Bertso berriak... Itsu-itsuan jarriak

Xabier Silveira


2007-02-04

I

Zorionaren altzoan lotan

ume ttikia bezala

sentitu gabe beste inoren

enbor bereko ezpala.

Ni naiz filmeko protagonista

ni aktore printzipala,

ni naiz, ni, nire pentagramako

zazpi notadun eskala.

Errango nuke itxaropena

atzetik dabilkidala.



II

Sarri lurpera eraman nauten

ametsetan bahitua

egin dut hegan, egun bat egon

ondoren deprimitua

kontutan hartu gabe hegoek

daramaten arriskua.

Hamaika aldiz zin egindako

azken doministikua.

Egurra sobran badago, beti

dago nork sua piztua.

III

Eta beldurra? Zer da beldurra?

Noiz azaltzen da? Zergatik?

Badakidala uste dut edo

uste dudala badakit?

Unibertsoa osatzen duten

milioika atomo zatik

ttikia zena ttikiagoa

egin nahi dute oraindik.

Nik ez dut euren mobila baina

sugetxo batek esan dit.

IV

Martxoko lehen hilbetearen

argitasunen arrago,

lau hosto zena, hurbildu eta

hamalau eta gehiago!

Eguzki eta euriz hazi da

geroz eta handiago.

Bere altzoan idatzi ditut

bost hamarreko arraro.

Abisatzea ahaztu zait lehen:

belarra lehorra dago.

P.D.

Bost zirelakoan lau.

Bat gora. bat behera.

Baten diferentzia

gaur egun ia, zer da?

Despisteen laguntzaz

maiz jo dut aurrera

ta gaur ere iritsi

naiz konturatzera:

lehorra dagola ta

goxoa gainera.


Argia.com 2012