Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Larrun >
  • Iñaki Etxeleku, Gure Irratiko esataria: Euskaralands

2007-02-04 -- 2074.zenb

Iñaki Etxeleku, Gure Irratiko esataria: Euskaralands

argazkia

«Beste tribu asko atzeman eta deskriba daitezke. Segurraz ere tribu bateko kide batek zango bat izan dezake beste tribu batean ere, dena ez baita sekulan erabatekoa. Iparraldeko gazte euskaldun hauetan guzietan zenbatek ARGIA irakurtzen duten haatik ez dezaket erran»

Antton Luku idazleak, Escualdunac antzezlanean zioen gazte euskaldunak «tribuka" biltzen direla. Bakoitzak bere ohidurak eta hizkuntzarekilako bere harremanak dituenak. Tribuak euskaldungoaren tribuan beraz. Honek balio du Euskal Herri osorako bainan Ipar Euskal Herrian aurkitzen ahal diren tribu ezberdinei soako bat emanen diegu eskatutakoari jarraikiz.

Tribu orokorra lehenik oso mendrea dela argi eduki behar da. Inkesta soziolinguistikoek hala diote, Iparraldeko biztanlegoaren %80a inguru duen Baiona-Angelu-Biarritzeko eremuan, gazteen %11 baizik ez dela euskalduna. Bainan guti fidatzen garenez inkestetan beste so bat saia dezagun ematen, guziz subjektiboa, guziz ustean oinarritua.

Tribuetarik bat "azken mohikanoena" izan daiteke. Gazte hauek, euskara aberatsa ixurtzen dute ahotik. Etxetik jaso dute eta naturalki mintzo. Euskararen erabilpena normala eta atsegina zaie, gehiagokorik pentsatu gabe. Jende normalak hots. Hauetarik oso guti gelditzen da, hargatik "mohikanotzat" har genitzake eta segurraz ere leku bat izanen dute Euskal Erakustokian, Iparraldean euskara oroimen soila izanen den egunean.

"Je suis aussi basque que toi" tribua orain. Hauek ere euskara ederra dute, etxean ikasia. Mintzo dute bainan ez ikastolako haur edo gazteen aurrean edo abertzale batekin. Hauek abertzaleen kontrako gorrotoa herentziaz jaso dute etxekoengandikà hizkuntza bezala funtsean. Euskalzale batentzat oso frustranteak diren espezieak dira, ezen euskara aberatsa baitute, haiengandik ikas eta haiekin hizkuntza goza daiteke bainan ez dituzte euskalzaleak maite. Eta abertzaleak "les basques" edo "eskualdun horiek" izendatuko dituzte. Hauek beharbada aurrekoak baino gehiago dira bainan gutitzen ari ere azkarki.

Tartean, beste euskaldun mota bat aurki dezakegu. "Aitamek ez didate irakatsi!" tribua. Euskara ulertzen dute bainan ez mintzo edo oso guti. Eskolara sartu arte ez zuten euskararik baizik mintzo bainan aitzinago aipatu tribuko burasoak izan dituzte edo gure mintzairaren geroaz iazko haizeaz bezainbat axola zutenak. Tribu honetan jarrera ezberdinak bereiz daitezke.

Euskararen ez menperatze hori frustrazio edo enegu gisa bizi dutenak. Hauetan bi motako jendeak dira. Lehenak, euskararen ikastera doazenak, Gau Eskola hertsietara, gauaren ilunean, burasoen ezazolkeriari aurre egin nahian. Besteak, Euskararen ikasteari paso egiten diotenak -menturaz hasi ziren bi hilabetez AEKan bainan laster utzi nekagarriegia zelakoan- edo duten damuarekin geratzen direnak.

Tribu honetako bigarren jende saila, "Euskara joan bedi kaka egitera!" erranez biziki laster amor eman dutenena da. Edo beste gisan erranik euskararen geroaz bost axola dutenak. Kontsumo jendarte honetan ez dute euskararen beharrik, haien ustez euskaldunak dira eta beren euskaltasunaren bizitzeko bizi zedarriak badituzte: astearte gauero trinketera doaz lagunekin pala antxa partida egitera -eta gainera gorputza zaintzen dute honi esker!-; urtero Astigarraga edo Hernaniko sagarnotegi batera doaz lagun talde handian eta maite dute poteatzea. Herriko Taberna batean "kaña" baten eskatzea ekintza euskalzalea izan daiteke ere haien baitan. Euskaldunak dira euskararik gabe eta aski zaie. Euskara dakitenak ez dituzte baitezpada beti maite, kontzientzia txarraren kilikatzaile bihurtzen baitira euskaraz hitz egiten entzute soilarekin.

"Zango bat errekaren hegi batean, bestea bestean" tribua. Ez dute tribu bat osatzen baitezpada hauek. Bainan tribu desberdinetako jendeekin harremanak izan ditzazkete. Euskal Herritik kanpotik jinak dira. Herri honetako nortasunaz eta mugimenduaz maitemindurik edo. Hauek euskara ikasi dute. Bertakoek euskarari eta euskaraz aritzeari ematen dioten kutsua ez dute ulertzen. Haiek lasai eta libro dira euskararekin. Kiskun kaskun, mintzatzeko doi ikasi dute eta ari dira, erabiltzen dute arazorik gabe. Normala zaie Euskal Herrian euskaraz hitz egitea. Hauek ere jende normalak hots. Biharko euskaldunak dira bainan zoritxarrez gutiegi.

"Gora Gora-k". Hau ere Antton Lukuri egin mailegua dugu. Ustez militante abertzaleak dira. Euskara, bilkuretan erabiltzen dute derrigorrez. Ohidura hau dela kausa, kausakoekin baliatu hiztegi propioa dute eta bilerez kanpo gertatzen zaielarik euskaraz aritzea, hiztegi bertsua daramate aho mihitan. Bainan hara, haien adixkideekin frantsesez mintzo dira, normal den bezala, gozamen hizkuntza Molièren hizkuntza baitute.

"Sobera ongi da!" tribua. Fakultaterainoko eskola ibilbidea ikastoletan eraman dutenena da hau. Oraino lizeoan dira edo berriki ateraiak. Euskara haien arteko komunikazio tresna arrunta dute. Hizkuntza honekin, ingurugiro berezi batean, haien arteko harreman indartsu bat sortu dute. Biharko euskaldunak dira hauek ere, maleruski gutiegi baita.

Azken tribu bat aipatuko dugu. "Goza nazazu gehiago" tribua. Euskara ama hizkuntza dute edo ikastolan ikasia. Gehienak ikastolatik iragan dira. Euskararen erabiltzeaz kontzientzia argia dute. Hizkuntza maite dute eta gozatu nahi dute. Hizkuntzaren desagerpen "programatuak" piztu etsipenaren aurrean, mintzairaren gozamena aldarrikatzen eta bizi dute. Solaskideekin erabiliz gozatzen dute bainan ere bertso saioetara joanez, Itxaro Bordaren eleberri bat irakurriz ala antzerkia euskaraz eginez. Bainan partikulazki mozkor bat biltzen dutelarik.

Hara, beste tribu asko atzeman eta deskriba daitezke. Segurraz ere tribu bateko kide batek zango bat izan dezake beste tribu batean ere, dena ez baita sekulan erabatekoa.

Iparraldeko gazte euskaldun hauetan guzietan zenbatek ARGIA irakurtzen duten haatik ez dezaket erran.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan