Jon Torner
Maule-Lextarrek paratutako maskaradak hamaika herri bisitatuko ditu
Maule-Lextarreko herritarrek aurrenekoz prestatu dute maskarada bat. Duela hiru urte Antso Handia pastorala estreinatu zuten, eta bide horri jarraituz, otsailaren 3tik apirilaren 21era bitartean Zuberoako hamaika herritan erakutsiko dute 30 lagun baino gehiagoren parte-hartzeaz atondutako ikuskizuna. Maskarada berezia da, hainbat berrikuntza dituelako. Lehenbizikoz, gizonezkoz eta emakumez osatutako maskarada batean, Xorrotxak (obraren zatien artean kantuz arituko diren lagunak) bi neska izango dira: Patricia Etxebarne eta Mailis Irigoien. Halaber, pertsonaien artean hartz-ume bat izango da. Hainbat maskaradetan hartzak protagonista izan dira, baina euren kumeak ez. Junes Bedaxagar gazteak beteko du hartz-umearen papera. Lehen emanaldia (otsailaren 3an) Lextarreko plazan eskainiko dute eta azkena (apirilaren 21ean) Mauleko pilotalekuan.
Idazle Eskolak Idazleak irakurle saileko mintegiak abiaraziko ditu
Idazle Eskolak otsailaren 3an jarriko du abian
Idazleak irakurle saileko lehen mintegi sorta. Martxoaren 30era bitartean, hainbat euskal idazlek bi edo hiru saioko mintegiak eskainiko dituzte Bergaran, larunbatero, goizeko 11:00etatik 13:30era. Mariasun Landak
Haur eta gazte literatura; ispiluaren bi aldeetan gaia jorratuko du, Harkaitz Canok
Bukaeren geometria, Tere Irastortzak
Biblia aurreiritzi gabe irakurtzeko gida eta Vicente Huicik
Grinatik gogoetara, R. Barthesen 'Le preparation du roman' saioa irakurtzen izenekoa. Gainera, Unai Elorriagak, Laura Mintegik eta Edorta Jimenezek hitzaldiak eskainiko dituzte otsailean eta martxoan. Informazio gehiago:
http://ieskola.asmoz.org.
Guggenheimek «gizartearekin» ospatuko du 10. urteurrena
Bilboko Guggenheim Museoak hamar urte beteko ditu urriaren 19an. Ospakizunaren harira prestatutako egitarau oparoaren baitan, Museoarekin batera jaio eta hazitako haur eta gazteei zuzendutako
Guggenheim belaunaldia ekimena prestatu du, euren esperientzien eta oroitzapenen trukaketa sustatzeko helburuarekin. Bestalde, museoaren 15.000 lagunek Maider Lopezen
performancean parte hartzeko aukera izango dute; eta otsailaren 17an kultur esparru guztietara zabalduko den
Hirieszena ekimena jarriko da abian. Otsailaren 17an Euskalduna Jauregian entzungai izango den
I Capuleti e I Montecchi operaren zuzeneko proiekzioarekin hasiko da
Hirieszena. Urteurrenari buruz:
www.gubilbao.com.
Kaixo.com-ek 10 urte.
Aitor Lopez de Aberasturiren Kaixo.com web guneak hamar urte beteko ditu ekainaren 21ean. Urteurrena dela-eta Kaixo 2.0 web gunea jarriko du abian urtarrilaren 28an. Diseinu berria izango du eta erabiltzaileek euren blogak sortzeko sistema, edukien sindikazioa eta lagunak egiteko sistema eskainiko ditu. Bilaketa sistema ere aldatuko du.
Uhinak Irratia on-line.
Aiaraldeko Uhinak irrati libreak estudio berriak estreinatu ditu eta, gainera, on-line entzuteko aukera dago,
www.uhinak.net web gunetik. Aurrera begira, euskarazko programazioa indartzea eta herritarren parte-hartzea bultzatzea dira Uhinak irratiaren helburuak.
Juan Antonio Urbeltzek Danzas morris, origen y metáforas liburua kaleratu du Pamielaren babesean. Europako dantza zeremonial asko gizakiak intsektuen aurka mantendu izan duen borrokaren metafora direla dio Urbeltzek lan berrian.
Saioa Olmo, Borja Uriona, Tytty Thusberg eta Aitor Larrañaga Peli artisten obrak bildu ditu Andoaingo Bastero aretoak, Label In & Out izenburupean. Erakusketa modu batean ala bestean euskal herriarekin harremana duten instalazio, margolan, ilustrazio eta jantziek osatzen dute. Otsailaren 17a arte izango da ikusgai.
Monika Etxebarriak eta Fernando Reyk irabazi dute literaturako Nobel Sariak euskaratzeko XX. Jokin Zaitegi beka. 9.000 euroko beka jasoko dute 2006ko Nobel Saridun Orhan Pamuk turkiarraren Kar (Elurra) eleberria euskaratzeko. Itzulpena 2007ko Durangoko Azokarako prest izango da.
Borja Cobeaga zuzendari donostiarraren Eramos pocos film laburra Oscar sarietarako hautatu dute. Film laburren atalean lehiatuko diren gainerako lau lanak Binta y la gran idea (Javier Fesser), Helmer & Son (S. Pilmark / K. Magnusson), The Saviour (P. Templeman / S. Parkyn) eta West Bank Story (Ari Sandel) dira. Oscar sariak otsailaren 25ean banatuko dituzte.
Ainhoa Arteta soprano tolosarrak Valentziako Palau de la Musica auditoriumaren urrezko domina jasoko du martxoaren 3an, Valentziarekin duen harremana dela-eta. Egun horretan Charles Gounod, Claude Debussy, Enrique Granados eta beste hainbat musikagileren ariak interpretatuko ditu Artetak Valentziako auditoriumean, Roger Vignoles pianistarekin batera.
Ramon Zallok Administrazioa euskaraz aldizkarian: «Kultur politika tradizionala horixe da leku guztietan: diru-laguntzak ematea, dela enpresa eta pertsonei -izan sortzaile edo bestelakoa-, eta inbertsioak egitea ondare eta azpiegituretan (...) Dena dela, bide hori iristen den lekuraino iristen da, ez urrunago, baina eutsi egin behar zaio. Ezin da diru-laguntzarik gabeko ikus-entzunezkorik irudikatu, zinemagintzarik ez besterik, eta ez dago ondarea babestuko duen mezenasik. Beraz, Herri Administrazioak egin behar du lan hori. Eta horrez gain, ahalegin handiagoak egin behar ditu. Bultzada eman behar dio kultur ekoizpenak egiteko gaitasunari, ekimen pribatuaren eskutik edo sortzaileen beraien aldetik».
Joan Mari Torrealdaik Noticias de Gipuzkoan: «Euskal literatura hobetu egin da (...) Akatsen bat aurkitzekotan, literatura funtzionalago bat ere beharko genukeela esango nuke nik, prestigio gehiago eta guzti (...) Gure herriko analfabetismo funtzionala ezagututa (hau da, euskaraz irakurtzen jakin bai baina praktikatzen ez duena) eleberri eta irakurgai irakurterraz gehixeago estimatuko nituzke».
Alfonso Sastrek Berrian: «Oraingo antzerki egileek ez dute, lehengoek bezala, ildo jakin baten barruan idazten beren obra, zentzu jakin bati lotutako ildoan, norabide jakin batean. Francoren garaian, esaterako, taldeen helburua antzerkiaz harago zihoan, Francoren aurkako eta askatasunaren aldeko borrokan txertatuta ikusten zuten beren lana taldeetako kide guztiek (...) Ez zen egokia antzerkiaren gehiegizko politizazioa ere, antzerkia politikaren morroi huts bihurtzea, baina ez dut uste oso aberatsa denik antzerkia inongo ildotan kokatu gabe eta obraz haragoko inolako xederik gabe egitea ere».