikologikoki min handia nola egin eta hainbat egoeratatik ateratzeko edo gezurrak asmatzeko ere trebezia handia dut».
Sentikor, sortzaile, perfekzionista, kurioso...
Horiez gain, neurri handiagoan edo txikiagoan, beste hainbat ezaugarri lotu ohi zaizkie: hala nola, perfekzionistak eta zorrotzak izatea; hitz eginez eta idatziz espresatzeko gaitasun handia; modu independentean lan egitea; memoria ona; lo hartzeko arazoak -baina behin lo hartuta, REM fase oso sakona-; sormen izugarria; motrizitatean motelagoak eta baldarrak izatea; keinu, elkarrizketa eta xehetasunetan arreta berezia; dena arrazoitzeko kapazitate itzela; edota ironia handia.
Hezkuntza eta Administrazioa itsu
Miren ere oso haserre dago Administraziotik jaso duen erantzunagatik eta oso bakarrik sentitu direla adierazi digu. Berritzeguneak (hezkuntzaren hobekuntzarako zerbitzu publikoak) alaba helduena superdotatua dela Valladolideko frogengatik onartu du, baina lau urte pasa arren oraindik ez dira bere alaba txikiarekin bildu eta Berritzeguneak ez badu talentu berezia diagnostikatzen, ez du laguntza jasotzeko aukerarik. Dena den, alaba helduenari izendapen horrek ezertarako ez diola balio kontatu digu amak: «Hasieratik oso bortitz tratatu gintuzten, ea zer espero genuen galdetuz eta alaba gehiegi motibatzen genuela esanez. Diagnostikorako adin onena 16 urte zela ere esan ziguten eta psikologoak aholkatu bazigun ere, ikasturterik ez aurreratzeko agindu zigun Berritzaguneak, estresa sortuko ziolako. Ikasturtea errepikatzen dutenek ez al dute estres hori sufritzen? Beraien azken erantzuna gogorra izan zen: ęOso ondo egiten duzue, jarraitu haurra motibatzen, irakasleak inplikatzen eta psikologora eramatenĘ». Baina horrek guztiak gastu handia dakarrela eta ez dutela inongo bekarik jaso kexatu da Miren. Argi du Administrazioa gai honetan ez dagoela prestatuta eta horregatik aurkezten zaizkion kasu guztiak ahal badu atzera botatzen dituela.
Hala, gehienetan ikastetxearen eskuetan geratzen da gaiari aurre egitea. Batzuek, Errenteriako (Gipuzkoa) Orereta Ikastolak kasu, oso plangintza garatua daukate, emandako kasu batzuengatik horri heldu diotelako. Detektatzeko programak dituzte eta 5 eta 8 urterekin adimen-kozientea neurtzeko testak egiten dizkiete. Koziente altuko haurrei beren burua ulertzen laguntzen diete eta dituzten galderak eta beharrak erantzuten saiatzen dira, liburu eta material gehigarria eskainiz. Ikastolako orientatzaile den Aizpuruaren hitzetan, «garrantzitsuena haurrak irakaslearen laguntza izango duela jakitea da: badaki egiten eta sortzen duena entzuteko eta jasotzeko prest egongo dela irakaslea eta horrela ez du bere burua arrarotzat hartuko». Ikasturte bat aurreratzea planteatu dutela dio eta ikasleari emozionalki eragiten ez badio egokitzapen programa batekin egin daitekeela, baina horretarako Administrazioak baimena eman behar du eta oraingoz ez da halakorik gertatu. Bestalde, gainontzeko ikasleei ez zaie esaten haurra superdotatua denik, baina berezitzat jotzen dutela ikusiz gero, dituen gaitasunak azaltzen zaizkie eta pertsona normala dela adierazten zaie. Superdotatuen gurasoekin ere biltzen dira, iritziak, aholkuak eta materiala emateko, eta beste gurasoekin elkartzen dituzte, informazioa elkartrukatzeko oso baliagarria izaten baita.
Gurasoen izua
Gaitasun intelektualen %70 genetikoki jasotzen dela diote teoria batzuek eta herentzia %50ekoa dela beste batzuek, baina gaitasun horiek lantzea inguruko faktoreen mende egongo da. Aditu batzuen arabera, 11 urte izan arte ezin da talentu apartekotasuna diagnostikatu, intelektualki funtzionatzeko era orduan egonkortzen delako, baina lehenengo 3 urteetan dagoeneko haurra superdotatua den antzemateko aztarna garbiak ikus daitezkeela dio Aizpuruak. Adin horretan ez da jenioa izango, baina neurri batean ondorio genetikoa denez, dohainak hor egongo dira.
- Muhammed Ali, boxeolari ohia (120-130)
- Arnold Schwarzenegger, politikaria (132-135)
- Sharon Stone, aktorea (136)
- Geena Davis, aktorea (140)
- Hillary Clinton, politikaria (140)
- Adolf Hitler, diktadorea (141)
- Liam Gallagher, musikaria (143)
- Jim Morrison, musikaria (148-149)
- Albert Einstein, zientzialaria (160)
- Isaac Asimov, biokimikari eta idazlea (160)
- Bill Gates, informatikoa (160-170)
- Stephen William Hawking, zientzialaria (160-180)
- Robert James Fisher, xake jokalaria (187)
- John Forbes Nash, zientzialaria (160-190)
- Gary Kasparov, xake jokalaria (190)
- Truman Capote, idazlea (215)
- Leonardo da Vinci, artista (220)
- Marilyn Mach vos Savant, idazlea (228, munduko altuena)
Eneko Subiza adimen urriko jendearekin lanean boluntario hasi zen Iruńean eta Madrilen autismoari buruzko ikastaroak egin ditu. «Mundu gogorra da, baina hor ikasi dut inteligentzia erlatibizatzen eta benetan duen balioa ematen: adimenak ez gaitu pertsona egiten; ez gehiago, ez gutxiago».
Adimen-kozientea = adin mentala X 100 / adin kronologikoa. Wechsler eskalak adierazten du gizartean nola banatzen den adimen-kozientea: gehiengoak 100ekoa du eta %2,2 superdotatua izango litzateke. Ikerketen arabera, 170.000 haurretik batek 170etik gorako kozientea du. Baina nola antzeman haur batek intelektualki gaitasun bereziak dituen? Kanpoko erreferentziekin edo adin horretan normala denarekin alderatzea da onena, baina beti ez da erraza izaten. Normalean azkar hasten dira hitz egiten eta oinez, dagokiena baino lehenago, bizpahiru urterekin irakurtzen eta idazten hasi daitezke eta autonomia maila handia erakutsi ohi dute. Baina agian duten jakin-nahi ezohikoa eta beren adinerako egiten dituzten galderen sakontasuna -edo bitxitasuna behinik behin- dira arrasto nabarmenenak. Seme-alabak behartsuei eta telebistan ikusten dituen bidegabekeriei buruz itauntzen al zaitu? 3 urterekin odola oso azkar doan galdetu dizu edo 2 urterekin ondorengoa bota?: "Aita, ama, nola daki jendeak hiltzen denean Zerura joateko bidea, bizirik dagoenean ez badaki?". Orduan, susmatzen hasi.
Euskal Herrian, Garatu (EAEn) eta Anast (Nafarroan) dira gaiari buruz informatzeko eta orientatzeko dauden elkarteak. Adituen arabera, superdotatuentzat ona da noizbehinka maila intelektual bereko jendearekin biltzea. Subizari bere gurasoek eskola berezi batera joatea proposatu ziotenean, ordea, ezezkoa segituan eman zuen, segregazio zentroak iruditzen zaizkiolako. «Agian akademikoki gehiago aurreratuko nukeen, baina horri ez diot inoiz garrantzi handiegirik eman», gehitu du. Iruńean bertan, CTY (Talentudun Gazteentzako Zentroa) nazioarteko erakundeak egoitza bat dauka eta haurrentzat astean bi ordu inguruko ikastaroak eskaintzeaz gain, ikerketa eta irakasleen prestakuntza sustatzen ditu. Urrutiko hezkuntza ere badute, eta udako campusean, hiru astez superdotatuak atsegin duten arloa baliabide egokiekin jorratzeko aukera dute.
3# | PERU | 2008-04-29 11:01:41
OSO ONDO IRUDITZEN ZAIT
2# | Mikel Garcia | 2007-03-12 13:21:30
Kaixo, Miren: pozten naiz erreportajeak zure umeari gertatzen zaionaz jabetzeko balio izan badu. Bertan esaten den bezala, abiapuntuko oinarrizko urratsa "arazoa" zein den jakitea baita, hortik aurrera haurraren beharrei erantzuteko. Garatu elkartearen telefonoa 945-289014 da, baina nik uste erreportajeko amarekin hitz egitea duzula hoberena, berak gomendio asko emango baitizkizu. Deitu egingo diot eta baimena ematen badit, bere telefonoa emailera bidaliko dizut, pribatuan. Lagungarri izatea espero dut.
1# | Miren | 2007-03-12 12:21:13
Artikulua irakurri eta segituan ulertu dut semeari gertatzen zaiona,artikuluan aitatzen den beste Miren horren egoera berean dagoelako gure umea.Saiatu naiz Garatu topatzen baina ezinezkoa zait.Hezkuntza alorrean ez dakit nora jo eta nahiko galduta gabiltza.Posible izango luke norbaitek gu artikuluan aipatzen diren gurasoekin harremanetan jartzea?Bihotzez eskertuko genuke.
![]() |
|
||||
2074 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa