Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-02-04 -- 2074.zenb

artikulu nagusira itzuli
David Anaut, Bortziriak eta Leitzaldeko euskara teknikari lanetan aritua. Egun Elhuyarren ari da: Zergatik egiten dute gazte euskaldun askok euskaraz?
argazkia


«Belaunaldi zaharragoen eta garai bateko elebakarren ondoan, gazte gehienen euskarazko jarduna ez da hain bizia, aberatsa edo naturala. Beste kontu bat da esaldi horrek hartzen duen 'akusazio' usaina, batzuetan ematen baitu gazte horiek propio egiten dutela horrela»



Gaztetasunaren definizioak eta mugak gorabehera, Euskal Herriko populazioaren zati bat gaztea da. Gazte horietako batzuk euskaldunak dira, beste asko ez. Euskaldunak diren horietako batzuk euskara maiz erabiltzen dute, beste zenbaitek zertxobait, eta beste askok batere ez. Errealitate hori, "gazteak eta euskara" ideian bildu duguna, euskaltzalearen edo euskara berreskuratzeko lanean ari denaren begietan bederen, "arazo" bat da. Eta horrela begiratzen diogu, normalean, errealitate horri, nahiz eta ez den begiratzeko modu bakarra.



"Gazteak eta euskara" esan dugu, eta "haurrak eta euskara", "helduak eta euskara", "zaharrak eta euskara" ere esan genezake, estuki lotuta baitaude denak ere. Nekez irudika dezakegu gazteen euskararen ezagutza eta erabilera orokortuta edo normalizatuta, haurren, helduen edo zaharren ezagutza edo erabilera orokortuta edo normalizatuta ez dagoen herri batean.



Batera doaz, beraz, nire ustez behintzat, eta euskara funtzio sozial guztietan normaltasunez erabiliko den lurraldean ikusiko dugu gazteen euskararen ezagutza eta erabilera normalizatuta, normaltasunez erabiltzeko "arazorik" gabe.



Horrek guztiak ez du esan nahi, ordea, gazteen giza taldeak ezaugarri propiorik ez duenik, eta hizkuntzaren ikuspegitik ere besteekiko alderik ez dagoenik edo aparte aztertu ezin daitekeenik. Bai baitauzka berezitasunak gazteen adin-taldeak. Berezitasun horiek gogoan izanda, hiruzpalau ideia jorratzen saiatuko gara, labur beharrez arreta gazte euskaldunengan jarrita.



Zer


Zer hizkuntza erabiltzen dute gazte euskaldunek? Izan ere, gehienek behintzat, bi hizkuntza dakizkite: euskara/gaztelania edo euskara/frantsesa. Eta, bistan denez, euskalduna izateak ez du bermatzen euskara erabiliko denik. Ezta euskaltzalea izateak ere. Errealitateak erakusten digu gazte euskaldunek maiz asko erdaraz egiten dutela, batzuetan ezinbestean, besteetan ez.



Nola


Nola egiten dute euskaraz gaurko gazte euskaldunek? Oro har, nire iritziz, errealitate soziolinguistikoaren ondorioz espero litekeen moduan eta moldean. Nork ez du inoiz entzun "gaurko gazteek zer gaizki hitz egiten duten!" esaldia. "Gaizki" hori oso erlatiboa da, baina badago horren atzean ukaezina den egia: belaunaldi zaharragoen eta garai bateko elebakarren ondoan, gazte gehienen euskarazko jarduna ūerregistro jakin batzuetan gehienbatū ez da hain bizia, aberatsa edo naturala. Beste kontu bat da esaldi horrek hartzen duen "akusazio" usaina, batzuetan ematen baitu gazte horiek propio egiten dutela horrela, edo nolabait ere "errua" haiena dela.



Baina, esan bezala, gaztearen -eta gainerakoen- hizkeraren moldea neurri handi batean inguruak ematen eta mugatzen du. Hizkera hobetzeko, osatzeko, egokitzeko eta aberasteko ahalegin pertsonala egin liteke, baina hizkuntza-komunitatearen zati txiki batek baino ez du egiten, normalean, ahalegin hori. Gainerakoek, berriz, norberak bizi duen errealitate soziolinguistikoak ematen duen "maila" izanen dute. Eskuarki, erabilera zenbat eta handiagoa, orduan eta euskara hobea, zuzenagoa eta egokiagoa.



Zergatik


"Zergatik egiten dute gazte euskaldun askok erdaraz?" galdetu ohi dugu askotan. Akaso alderantziz galdetu beharko genuke: "Zergatik egiten dute gazte euskaldun askok euskaraz?". On litzateke horien arrazoiak ongi aztertzea, horietan eragiteko.



Nahas-mahas, eta labur-labur, hizkuntza bata edo bestea hautatzeko garaian erabiltzen ditugun arrazoietako batzuk hautatu eta aipatuko ditugu:



- Euskara hizkuntza minorizatua eta minoritarioa da, eta Euskal Herriko lurraldean -adiera geografikoan eta sozialean- baztertua dago neurri handi batean. Erabili nahi izanda ere, askotan ezin izaten dugu, solaskidea ez delako euskalduna, hizkuntza eskubideak urratzen zaizkigulakoą



- Erosotasuna: haur, gazte, heldu edo zahar izan. Gizakiak badu erosotasuna bilatzeko berezko joera bat, hizkuntzaren erabileran ere islatzen dena. Eta hizketan ere, besteekiko harremanean, eroso eta gustura sentitu nahi izaten dugu. Ez dugu hizketan sofritu nahi, ez dugu deseroso sentitu nahi, eta erdaraz euskaraz baino hobeki moldatzen denak -nire ustez hala da gazte gehienen kasuan- hizkuntza-kontzientzia indartsua behar du hala ere euskaraz egiteko. Kontzientzia hori eduki ezean, "errazenera" joko du, erdarara alegia.



- Botere-harremanak: hizkuntzak ere botere-harremanei eusteko edo haietan eragiteko balio du. Gerta liteke pertsonen arteko harremanean -koadrilan, esaterako- euskaraz boteretsu sentitzen dena, erdaraz ahul sentitzea, gaitasun eskasagoa dela medio; edo alderantziz.



- Arauak: gaztearentzat -ez beti, jakina- koadrila oso garrantzitsua da, eta lagunarte horri eusteko ahalegina eginen du normalean. Horrek, besteak beste, koadrilako arauak onartzea dakar, linguistikoak barne. Gustukoak izan edo ez. Gerta lieke gazte erdaltzalea koadrila euskaltzaleko kide izatea, eta bestela gusturago eta errazago eginen lukeen arren, normalean euskaraz egin behar izatea. Edo alderantziz.



- Identitatea eta argota: gazteak bere "gazte identitatea" adierazi eta islatu nahi izaten du askotan. Baditu horretarako bitartekoak: janzkera, orrazkeraą eta hizkuntza. Baita euskaraz ere? Hitz egiteko garaian "gazte" gisa agertzeko beharraren aurrean zer egin dezake gazte euskaldunak? Hiru aukera ikusten ditut nik: lehendabizikoa, gazte kutsuari uko egin eta "ukitu berezirik" gabeko hizkera erabiltzea, adin-markarik gabea; bigarrena, erdaraz egitea, eta erdarak horretarako eskaintzen dion "gazte-hizkera" erabiltzea; eta hirugarrena, bere euskarazko jardunari "gazte-ukitua" ematea.



Nola egin azken hori, ordea? Izan ere, nire ustez behintzat, euskarak ez du oraindik sortu "gazte-hizkera" hori. Ez behintzat gaztelaniaren gazte-hizkeraren parekorik edo aberastasunean eta moldakortasunean hari hurbiltzen zaion antzeko erregistrorik. Horretarako, hizkera hori sor lezaketen erabilera indartsuko gune urbano eta erreferentzialak beharko lituzke euskarak, hizkera hori modu naturalean eta ez-arautuan hedatzeko gaitasuna edo indarra izanen luketenak. Iruditzen baitzait, nahiz eta ezinen nukeen frogatu, erdaretan horrela sortzen direla gisako moldeak. Gaur egun, tamalez, euskarak ez dauka horrelakorik. Hori daukanean, orduantxe izanen du euskarak bere gazte-hizkera propioa eta naturala. Bitartean, daukagunaren neurrian eta gauden egoeran sortu beharko dugu, eta badaude horretarako proposamenak eta gonbiteak, eredurik eman nahi izan gabe, egin egin daitekeela erakusten ari direnak.



Beste aukera bat da, jakina, euskarazko jardunean erdarazko makuluak barra-barra sartzea, hizkerari ukitu hori emateko. Eta, egia esan, gaur egungo gazte askok halaxe egiten du, eta hor aurkitu du euskaraz aritzeko eta identitateari eusteko "erdiko bidea" edo.



Honaino, bada, gai honen inguruko hausnarketa txiki honen emaitza. Gaiak badu mamia, baita garrantzia ere, eta berebiziko garrantzia dauka gazteen ahotsa eta iritzia kontuan hartzea, haiek baitira, azken batean, euskara erabiliko -edo ez erabiliko- dutenak.


Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan