2007-02-04 -- 2074.zenb
Hizkuntzaren erabileraren garrantzia adierazi behar dugu, baina euskararen irudia ezin da pertsona haserretu baten irudia izan, ezin dugu "hitz egin euskaraz!" bezalako agindu errepikakorrekin euskararen erabilera sustatuko dugula pentsatu. Euskararen erabilera euskaraz aisialdiaz gozatzeko eta harekin jolasteko bideak eginez areagotuko dela pentsatzen dut. Euskara gazteen artean erabilia izatea nahi baldin badugu, euskaldun eta euskaltzaleok bide horien eragile izan behar dugu, eta bide horretan, gure irudi eta gure portaerek ere eragingo dute.
Eskola, testuinguru oso formala den hori, baldin bada gaztetxoek euskararekin erlazionatzen duten esparru bakarra eta gaztetxoek, guraso eta helduek euskara soilik haurrekin erabiltzen dutela sumatzen baldin badute, hau da, haurrekin daudenean horiei euskaraz eta beren artean komunikatzeko erdaraz egiten baldin badute, gaztetxoek euskara formaltasun eta umekeriekin erlazionatuko dute eta erdara heldutasun eta dibertigarria den guztiarekin. Zer ikusi hura ikasi. Oso garrantzitsua da posible den heinean gure portaerarekin, erabilerarekin, adibide ematea, eta gure esparrutik sor daitezkeen aisialdi edo bestelako jardueretan hizkuntza irizpideak kontutan izatea.
Hizkuntza bat erabilia izan dadin zenbait ezaugarri izan behar ditu: erosoa, adierazkorra eta erakargarria izan behar du. Baina gazteok, euskaraz adierazkortasuna bilatzen dugunean arazoak izaten ditugu. Euskara gehien erabiltzen den herrietan ere, gazteek erregistro kolokiala, eroso, adierazkor eta erakargarria, erdaratik hartzeko joera dute, are gehiago, euskaren presentzia hain handia ez den lekuetan.
Gazteok euskara erabiltzeko behar dugun erregistro kolokial hori baitaratzeko bide ezberdinak daude, guraso eta ingurune hurbilean ematen den transmisioa -euskararen presentzia handia ez den lekuetan, normalean, zailtasunez ematen dena-, komunikabideak -baina, esparru horretan tresna gutxi ditugu eta ditugunak, askotan, erdaraz oinarritzen diren esamoldeak zabaltzen dituzte-, eskolak eta aisialdiko jarduerak.
Eskoletan erregistro kolokiala erabiltzeko egoera informal asko aurki ditzakegu: atseden orduak, bazkal orduak, txangoak, eskolara sartu eta ateratzeko garaiak... baina, gaur egun, zori txarrez, normalean, horiei ez zaie duten garrantzia aitortzen, eta ez dira euskararen erabilera sustatzeko esparru bezala baloratzen. Esparru horietako eragileak, antolatzen dituzten jarduerek hizkuntzaren erabileran duten eraginaz jabetzea behar beharrezkoa da.
Gazteon bizitzako zati handi bat aisialdikoa da gaur egun. Aisialdiko jarduerak -kirola, aisialdi taldeek antolatutako jarduerak, gazte ekipamenduak...- euskararen erabileran eragiteko oso eraginkorrak dira. Euskara elkarte, kirol talde, guraso elkarte eta bestelako talde asko erabilera lantzeko aisialdiak duen indarraz konturatzen hasi dira. Aisialdian, egoera informaletan, sortzen da erregistro informala. Beraz, hizkuntzari erabilerarako beharrezkoak diren erosotasuna eta adierazkortasuna eman nahi baldin badizkiogu, aisialdia tresna eraginkorra izan daiteke.
Aisialdiak euskararen erabilera sustatzeko horrelako aukerak ematen baldin baditu, aisialdiko begiraleek, kirol begiraleek, gazte lekuetako begiraleek, ludotekatako begiraleek, txango eta kanpaldietako begiraleek, eskoletako jantoki eta autobusetako begiraleek, eta abar, eginkizun horrekin duten erantzukizunaz jabetzea komeni zaigu eta horretan lan egin ahal izateko estrategia eta tresnak erraztea.
Begirale guzti horien formakuntzarako, Urtxintxa Aisialdi Eskolak adibidez, "Hezitzaileek asko egin dezakete" begiraleentzako prestakuntza saioa eskaintzen du. Ttakun elkarteko Iñaki Eizmendik behin aipatu zuen bezala, proiektu horren abiapuntuak bi dira. Bata, gazteei euskarazko jarduerak eskaini behar zaizkiela, euskara erabiltzeko esparruak. Eta bigarrena, euskara erabiltzeko esparruak edukitzeak ez duela euskara erabiliko dutenik esan nahi. Jarduera horretako hezitzaileak erabilera sustatzearen ardura hartu behar duela.
Ttakun Kultur Elkarteak garatutako metodologia horren arabera, euskararen erabilera sustatu nahi bada, ez dugu soilik gazteen euskaraz komunikatzeko gaitasuna edo jarrera begiratu behar, erabilera sustatzeko estrategien kasuan, estrategia horiek noiz eta nola erabili behar diren ere jakin behar da. Zentzu horretan lehen aipatutako prestakuntza saioek, laguntza ematen diete begiraleei.
Begiraleentzako formazio saio horiez gain, aisialdiaren aukerak probesten dituzten esku hartze zuzeneko egitasmoak ere abian dira gaur egun Euskal Herrian. Horren adibide dira, "Kuadrillategi" edo "Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean" programak.
Gazteak euskarara hurbiltzeko bidea, euskarazko produktu eta jarduera erakargarriak eskaintzea eta jarduera horietako hezitzaileak erabilera sustatzeko arduradun gisa aritzea baldin bada, zailena gazteentzako erakargarria zer den jakitea da, gazteok ez baitugu talde homogeneo bat osatzen. Aproposena tokian tokiko ikerketa txikiak egitea izango litzateke eta gazteak berak eskaintza horretan inplikatuta egotea.
Aisialdia erregistro kolokiala barneratzeko eta erabilera sustatzeko tresna gisa oso eraginkorra dela frogatu dute hainbat ikerketek. Euskararen erabileraren sustapenean, irakasle, guraso, eta euskaldun eta euskaltzale guztiok gure erantzukizuna dugu. Euskararen erabilera areagotzea nahi baldin badugu, bakoitzak gure esparrutik euskara gozamenerako eta jolaserako bide bihurtzeko ahalegina egin beharko dugu.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa