Ainara Gurrutxaga
Egunkarietako agenda sailean begiratzea besterik ez dago haurrei zuzendutako antzezlanak gero eta ugariagoak direla ikusteko. Gorabehera handiak izaten dira -gabonetan ia besterik ez dago eta uda aldean gutxitu egiten da eskaintza- baina oro har, hazkunde bidean dagoen arlo artistikoa dela esan daiteke, duela hogei urte ia ezer ez zela programatzen kontutan izanda. Konpainiek azken urteetan urrats garrantzitsuak eman dituzte hain berezia den antzerki arlo honetan, kalitate handiko lanak sortzeraino. Ez da bide erraza izan ordea, sektorea profesionalizatzen joateak egoera oso larrian jarri baititu konpainia asko. Merkatuak atzaparrak luzatu ditu arlo honetan ere.
Gurean badira denbora luzez haurrentzat soilik lanean aritu diren konpainiak -Teatro Paraiso, Txotxongilo, Kukubiltxo, Panta Rhei, Gorakada, Pirritx eta Porrotx eta Azika, batzuk aipatzearren-, eta badira usuenik helduentzat zuzendutako lanak egin arren, euren errepertorioan haurrentzako lanak ere badituztenak: Markeliñe, Tentazioa, Taun Taun, Txalo, Oihulari Klown, Glu-Glu, Hika, Kanpingags, Agerre edo Ados kasu.
Azken aldian, konpainien ugalketa hori medio, konpetentzia askoz handiagoa dela dio Markeliñe taldeko Jon Kepa Zumaldek: «Konpetentzia horrek eragin ezberdinak izan ditu: espezializazio handiagoa ekarri du batetik eta hala, badira txotxongiloen mundua hautatu dutenak edo haurrentzako lanak soilik egiten dituztenak. Baina bestetik, denetik egitea erabaki dugun beste asko gaude. Enpresa handituz joan da eta arlo gehiagotara iritsi nahi izan dugu». Iruñeko Atiko konpainiako zuzendari Angel Sagüesek -Lehenago TEN-Pinpilinpauxa beteranoan urte luzez aritutakoa-, ere nabaritu du aldaketa: «Hazkunde honek merkatu eta eskari kontuekin du lotura. Antzerkia eta hezkuntza oso loturik egon dira beti eta badirudi hezkuntza aldetik asko ari direla haurrentzako antzerkia bultzatzen».
Hezkuntza arlotik bultzada izatea hazkundearen arrazoietako bat izan daiteke, nahiz eta beste arrazoi batzuk ere ezkutatzen diren atzetik: «Haur ikuskizunetan bete egiten dira antzokiak, helduen antzerkian ez bezala. Programatzaileentzat errentagarriagoa da», gaineratu du Zumaldek. Emanaldiaren kontratazioko katxea, haurrei eskainia izateagatik, ia erdira jaisten da kasu gehienetan.
Bestearen anaia txikia
Arlo honi helduentzako antzerkiaren anaia txikia balitz bezala begiratzen zaio oraindik ere.
Hala aitortzen du Atikoko zuzendariak: «Nahiz eta antzezlana sortzeari denbora eta seriotasun bera eskaintzen diogun, ez da berdin baloratzen. Nazkatuta nago emanaldietan gurasoek haurrak haurtzaindegi batean bezala uzten dituztela ikusteaz, beraiek atzean hitz eta pitz diharduten bitartean. Zoritxarrez batzutan espedienteak betetzeko besterik ez dira programatzen haurrentzako antzezlanak».
Horixe saihestu nahian ekin zioten Gasteizko Teatro Paraisoko kideek duela 13 urte Euskal Herriko bi antzoki programatzeari: Gasteizko Beñat Etxepare eta Bilboko Bilborock antzokiak, hain juxtu. Berriki Espainiako Asociación española de teatro para la infancia y la juventud (Espainiako Haur eta Gazteentzako Antzerki Elkartea) elkarteko zuzendari izendatu duten Paraisoko kide Pilar Lopezek antzoki finkoen beharra azpimarratu du: «Europan oso ohikoa da: konpainia batek antzoki bat du bizileku nagusia eta bertan erakusten ditu bere lanak, baita beste konpainiak gonbidatu ere. Programatzen ditugun bi antzoki horiei esker, ikusleen formazioa trinkotu dezakegu, programazio plural eta kalitatezkoa eskainiz».
Programatzaileen lana, dena den, ez da batere erraza. Izan ere, nahiz eta gero eta konpainia gehiago egon, ikusle kopuruarekin alderatuz, ez dira nahikoak: «Zailtasunak izaten ditugu konpainiak topatzerako orduan. Programatzen den ia guztia euskaraz egiten da, eta ez pentsa hainbeste aukera dagoenik! Batzuetan kanpoko taldeak ere gonbidatzen ditugu eta, emanaldia hitz gutxikoa bada, euskaraz egitera animatu», dio Pilar Lopezek.
Begi-nini zorrotzak
Antzokia ohikoa ez den energiaz beteta dago ikuskizuna baino hamar minutu lehenago. Bosgarren ilarako amak, semeari berokia kentzeko hamaika komeria, alaba txikiagoari bokadiloa janarazten dion bitartean. Aita bat lagun koadrilako seme-alaba guztiekin iritsi da, arnasestuka begiekin leku bila: «Jon, hor ez, etorri hona, kontuz eskailerekin eta utzi gozokiak gerorako!». Noski gozokiak lurrera erori dira eta aretoan dezibelioak goraka doaz bat-batean. Kaos ederra. Hika antzerki taldearen Groau! ikuskizunera etorri dira denak. Antzokietan oso ohikoa ez den ikusmina dago eserlekuetan. Argiak itzaltzean ordea, isiltasun magikoa, begi-nini guztiak irudimenerako ateak zabalik.
«Haurrak ikusle perfektuak dira», dio Sagüesek, «Oso adeitsuak dira, guztiz entregatzen dira ikusten ari direna gustuko badute. Oso ikusle inteligenteak dira, antena guztiak erne-erne dituztenak». Zumalde ere ados dago: «Bereziak dira, batez ere ez direlako tontoak. Ezin dituzu engainatu. Helduek ikusitakoa gustatu ez arren, disimulatu egingo dute, baina haurrari hori ezin zaio eskatu».
Markeliñeko kideak haurrentzako antzerkiak eskaintzen dituen aukerak azpimarratu ditu: «Egin daiteke antzerki sakona, hunkigarria, eta zergatik ez, egungo hizkuntza krudela erabiliz. Haurrak ez dira guk uste dugun bezain sinpleak. Pertzepzioa oso agerian dute, oso erraz harrapatzen dituzte bai ironia bai bigarren zentzuak eta metaforak ere».
Topalekurik apenas
Urte hauetan guztietan egindako aurkikuntzen emaitza dira taula gainean goza ditzakegun antzezlan horiek. Zein istorio dira egokienak haurrentzat? Nola kontatu istorio horiek? Zein antzerki lengoaia erabili? Galdera horien erantzunak konpainia bakoitzak bere kabuz bilatu ditu, nahiko modu isolatuan. Izan ere, nahiz eta gehienek antzeko ibilbidea egin behar izan duten, euskal konpainien arteko harremana hutsaren hurrena da gaur egun: «Konpainien artean ez dago harremanik», dio Atikoko zuzendariak: «Bakoitzak bere bidea jarraitzen du eta ez dago inongo eztabaida gunerik. Gizartearen isla da pittin bat, bakoitza bere habian ezkutatuta bizi da». Antzerkiaren egoerak badu zerikusirik honetan bere ustez: «Antzerkiarekin bizirautea oraindik ere oso zaila da, eta horrek elkar ezagutzea zailtzen du».
Urtero Xixonen (Asturias) antolatzen duten FETEN haurrentzako antzerki azoka garrantzitsua -aurten otsailaren 25etik martxoaren 2ra bitartean egingo da- izaten da maiz euskal taldeen topaleku. Maiatzean Zamoran (Espainia) egiten den TE-VEO elkartearen topalekuetan ere zenbait euskal konpainiak parte hartzen dute. Euskal Herrian halakorik ez izateak elkarlana ia ezinezkoa egiten du gaur egun: «Denok batera egotea garrantzitsua da, dauden hutsuneak ikusi eta konpontzeko», gaineratu du Zumaldek.
Eta bada zer hobetu. Jon Kepa Zumalderen aburuz «lehen antzezteko lekurik ere ez genuelako kexatzen ginen eta orain ia herri bakoitzak antzokia baduenean, hutsik daude asko eta asko». Horixe da antzerkilariek oro har duten kezketako bat. Herrietako antzoki askoren gestioa hobetu beharraz mintzo dira konpainietako kideak, administrazioei horretan duten ardura exijitzearekin batera. Pilar Lopezen iritziz etorkizunean konpainia eta antzokien arteko harremanak sortzea ezinbestekoa da. Nafarroako Atiko konpainiakoek beste zailtasun batzuk ere aipatzen dituzte: «Nafarroako taldeentzat EAEra sartzea oraindik ere ez da batere erraza. Urte asko daramagu euskaraz lanean baina hala ere, oso zaila da. Badirudi zirkuituak oso lotuta daudela, konpainia edo banatzaile gutxiren eskuetan».
Zailtasunak zailtasun, etorkizunarekin baikor ageri dira konpainietako kideak: «Sinetsi nahi dut ikastetxeetatik haurrak antzerkira joan daitezen bultzatzen bada, etorkizunean ikusle heldu gehiago izango dela». Angel Sagües ere baikorra da: «Etorkizuna ondo ikusten dut, ikusleak ez direlako faltako, baina ez dezagun ahaztu antzerkia ez dela soilik komertzio gai. Gizartearen heldutasunerako beharrezkoa den elementua da eta horrela zaindu behar dugu etorkizunean».
Pilar Iparragirre
Zertan ahalegindu zara zure lan honetan?
Saiatu naiz, saiatu naizenez, azken bi hamarkada eta erdi dirauen eguraldi eta aro estropada honen berri ematen. Historia apur bat eginez abiatu eta, aroarekiko entsegu eta entrenamendu, galernak ez gaitu harrapatu, bai, eta bizi dugun azken txanpa hau, Euskalmet eta beste ahaleginzaleok barne, uste dut pozik gozatzeko lainekoa dela. Euskaldunak badu afiziorik, eta badu zerbitzurik: irrati, telebista, egunkari eta blog. Batak eskatzen du bestea. Eta legezko, eskaleari ematea!
Zure iritziz, zer eskaini diozu euskaldunari?
Saiatu naiz meteorologiaz jarduten, iragarpenak taxutzen, dakizkidanak erakusten eta zabaltzen. Ez dakit meteorologo deituko niokeen nire buruari. Ez baitut meteorologiarik ikasi. Ez dakit asmatu dudan. Saiatu, saiatu naiz. Baita euskal kultura bidean, kultura hedatu, jaso eta kultibatuaren alorrean lantzen. Gehiago inporta zait honetan asmatzea. Ez dakit asmatu dudan. Baina saiatu naiz asmatzen.
Asmatu ere asmatuko zenuen, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren Ohorezko Aipamena iaz jasotzeko...
Andoaingo Udalak, bere seme kutun Rikardo Arregitarraren omenetan ematen dituen sarien oroimenezko agiria jaso behar nuela jakitea albiste oso pozgarria izan zen niretzat. Hogeita hiru urte besterik izan ez banu, lotsaren lotsaz gordeko nuen. 63 ditudanean, bihoa gorantz intsentsu gozotan euskal kulturaren zeru goikora. Tira! Poz eta betekada asko jaso ditut nire bizitzan, eta, zalantza izpirik gabe, horretarako zituzten arrazoiak entzundako unea ez dut berehalakoan ahaztuko.
Zeruan zer berri
Pello Zabala
Alberdania
190 orrialde
13,50 euro
Pello Zabalak meteorologiaz eta bizitzaz aipatua
Pello Zabalak Alberdania argitaletxean plazaratu duen liburuaren titulu zehatza hau da: Zeruan zer berri. Arantzazuko talaiatik eguraldiari begira. Eta bistan da, aita frantziskotar honek meteorologiaz duen eskarmentuaren berri ematen du lanak. Gutxi izango dira Euskal Herrian Pello Zabalak urteetan aurrera eraman duen eguraldia iragartzeko jarduna ezagutzen ez dutenak; behin edo behin irrati batean edo bestean, ETBn edo Egin egunkarian Arantzazutik hark emandako iragarpena entzun edo irakurri ez dutenak. Zeruan zer berri liburuan, Joxerra Garziak hitzaurrean adierazitakoa jarraituz gero, bada urte luze horietan barru-barrutik bizi izandako axola handiko kontuei dagokien kontakizunik. Samuel Morsek bere izena daraman alfabeto kodea asmatu zuenean abiatu eta gaur egun arte Meteorologiaren zientziak munduan zehar eta bereziki Euskal Herrian egin duen bilakaera azaltzen digu Pello Zabalak, horretan Arantzazuko komentuko fraideek izan duten ekarpenean sakonduz batik bat. Aurrerapen teknologikoak oso kontuan hartzen baditu ere, herri jakintzak edo hostoen ikarak irakatsi diotena azpimarratzen du gehien Pello Zabalak berean.