2007-02-04 -- 2074.zenb
Garai hartako pentsamoldea logiko bezain sinplea izan zen: gazteek osatzen dute EHren edo hobeto esanda EAEren (plangintza gehienbat EAEn burutu baita) etorkizuna. Beraz, euskararen ezagutzaren datuak kontutan hartuz, EAEren etorkizunean euskara egoteko, edo beste era batera esanda, EAErentzat etorkizun euskalduna nahi bada, eman beharko den lehenengo pausua gazteak euskalduntzea izango da.
Pentsamolde honen arabera, logikoa denez, hizkuntza bat erabili baino lehen ezagutu behar da, beraz, lehentasuna ezagutza izan zen. Hainbat adituk aldiz, hizkuntza bat erabili barik ea jakin daitekeen zalantzan jartzen dute, baina beste aditu batzuentzat kontrako fenomenoa gertatzen da: gutxieneko ezagutza lortu gabe ez dago hizkuntza erabiltzerik.
Abiapuntu honekin, zoritxarrez, ez zitzaien aurre egin hainbat topikoei: euskararen zailtasunari lotutakoak, euskara umea izanik ikasi behar den hizkuntza da bestela ezinezkoa da euskara ikastea eta abar. Baina hautaketa honek balio handi bat izan zuen onarpen mailan. Izan ere, helduek ez bazuten ahaleginik egin nahi (zeharka dirua emanez baino ez) haurrek egingo zuten ahalegina haien ordez, eta noski haiek, plangintzaren helburua zirenek, ez zuten ezer esaterik, haien iritzia ematerik ezta botorik eman beharrik ere, ez hauteskundeetan behintzat. Baina aldiz, erlijio bailitzan, gazteek euskararen aldeko botoa egingo zutela pentsatzen zuten helduek eta plangintza egin zutenek. Garai hartan ez zen kontutan hartu, hizkuntza erabiltzeko garaian ez dagoela agindurik ematerik eta beraz gazteek nahi duten hizkuntza erabiltzen dute -normalean maila informalean, dena den hori eztabaidatu egin daiteke, izan ere nahi duten hizkuntza baino ezagutzen duten, haien ingurunean erabiltzera bultzatzen zaien eta abar. hizkuntza erabiltzen baitute-. Beraz, logikoki ere, katekesia ikasteagatik botoak eman behar ez diren bezala, gazteek euskara eskolan ikasteagatik ez dute zertan euskara automatikoki erabili behar.
Hemen idatzitakoa eta fenomenoa bera heldu askorentzat laido bat izango da, izan ere, beraien garaian beraiek haien euskararen aldeko konpromisoa bete egin zuten gazteak ikastolara bidaliz eta orain zergatik ez dute betetzen haiena gazteek euskara erabiliz? Baina zoritxarrez helduek gehienetan ardura gazteen gainean utzi zuten. Helduek beraiek, gehienetan, ez zituzten haien hizkuntza erabilera ohiturak nabarmen aldatu euskararen alde, hainbat arrazoirengatik: euskara ez zekitelako -baina gehienetan ez zuten ikasi-, beharrik ikusten ez zutelako, ezinezkoa ikusten zutelako, ezjakintasunagatik -ez zekiten haien ingurukoek euskaraz bazekitenik-, ohitura beragatik eta abar. Helduek pentsamendu eta plangintza honekin euskarari erantsi zioten balio bakarrenetakoa euskara eskolaren eta neurri batean transmisio hizkuntza izatea izan zen.
Neurri honetako artikulu batean, noski, asko sinplifikatu behar izaten da, izan ere euskararen alde erabat entregatu eta botoa eman zutenak asko izan baitziren eta garai askoz gogorrago batean, bereziki diktaduraren garaian. Hainbeste borroka eta botoa egin ondoren pertsona horiei zaila egiten zaie ulertzea nola gaurko garai politiko errazago honetan gazteek ez duten egiten indar gehiagorik euskararen erabileraren alde. Garai politikoa errazagoa da duda barik, baina aztertu beharko litzateke ea garai soziolinguistikoa aldekoagoa den.
Hasierakoak alde batera utzita, goazen orain gaur egungo egoera aztertzera. Inkesta eta ikerketa guztiek adierazten duten moduan, euskararen ezagutza nabarmen igo egin da haurren eta gazteen artean, orduan, logikoki, gazteek zergatik ez duten gehiago euskara erabiltzen haien artean galdetu ahal izango diogu gure buruari. Izan ere, irakasle, euskara teknikari eta hizkuntza plangintza antolatzaile askorentzat gero eta murritzagoa da euskararen erabilera gazteen artean. Normalean hori ziurtatzeko haien esperientzia hartzen dute oinarri zeren eta gehienetan benetako ikerketa gutxi egin da honen inguruan. Baieztapen horiek oinarritzat irudipenak badituzte ere, ez dira zertan faltsuak izan behar eta gutxienez ondoeza erakusten dute.
Ondoezari aurre egiteko eta botika egokiak aukeratzeko lehenbizi ondoeza ondo ulertu behar da eta hemen zertzelada batzuk botako ditut.
Hasteko aztertu beharko genuke gazteen benetako gaitasun linguistikoa, alde batetik, eta bestetik, haien gaitasun erlatiboa gazteleraren eta euskararen gaitasuna konparatuz.
Ez ditut hemen ISEIk eta abarrek egindako ikerketak aipatuko baina neurri handi batean euskararen gaitasunaren zabalpena maila kualitatiboan baino kuantitatiboagoan gertatu dela pentsatu dezakegu. Alegia, hiztun batzuk haien euskararen ezagutza maila guztietan (formalean eta informalean) osatu badute ere, gehiago dira oinarrizko maila bat eskuratu dutenak. Horietako gehienak gainera ingurune soziolinguistiko erdaldunenetan. Orain, soziolinguistikaren oinarri teorikoak eta aplikatuak kontutan hartuta pentsagarria al da euskara erabiltzea ingurune soziolinguistiko erdaldun batean, euskaraz oinarrizko gaitasun linguistikoa izanik besterik ez? Baldintza horiek kontutan hartuta euskararen erabilera bultzatzeko euskarari erabilera eremu berri batzuk eman beharko zaizkio, eta hori arrazoi askorengatik. Hasteko haurren eta gazteen gaitasuna osatzeko, izan ere, teoriko askoren ustez, hizkuntza bat erabili barik ez baita berau ezagutzerik. Gainera orain euskarari ematen zaion balio konpartituena transmisio hizkuntza izatea da. Alegia, euskara umeari emateko hizkuntza da, hori argi frogatzen dute ikerketa guztiek, bereziki Soziolinguistika Klusterrak egiten dituen euskararen kale neurketak: askoz gehiago erabiltzen da euskara haur bat present izanik eta are gehiago berari zuzenean zuzentzeko. Transmisio balio izatea ona da, baina txarra bihurtzen da hizkuntzari beste baliorik edo funtziorik ematen ez bazaio, hizkuntza haurren hizkuntza bihurtzen baita eta beraz, haurrek haien burua gazte edo heldu sentitzen dutenean hizkuntzaz aldatzen dute. Beraz, eremu berriak emanez euskarari beste balio edo funtzio batzuk ematen zaizkio hizkuntzari. Ez da bakarrik umeen eta neurri batean gazteen hizkuntza bihurtzen, baizik eta helduen artean bere eremuak izanik ere hizkuntza konpartitua bihurtzen da.
Horrek plangintzaren jarraipen bat eskatzen du: orain arte umeak eta gazteak izan badira plangintzaren helburu nagusia, garaia da beste adin taldeak ere helburutzat hartzeko. Neurri handi batean, aldaketa bat ikusten da hizkuntza plangintzan, lana euskalduntzeko kanpaina berriekin eta abarrekin baina kanpaina horiek zein bilakaera izaten duten ikusi beharko da.
Hemen egin ditudan baieztapenak oso orokorrak dira baina findu eta lekuz lekuko egoera soziolinguistiko eta diglosikoaren arabera aztertu beharko litzateke gaurko egoera, hainbat galdera eginez:
- Egia al da gazteek maila nahikoa lortu dutela eskolan?
- Zein da gazteek euskarari ematen dioten funtzioa -eskola hizkuntza besterik gabe, transmisio hizkuntza, eguneroko hizkuntza, maila formaletarako hizkuntza, maila informaletakoa eta abar-?
- Konparatiboki zein hizkuntzatan moldatzen dira hobeto?
- Zein erabilera eremutan? Alegia, erabilera eremu guztietan hizkuntza bera da nagusi gaitasun mailan?
- Barnekoa kanporatzeak eta adierazteak berez sortzen dituen frustrazioak eta, lortzen bada, pozak kontutan hartuta, euskara erabiltzeko maila nahikorik badute gazteek?
- Bada maila nahikorik lortzerik euskara erabiltzen ez bada?
- Maila nahikorik lortzeko eta beraz hizkuntza erabiltzeko motibazio nahikorik badute?
- Zeintzuk dira motibazio mota eraginkorrenak -Espresibo/komunikatiboa, politiko/ideologikoa, integratzailea, pragmatikoa-?
- Eskolan ikasten den hizkuntza (euskara batua) erabilera formalerako onartua badago, baliagarria al da maila informaleko eremuetarako?
- ...
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa