Jabier Agirre
Zahartzaroko gaixotasunik arruntenak aldatu egiten dira, gizonetatik emakumeetara. Kasu bietan tumore txarrak dira gehien ikusten diren prozesuak, baina arnas aparatuko minbiziak dira usuenak gizonen artean, eta bularrekoak emakumeetan. Odoleko zirkulazioarekin lotutako gaixotasunak dira heriotza eta ospitaleratze arrazoi nagusietakoak 65 urtetik gorako pertsonetan.
74-75 urtetik aurrera, ordea, ez da hainbeste tumore txar izaten eta gertatzen direnean ere tumore horiek garapen oso motelekoak izaten dira. Adin-tarte horretan gaixotasun kardiobaskularrak bihurtzen dira heriotza edo gaixotasun arrazoi nagusiak. Horregatik, zirkulazio eskasa da gizonezkoentzat ospitalean ingresatzeko arrazoi garrantzitsuena 65 urtetik aurrera. 80tik aurrera berriz, arnas arazoak. Diabetesa eta tiroideko edota giltzurruneko arazoak ere hartu behar dira kontuan adin horietan, guruin endokrinoak zahartzearekin lotuak dauden heinean. Agian ez dira aurrekoak bezain nabarmenak ospitaleratzeari edo heriotza tasari begira, baina gaitz kronikoak diren aldetik etengabeko arreta eta osasun laguntza eskatzen dute.
Begi-bistakoa den bezala, gorputza hondatuz doa adinak aurrera egin ahala, baina bizimodu osasuntsuak eta eguneroko jarduerak osasun arazo ugari arintzea lortzen dute. Horretarako komeni da adineko pertsonek aholku sinple batzuk jarraitzea:
- Ariketa neurri egokia mantendu behar da: egunero ibiltzea, gimnasia arina edo bestelako ariketak, leunak noski, ezinbestekoak dira.
- Elikadura, bizitzaren edozein sasoitan garrantzitsua baldin bada, are funtsezkoagoa da adineko pertsonentzat. Dieta egokiak osasun ona dakar.
- Kontrol medikoa ere beharrezkoa da. Kontuz automedikazioarekin.
- Arreta berezia eskaini behar zaie eroriko eta traumatismoei. 65 urtetik gorakoen % 34k, urtean gutxienez erorketa bat izaten du.
- Adimenez ere aktibo mantentzea ezinbestekoa da: irakurri, jendearekin hitz egin eta harremanetan jarri, telebista ikusi edo gurutzegramak egin. Horrek adimena bizkor eta bizi izaten lagunduko dizu.
Joxerra Aizpurua
Gero eta nikotina gehiago zigarroetan
Osasun Publikorako Harvard Eskolako (HSPH) ikerlari talde batek zigarroetan gero eta nikotina gehiago dagoela adierazi berri du. Gregory Connollyk zuzendutako ekipoak aztertu ditu zigarro ekoiztaileek Massachusetts-eko osasun publikorako sailari bidalitako datuak, eta azken zazpi urteotan nikotina kopurua %11 hazi dela azaldu dute.
Gainera igoera zigarro mota guztietan gertatu da, hau da, leunetan, oso leunetan, normaletan eta mentoldunetan.
Zigarroak adikzioa sortzeko diseinatuta daude ikerlariek diotenez eta hortaz, nikotina tabakoan era askotan nahasten da eta gehienetan ez uniformeki.
1998an AEBetako zigarro ekoizle handienek 46 estaturekin Master Settlement Agreement deitu hitzarmena sinatu zuten eta horren bidez, zigarro konpainiek publizitate eta marketing kanpainak dezente gutxitzearen truke, epaileek ezin izango zuten aurrerantzean isunik jarri.
Egia da publizitate kanpainak gutxiago direla orain, baina ikerlarien arabera, nikotina gehitzea eta hori ez iragartzea oso larria da ezkutuko adikzioa bultzen delako.
Ikusiko dugu zertan amaitzen den gai hau, amaitzen bada behintzat..
Izotz azpiko irudiak
AEBetako Ohio unibertsitateko ikerlariak GISMO izeneko radar berri bat erabiltzen ari dira Groenlandiako izotz azpiko lurrak Ģikustekoģ.
Orain arte lortutako irudien bidez, Groenlandiako topografia AEBetako iparraldekoaren edota Kanadakoaren antzekoa dela ikusi da, hau da, mendiak, bailarak, ibaiak eta lakuak daudela.
Orain arte irudiak lortzeko abioiak erabiltzen ziren eta doi-doi abioi azpiko lurren bi dimentsioko irudiak baino ezin izaten ziren lortu.
GISMO erabili duten zientzialariek lehen hiru dimentsioko irudia lortu dute, kilometro eta erdiko zabalera eta bi kilometroko hondoa dituen eremu batean. GISMO abioi batean kokatzen da, baina horrekin batera elektronikoki mugitu daitezkeen antena multzo bat eta ordenadore ahaltsu bat ere badaude.
Ikerketa hau hasi baino ez da egin eta lortzen ari diren irudiak nola aztertu erabakitzen ari dira, irudiak interpretatu egin behar baitira, orain arte ez baita antzeko esperientziarik izan.
Ikerketa honen interesa handia da, aldaketa klimatikoa dela medio. Gainera, poloak azken 2,7 milioi urteetan izotzak estalita izan ditu eta uste denez, horren azpian bizitzeko era desberdinek eboluzio bide harrigarri bezain ezezagunak izan ditzakete.