Mikel Asurmendi
Barajasko atentatua, ETAren bederatzi hilabetoeko su-etena eta prozesua bizirik zela gertatu zen. Zein izan zen zure lehen gogoeta?
Abuztuan prozesuak ez zuela aurrera egiten esan zuen Batasunak. ETAk su-etena eman zuenean eragile guztiek -PP izan ezik- prozesu politikoari ekiteko behar ziren gutxieneko baldintzak zeudela aitortu genuen. Abuztuan negoziazio politikoari ez zitzaiola ekin nahi ageri zen, eta halaber, ezker abertzalearen aurkako errepresioa handituz zihoala.
Atentatuak ezustean harrapatu zuen mundu guztia. Zu zeu?
Atentatuaren aurretiko inkestek ez zuten ezuste hori adierazten. Hala ere, ekintza horren indartsu baten ostean hamaika galdera egiten dizkiozu zure buruari, gertatutakoari buruzko sentimenduak eta ezustea nahasten dira, baina abuztuz gero egindako azterketa politikoa ere gogoan duzu. Horrek ez du esan nahi atentatua aurreikus zitekeenik, baina prozesua gauzatzeko aurrebaldintzak ez zirela betetzen ari kontziente nintzen.
Zein iritzi gorde duzu, atentatuaren ostean Ibarretxe lehendakariak deitutako manifestazioaz.
Manifestazioaren irudia lotsagarria izan zen. Ibarretxek EAEko hiritar guztiak deitu zituen «elkarrizketa eta bakea» lelopean manifestatzera. Guk «hori gure leloa ere bada» esan genuen, manifestazioa prozesuaren parametroetan kokatzen baitzuen. Guk konponbidea emango bada elkarrizketaren bidez emango dela diogu, bakea ere hortik etorriko dela, prozesua biolentziarik gabeko jokaleku batean egin behar dela. Anoetako Proposamenaren puntuetako bat da.
Egun batzuk lehenago Batasunak su-etenari eustea eskatu zion ETAri.
Eskaera hori Anoetako Proposamenarekiko koherentzian dago. Batasunak biolentziarik gabeko jokalekua behar dela dio, baina deia ez diogu soilik ETAri egin, Estatuari eta gainerako eragileei ere egin diegu. Euskal Herriak behar duen prozesu politikoa emango bada inolako biolentziarik gabeko jokalekuan emango da.
ETAk su-etena indarrean dela berretsi zuen ondoren. Arnaldo Otegik ezker abertzalearen sektore batzuek ez dutela su-etenaren kudeaketa ondo ulertzen esan zuen. Batasunaren jardueran jarrera berriak ikusi dituzte batzuek.
Ez dakit jarrera berririk dagoen. Gu urratsak ematen ari gara eta gehiago emateko prest gaude. Batasunaren jarreran prozesua berrosatzeko borondate osoa dago, ez baitago beste alternatibarik gatazkari konponbide demokratikoa emateko. Prozesua berrosatzeko ezker abertzaleak hartu ohi dituen iniziatibak politikoak dira. Horiek bere kideen hausnarketa komunaren adierazle dira, ez pertsona bakar batenak, Otegiren hitzez ari naiz. Prozesuaren hobe beharrerako ematen ditugun urratsak dira.
Ibarretxek politikoak ez direla zirkunstantzien mailan izan adierazi zuen. Nola baloratzen duzu autokritika?
Ziur asko arrazoia dauka. Ez gara zirkunstantzien mailan izan, baina den-denok. Denok egiten ditugu akatsak, diferentzia batekin: batzuk asko jartzen ari gara mahai gainean, beste batzuk ezer gutxi.
Batasunak ere, ez duela dena ondo egin onartu du. Zer zehazki?
Zaila da konkretatzea. Ez gara gai izan alderdien arteko negoziazio mahaia eratzeko, ez gara gauza prozesuan aurrera egiteko beharrezko diren oinarriak finkatzeko. Ez soilik Batasuna. Akats partekatua da.
Batzuek ETAk prozesuari ezarri nahi dion tutelatzea ikusi dute oztopo.
Batasuna nagusia da bere erabakiak hartzeko eta horrela egiten du. ETAk bere erraila du prozesuan eta Batasunak berea.
Su-etenak iraun zuen bitartean, Batasunak Zapaterorengan nolabaiteko konfiantza zeukala ikusi zuten zenbaitek. Nola berreskura daiteke konfiantza?
Zapaterorekiko konfiantza baino, berak borondatea agertu zuela esan dugu guk. Konfiantza soilaren gainean ezin da prozesu bat eraiki. Zapaterok presioak egotzi zizkien eragile batzuei, prozesua zaila eta luzea izango zela errepikatu zuen behin eta berriro. Zapatero, hitzetik ekintzetara pasatzerakoan, bidean gelditu zen, konpromisoak betetzeko bidean.
Konpromisoak aipatu dira sarritan, Zein konpromiso?
Guk ez dugu inolako konpromisorik hartu Zapateroren gobernuarekin, ez da gure negoziazio gunea. Gobernuaren eta ETAren arteko konpromisoez ari gara. Logikoki prozesu bat zerbaiten gainean eraikitzen baita; baldintza eta konpromiso zehatzen gainean.
Prozesua dagoenean dagoela, nola berregin prozesua?
Eragile guztion ekinbide politikoa errespetatuz. Alderdi guztien arteko elkarrizketa erdietsi behar dugu, hori da bide bakarra. Baldintzak eta konpromisoak behar dira eta horiek betetzeko ardura hartu. Eta guztion ekinbidea errespetatzeko, guztiok baldintza berdinetan aritu ahal izateko, ezinbestekoa da alderdien legea bertan behera geratzea.
Nola ikusten duzu PSE zeregin horretan?
PSEk ez dio elkarrizketaren bideari heldu nahi. Aitzitik, prozesuaren alternatibaren ordez, errepresioa eta ukazioa ugaritu dira. Baina prozesuak ez dauka beste alternatibarik prozesua berrosatzea baino. PSEk egiten duena bere erantzukizuna da. Guk ez dugu prozesua hautsitzat ematen, hasitako prozesuari berrekiteko eta akordio batera iristeko ari gara lanean.
EAEko Auzitegi Nagusiak Ibarretxe deklaratzera deitu du Batasunarekin bildu izanagatik.
Egoera ez al da eskizofreniko samarra? Ibarretxek gatazka bideratzeko Batasuneko ordezkaritzarekin bildu delako delitu egin du, baita Otegik, Barrenak eta Petrikorenak Ibarretxerekin hitz egiteagatik ere; laurak baitaude inputatuta, ez Ibarretxe soilik. Dena kriminalizatzen da herri honetan, elkarrizketatik hasita. Estatuaren interesen kontra izan daitekeen edozein ekimen delitu bihurtzen da, baita elkarrizketa ere.
Ibarretxe atzo (urtarrillak 22) bildu omen zen Arnaldo Otegi eta Rufi Etxeberriarekin. Hitz gutxiago eta ekimen gehiago egingo duela dio Ibarretxek.
Ez dakit zein ahaleginetan ari den Ibarretxe; espero dezagun bere hitzen atzetik ekintzak ere etortzea. Gu deituko gaituzten bilera guztietara joango gara prozesua aurrera atera dadin, Ibarretxek deitu edo beste inork deitu ere.
Batasunak sostengua emango lioke Ibarretxeren aldeko manifestazio bati?
Pertsona bezala, Ibarretxek gure elkartasun osoa du, eta horrela adierazi diogu. Dena dela, orain behar dena ez da pertsona, erakunde edo eragile jakinen inguruan manifestazioak antolatzea, prozesua berrabiaraztearen aldeko manifestazioak behar ditugu orain.
Alderdien arteko zubiak erori ote? Prozesuak segi dezake? Zein parametrotan?
Zubiak ezin dira erortzen utzi, ez dut uste erori direnik ere. Zubiak zutik daude, eta zutik diren heinean aurrera egin daiteke, bestela ezinezkoa da alderdien arteko negoziazio mahaia eratzea eta gatazka gainditzea.
Batzuek aipatu duten negoziazio «tekniko» batekin ez da konpontzen.
Jakina. Irtenbide tekniko batek ez du arazoa konpontzen. «Teknikoa»k bi aldeen desmilitarizazioa esan nahi badu, presoen eta biktimen aferak konpontzea, horrek ez du gatazka konpontzen. Prozesua integrala izan ezean ez dago prozesu politikorik. Ez dago eduki politikorik gabeko prozesurik ez irtenbiderik, ez dago irtenbiderik gatazkaren oinarriak politikoak direlako. Gaixotasun bat bezalakoa da, ondorio hutsetara jo eta ez badugu gaixotasunaren muina tratatzen ez dugu gaixotasuna sendatuko eta sintomak berriro ere agertuko dira.
Batasunak Uztaritzeko proposamena egin du berriki, Ipar Euskal Herritik datorren proposamena. Zer da?
Herri honen gatazka politikoaren oinarrian bi gako daude: autodeterminazio eskubidea -edo herriaren erabakimen eskubidea- eta lurraldetasuna, Euskal Herriari nazio izaera aitortzea barne delarik. Uztaritzeko proposamena, Euskal Herriaren antolaketaren barruan, Ipar Euskal Herritik egindako lurraldearen antolaketarako proposamena da. Frantziako Estatuak herri honekin arazo bat duela ukatzen duen arren, Batasunak bere arazo ere badela gogorarazi dio.
Azkenik, maiatzean herri eta foru hauteskundeak izango dira. Batasuna legez kanpo dago, eta PPk EHAKren ilegalizazioa eskatu du.
Bost urte joan dira Batasuna legez kanpo utzi zutenetik eta horrek ez du ezer konpondu, alderantziz. Ezker abertzaleak hauteskundeetan egon behar du. Herritar bakoitzaren boto emateko eskubidea eta norbera aurkeztu ahal izatea eskubide demokratiko hutsak dira. EHAK-k iaz legala bazen, bihar legala izan beharko luke. Alderdi hau ilegalizatzea beste urrats bat litzateke kriminalizazioaren bidean eta gatazka konpontzeko prozesuaren aurka, jarduera politiko normalizatu batera iritsi nahi duen herri baten jardunbide politikoa zapuztea litzateke.
Ander Altuna
Manu Agirrek, Bilbon bizi den ataundarrak, 2005eko abenduan, sei egun egin zituen gose greban itsuek euskaraz irakurtzeko duten eskubidea aldarrikatzeko. Jaurlaritzaren eta ONCEren arteko akordioaz ezkor ageri da, horre- ez baititu itsuen gabezien oinarrizko beharrak asetzen. Gainera, Agirre beldur da hitzarmena ez ote den bere horretan geratuko: «Azken batean, liburu kopuru jakin bat brailleratuko da eta kito. Hor ez dago ez aurrera egiteko konpromisorik ez eta euskaraz argitaratzen den informaziora iristeko modurik. Euskaraz argitaratzen den orotik erabat baztertuta gaude. Hitzarmeneko proiektua epe jakinekoa da, ez dago proiektu iraunkorrik».
Igone Etxebarria Euskara Sustapenerako zuzendaria da Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan eta hala hitz egin digu hitzarmenari buruz: «2006ko udan itxi genuen hitzarmena. Dena den, aurtengo proiektua da, izan ere guk 2006. urtea ez daukagu itxita. Orain egingo dugu horren jarraipena eta aurrerantzean aztertuko dugu ea zer segida emango diogun hitzarmenari. Oraindik orain, ezin dut agindu liburuen itzulpenek jarraipena izango ote dutenentz, borondatea badugu».
Agirreren gose greba hari esker, ikusmen urritasunak dituztenen eskubideen hutsunea agerian geratu zen. Agirreren aburuz, «plazaratutako egoeraren larritasuna onartu dute eta bere bidea egiten hasiak dira. Dena dela, badakite erantzuna eman behar zaiola, baina ez dira horretarako gai, borondaterik ez dutelako».
Etxebarriak, Euskara Sustapen zuzendariak, arazoaren berri badutela adierazi du: «Guk egindakoa nahiko izango ote den ala ez? Batzuentzat ez, beste batzuentzat bai. Gizarteko premiak ikusita, agian, batzuentzat gehiegi da, beste batek, ordea, esango du oso gutxi dela. 100 liburu izan beharrean gustatuko litzaiguke 1.000 izatea eta gainera denak aldi berean braillera eta ahots sistemara pasatzea, baina heltzen gara heltzen garen lekura. Gutxiago garelako geratzen gara bidean eta herri aurreratua garelako egiten ditugu urratsak, baina gure neurrikoak. Gure esku dagoena egiten dugu».
Euskaratzea ONCEren esku
Manu Agirrek agintarien ezjakintasuna eta utzikeria salatu ditu ezeren gainetik. Ezin du ulertu nola Eusko Jaurlaritzak hiritarren eskubideak betearazteko bitartekoak ONCEren esku uzten dituen. Bide batez, euskararekiko konpromiso eza leporatu dio itsuen elkarteari: «Nola liteke diru publikoa, guztiona den dirua, edonoren esku uztea ez badago euskararekin konprometituta? ONCEk ez dauka inolako interesik euskara bultzatzeko eta ezerk ez du behartzen hori horrela izan ez dadin. Gainera, ONCEri ez dagokio euskara suspertzea. EAEko hiritarren eskubideak bermatzea ez dagokio ONCEri, herri administrazioei baizik. Erabakiak hartu behar dituztenek ezjakintasun hain oinarrizkoa badute, kezka, amorrua eta lotsa sentitzen dut».
Igone Etxebarriak ezintasuna daukan jendearentzat gauzak eskuragarri jartzeak duen garrantzia aipatu du, baina «gu ezin gara heldu jende horrengana. Ez dakigu itsuen premiak zeintzuk diren, horregatik jotzen dugu ONCEra, beraiek esango digute zer premia dauden».
Claudio Congosto ONCEko Bizkaiko zerbitzu burua da. Congostok aitortu du hasiera batean aurreikusitakoa ez dela bete eta hitzarmena gauzatzea ez dela batere erraza. Hori bai, prozesua abian jarri dela azpimarratu du eta zailena, oinarriak jartzea, jada, erdietsi dela. Bi atal ditu prozesuak, bata liburuetako edukiak ahots bihurtzea, digitalizazioaren bitartez egiten dena. Bestea, liburuen transkripzioa braillera.
Ahots sistemari dagokionez, lehenbiziko pausoa grabaketak egitea da. Ordenagailura konektatutako mikro baten bitartez MP3ko artxiboetan grabatzen dute. Ondoren, Daisy sistemaren bitartez, artxibo horiek CDtara kopiatzen dituzte. ONCEk lan hori guztia egin duen enpresari CDak erosten dizkio eta itsuen esku utzi. Ordu kopuruaren arabera CDen salneurria desberdina da.
Liburuak braillera transkribatzeko berriz, Euskal Herriko bost argitaletxerekin akordioa dute. Argitaletxeok liburuak euskarri informatikoan ematen dizkie eta ONCEk Quit Braille programarekin transkripzioak egiten ditu. Transkribiturikoa ordenagailura bidaltzen da eta handik inprimagailu berezietara, brailleratze prozesua osatzeko.
ONCEren eta Jaurlaritzaren arteko iazko akordioa ez da bete eta ONCEk diru gehiago beharko du hitzarmena bukaerara eramateko. Ez du ONCEk arazorik izango, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak falta den dirua jarriko baitu.
Eskaintza txikia, eskari txikia
Congostok dio euskarazko liburuen eskaera badagoela, baina txikia: «ONCEn, euskaraz irakurri nahi dutenen irakurle kopurua murritza da. Beharbada eskaintza handitzen bada eskaria ere handituko da. Oraindik orain, euskaraz ahots sisteman 300 liburu inguru daude eta braillez idatzita gutxiago. Gure liburutegia euskarazko liburuz hornitu nahi dugu eta Eusko Jaurlaritzak asmo bera du. Gaztelaniaz 4.000 liburu badaude, euskaraz 1.000 egon daitezen da xedea, nahiz eta gaztelaniazko irakurle kopurua askozaz ere handiagoa izan. Hau da, berdin da gaztelaniazko irakurleak 4.000 eta euskarazkoak 30 izatea. Horretarako bidea eraikitzen ari gara».
Zein liburu euskaratu erabakitzeko hainbat iturri hartzen dute kontuan. Batetik, ONCEko kidea den euskal filologo batek merkatua aztertzen du; besteak beste, Durangoko Azokan bertatik bertara ikusten du zein diren libururik salduenak. Bestetik, Elkar argitaletxearen dendetako liburu irakurrienen zerrenda ere kontuan hartzen dute, baina, batez ere, itsuen eskakizunak dira garrantzitsuenak euskaratzeko garaian: «Gure liburutegiko erabiltzaile batek liburu bat eskatzen badu edota liburu zerrenda osatzen badu horrek du lehentasuna» azaldu du Congostok.
Manu Agirrek, irakurtzeko eskubidea aldarrikatzen duelako, ez du uste intelektuala denik; gizon arrunta baizik. Alabaina, ez du onartzen batzuen utzikeriaren ondorioz berak irakurtzerik ez izatea: «Nik muga batzuk ditut, baina eskatzen dudana da, ez niri esatea zein arazo dudan, baizik eta dauden baliabideak, baldin eta erabilgarriak badira, erabili ditzatela nire arazoa leuntzeko, beste leku guztietan egiten den bezala».
Onintza Irureta
Eguzkiaren «epelean» -lorategiko azalore apaingarriek bezperatik urtu gabeko elur txapela zuten-, bazkalorduan gonbidatuak hurbiltzen hasi ziren koktelerako. Esperientzia handiena zutenek ezker-eskuin begiratzen zuten Argia Sariak jasoko zituztenak igarri nahian. Bateren bat asmatuko zuten, baina postrera arte itxaron beharko zuten denak jakiteko. Azpizuna piper eta ilarrekin jan orduko Kike Amonarriz sarietako aurkezleak Argiako zuzendari Xabier Letonari eman zion hitza. Egoera politikoari egin zion erreferentzia, euskal kulturaren ekosistema ahula mundu politikoan gertatzen denari estu lotua dagoela adieraziz. Kazetariaren lanbideaz eta euskarazko komunikabideen kontsumoaz aritu zen ondoren. Etxeko kontuez ez zen ahaztu eta bi gauza nabarmendu zituen. Batetik, joan den udako Boliviarako bidaia probestuz, Sareko Argian bideoak jarri izana. Bestetik, hain justu, Sareko Argiak hamar urte beteko dituela aurten.
Anton Mendizabal eskultorearen sei sariak mahai gainean zeuden eta bazkaltiarrak sariak merituak egin dituenaren eskuetan ikusteko zain. Bada, ez pentsa hain azkar argitu zirenik sariak, saritu ia denek hitzaldi luzeak eskaini zituzten, egindako merituak ondo azaldu nahian edo.
IKTeroek, hau da, Ordiziako Jakintza Ikastolako Maite Gońi eta Jokin Lacalle irakasleek eta Manu Olano zuzendariak, pozik hartu zuten Sareko Argia Saria. Prentsa idatziko saria Felix Ibargutxi kazetari legazpiarrak bihotzez eskertu zuen. Oarsoaldeko Euskara Batzordeko kideak gustura ziren, bere xumean, eskualde mailan egindako kanpaina saritu zutelako publizitate atalean. Telebista Saria jaso zutenekin, Nagore Aranburu eta Mikel Pagadizabalekin, barre pixka bat egiteko aukera izan genuen, Wazemank saioarekin egiten dugun bezala. Irratia Saria Nafarroa Behereko Irulegiko Irratiaren sortzaileetakoa den eta oraindik esatari lanean ari den Jojo Bidartek jaso zuen. Eta aurten ere, Merezimenduzko Saria banatu du Argiak, merezi duenik badela uste duelako. 25 urte bete ditu iaz AEK-k argitaratzen duen Aizu! hilabetekariak eta Eńaut Mitxelena aldizkariko koordinatzaileak mende laurdenean lanean aritu diren 400 kolaboratzaileei eta euskara ikasten ahalegindu diren guztiei eskaini zien saria.
Urtero bezala, ondorengo postreak eta kafeak gizarte, politika eta kulturako jendea berriketa patxadatsura animatu zituzten.
Onintza Irureta
Prentsa idatzia: Felix Ibargutxi
Felix Ibargutxi legazpiarrak urte asko daramatza kazetari lanean. 1979an kazetaritza ikasketak amaitu zituen Nafarroako Unibertsitatean eta urte hartan bertan Zeruko ARGIAn erreportajeak egiten hasi zen. Orduz geroztik gaztelaniaz aritzen diren hedabideetan jardun du Ibargutxik, Eginen bere garaian eta El Diario Vascon orain.
Azken hedabide horretan, 1986an Zabalik izeneko gehigarriaren sortzaile eta kudeatzaile izan zen. El Diario Vasco egunkariak euskarari lekua emateko proiektu horren garapena bere esku jarri zuen. Gehigarria desagertuta, egunkariko ohiko orrietan du txokoa Ibargutxik. Gaztelaniazko itsasoan zorrotz eta oso hurbiletik landu du euskarazko kultur produkzioa. Egunerokoari ederki egiten dio jarraipena, baina badaki ezkutuan diren harribitxietara iristen ere. Ondo baino hobeto ezagutzen du Gipuzkoa, laneko eremua. Bertako kultura oro har, eta herri kultura argitara ekartzen ditu.
Telebista: Wazemank
Ezin ukatu arrakasta izan duenik, 2005eko udan hasi zenetik, ETB1eko umore saio honek. Guk audientzia datuak ez dauzkagu eskutan, baina kalean Wazemankek izan duen eragina begi-bistakoa da. Nola lortu dute halako arrakasta? Anjel Alkain zuzendariak dioenez, umore «freskoa, ganberroa eta gaztea» egiten dute. Euskal Herriko eguneroko gertaeretan oinarritzen dira eta zenbait esketx bertakoek ulertzeko modukoak dira, baina umore unibertsala ere lantzen dute. Futbola eta politika ez dituzte lantzen, aspergarriak iruditzen zaizkielako. Gainerakoan, telebista kate horretako beste saioen karikaturen bidez ere, ikus-entzuleen barrea edo irria eragiten saiatzen dira: Goenkaleko esketxak eginez, hainbat saiotako aurkezleak imitatuz... Euskaltzaindia ere ez dute bakean utzi, eta ez da harritzekoa. Hizkuntzari garrantzia handia eman diote eta oso ondo zaindu dute erabilera. Euskara zurrun eta akademikotik urrundu eta kaleko jendeak darabilen hizkerara hurbildu dira; euskara bizia erabili dute eta euskalkien zein herri hizkeren alde egin dute. Nola ez, hitz jokoek, esalmoldeek arrakasta handia izan dute, esan nahi dugu, kalean hitzetik hortzera entzuten direla «koxk», «eongo gatxik», «izan untsa» eta tankerakoak.
Irratia: Jojo Bidart
Jojo Bidart baigorriarrak 25 urte daramatza Irulegiko Irratian lanean, irratiak adina urte. 1981ean hasi zituzten emisioak Nafarroa Behereko Irulegi herrian, Menta izeneko baserrian. 1982an hasi zuten programazio finkoa. Fisika ikasi zuen Bidartek eta horregatik -dio berak- irratia abian jartzeko kontu teknikoetan buru-belarri aritu zen hasieran. Kazetari gisa ere hasi zen lanean apurka-apurka eta lan-taldea mardultzen joan denez, kontu teknikoei baino kazetari lanari lotu zaio. Politika, ekonomia eta sozial arloan aritzen da batik bat. Badago zeresana, «Iparraldeko barnealdea husten ari dela badira sektore ahulak, indarra galtzen ari direnak... badago zer kontatua». Eta ez da erraza batez ere barnealdeko jendea mintzaraztea, gutxi direlako eta elkar ezagutzen dutelako, kostaldean ez bezala. Iparraldean izaten diren mahai-inguruetan, askotan izaten da; batzuetan teknikari lanak egiten, irratirako grabatzen eta beste batzuetan moderatzaile. Esan digu moderatzaile ezetz, akuilatzaile lana egin behar izaten duela jendeak iritzia emateko pausoa eman dezan.
Internet: IKTeroak
Ordiziako (Gipuzkoa) Jakintza Ikastolak IKTak bultzatzeko asmoa agertu zuen duela bi urte. Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak da IKT siglen esanahia. Nola lortu teknologien mundua irakaskuntzarekin uztartzea? Jokin Lacalle
Jolaus irakaslea hasi zen gaiari tiraka eta laster Maite Gońi Sei eta Mikel Etxarri
Magic gurdira igotzea lortu zuen. Helburua eskolako irakasleen zein ikasleen artean teknologia berrien eta irakaskuntzaren arteko harremana sendotzea zen. Ez zaie erraza egin irakasleengan eragitea, mundu hori arrotza zaielako eta norberak landutako gaiak, esate baterako Interneten partekatzea kosta egiten zaielako. Ikasleak hobeto moldatu dira, nahiz eta lanean hasi zirenean ezustekoak izan. Lacallek adierazi digunez, «jendeak uste du haurrak Interneten izugarri ondo moldatzen direla, baina messenger-ez, hotmail-ez eta word-ez gain ezer gutxi dakite». Baliabideak eskura jarri eta erakutsi egin diete ikasleei, beraiek aportatu, partekatu ditzaten edukiak, iritziak... Lacalleren ustez, «ikasleak eskolak hartzera ohituta daude, ikastetxera etorri, jaso eta etxera. Irakas eredu hori aldatu nahiko genuke». Eskolan, beraz, ari dira ikasleak eta irakasleak zirikatzen, baina erreakziorik bikainena eskolatik kanpo jaso dute, azken finean «euskal blogosfera existitzen delako» eta mundu horretako esperimentatuek segitzen dutelako IKTeroen bloga:
http://ikteroak.blogsome.com>.
Publizitatea: Oarsoaldeko Euskara Batzordea
Eta zuek zer? Horrela du izena Oarsoaldeko Euskara Batzordeak egindako kanpainak. Zuek hori gurasoak dira, haurrei euskaraz egiten dieten eta beraien artean gaztelaniaz egiten duten gurasoak. 2003an hasi ziren lantzen hizkuntzak familia transmisioan duen garrantzia Oarsoaldeko lau udalak (Errenteria, Oiartzun, Lezo eta Pasaia). Lau herrietako teknikariek badakite transmisioaren gaia konplikatua dela: familiaren alorrean sartu behar, are gehiago, bikote harremanen eremuan. Euskara Batzordearen helburua bikoteak hizkuntzarekiko hartzen duen jarrerak haurrengan duen eraginaz jabetzea da. Hori da lehen pausoa: guraso euskaldunek jakin dezatela bikote hizkuntza gaztelania baldin bada, huraxe bihurtuko dela etxeko hizkuntza. Sentsibilizazio lan hori urtetakoa izango da, Joxe Luix Agirretxe Euskara Batzordeko buruak azaldu digunez, «zirimiri efektua izan behar du».
Eta zuek zer kanpainan, besteak beste, irrati tarteak egin dituzte iazko iraila-urrian eta arrakasta izan dutela esan digu Agirretxek. Dirudienez, guraso dezentek gogoan hartu ditu honako esaldiak: «Euskara haurren hizkuntza al da? Euskara eskolan bakarrik erabiltzen den hizkuntza al da?».
Merezimenduzko saria: Aizu! aldizkari
AEKren Aizu! aldizkariak 25 urte bete ditu. Euskaltegietan euskara ikasteko ahaleginean ari ziren ikasleentzat tresna izan nahi zuen Aizu!k. 25 urteotan gauzak aldatu direla aitortu digu Eńaut Mitxelena aldizkariko koordinatzaileak, orain euskaraz trebatzeko baliabide askoz gehiago dago. Hala ere, hilero argitaratzen den aldizkariak hasierako funtzioa betetzen segitzen du: euskaltegietako ikasleei ikasketekin laguntzeko tresna da. AEKren euskaltegietako ikasle guztiek jasotzen dute aldizkaria eta sarritan ikasgelan bertan erabiltzen dute material gisa. Bistakoa da hori aldizkarian; elkarrizketa, erreportaje edo dena delakoetan, esate baterako, hiztegitxo batzuk ageri dira ikasleei laguntzeko. Idazteko orduan ere Mitxelenak esan digu estiloa zaintzen dutela, hau da, estilo sinplea, garbia erabiltzen saiatzen dira euskara ondo menderatzen ez dutenak hobeto molda daitezen. Aizu! ez da, ordea, ariketaz osatutako aldizkaria eta edukiek badute helburua: euskal kultura ikasleei gerturatzea. Gainera, irakurle bakarrak ez dira ikasleak, harpidetza sistemaz edozein herritarrek jaso dezake etxean Aizu! eta hainbat kioskotan ere eros daiteke.
AEK-k behin baino gehiagotan esan du albisterik onena euskaltegiak desagertu direla esatea izango litzatekeela, haien beharrik ez dugulako. Ez diogu opa Aizu!ri ateak ixtea, baina ederra litzateke euskara ikasleentzako baino, aldizkaria euskara ederki menperatzen duen irakurlearentzako izatea.
Daniel Udalaitz
Azken hilabeteotan, euskal herritarrek hainbat komunikabidetan egiaztatu ahal izan dute, bi urte bete dituen behatoki sozioekonomikoak plazaratu berri dituen lanaren lehen datuak. (
www.gaindegia.org). Dituen mugez gaindi, hainbat ekarpenen artean, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako estatistika sozioekonomikoak biltzea lortu du. Beraz, euskal herritarrei eta mundu osoari alor sozioekonomikoan eskaintzen zaizkien nazio mailako lehen estatistikak dira.
www.datutalaia.net web gunean eskaintzen dira datuok.
Azkeneko datuak, euskal nekazaritza erroldari buruzkoak, joan den abenduan plazaratu dituzte. Nazio mailako estatistika horiei esker, lehen, bigarren eta hirugarren sektoreetako benetako irudia ezagutu ahal izan dugu, baita Euskal Herriko etxebizitzena ere, 2001eko azken datuei dagokienez.
Bati baino gehiagori arraroa egingo zaio 2001eko datu estatistikoak ematea, datuok zaharkituta daudelakoan. Hala ere, kontuan izan behar da Euskal Herria zatitzen duten administrazioek, baliabide hobe eta handiagoekin ere, ez dutela 2001eko urtea baino datu gaurkotuagorik eskaintzen. Horregatik txalotzekoa da Gaindegiak egindakoa, lan eskerga egin baitu datuak ikertzen, biltzen, prozesatzen, baloratzen eta behar diren konparaketak egiten.
Gure irakurleak behatoki ekonomikoak emandako datu horietara hurbiltzeko, sektore bakoitzaren ondorio nagusiak batu ditugu ondoren. Informazio gehiago nahi izanez gero, Datu Talaia eta Gaindegiaren web guneetara jo dezakezue.
Nekazaritza sektorea desagertu egingo ote da?
Gaindegiak emandako datuen arabera, euskal nekazaritza sektorea desagertzear omen da. Duela mende erdi baino gutxiagora arte, nekazaritza oso garrantzizkoa zen Euskal Herri osoan. Lehen sektorea, duela gutxi arte, euskal ekonomiaren oinarri zen. XX. mende erdialdera, lehen sektorea Euskal Herriko barrualdeko lau probintzietan nagusi zen. 1950ean Nafarroa Garaiko langileen %55 sektore horretan ari zen eta Arabakoen %43. Lurralde industrializatuenean ere, Bizkaian, langileen %19k nekazaritzan ziharduen. Egun, ordea, Euskal Herriko oso gutxik egiten dute lan sektore horretan, langileen %3 soilik.
Euskal industriaren zama
Euskal Herriko langileen %35,4 industrian aritzen da, Europar Batasuneko ehunekorik handiena da hau. Hala, Alemaniaren %33,5aren, Espainiaren %30,8aren eta Frantziaren %26,3aren aurretik gaude. Hala ere, 1975 eta 2001 urteen artean, Euskal Herriak langileen %33,45 galdu zuen sektore horretan, batez ere, industriaren birmoldaketagatik. Gipuzkoako Eskoriatza da, %39,8rekin, langile gehien dituen herria.
1975 eta 2001 urte arteko erkaketetan, Bizkaiak langileen %42 galdu zuen; Arabak, %36 eta Gipuzkoak, %32,3. Nafarroan, industrian galdu zen langile kopurua txikiagoa izan zen, %16,1. Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan, erkaketak egiteko datu gutxiago dauden arren, esan daiteke murrizketa txikiagoa izan zela.
Zerbitzuak: hazkuntza handiena Lapurdin
Zerbitzu sektoreak langileen %61,6 darabil eta kostaldean da nagusi. Sektore honek zama handia du Lapurdin, azken hamarkadetan Bizkaia eta Gipuzkoaren aldean hazkuntza nabarmenagoa izan du. Hiriburuen artean ere, Lapurdiko Baionak du langile gehien sektore horretan.
Behatoki ekonomikoak azpimarratzen du zerbitzu sektoreak nekazaritza eta industriaren aldean izan duen gorakada geldiezina azken 25 urteotan. 1975ean, euskal langileen %38,5 baino ez zen ari lanean sektore honetan eta industrian aldiz, %53,2. 1991n, zerbitzu sektoreak askogatik gainditu zuen industria sektorea eta langileen %53,1 zerabilen. Datuok 90eko hamarkadan igotzen jarraitu zuten eta 2001ean sektore honek Euskal Herriko langileen %61,1 zerabilen.