Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-02-04 -- 2074.zenb

Joxemari Ostolaza

Ari du. Soro berdeak zuri eta errepideak labain ezarri ditu. Normal. Berriz ere, kamioiak trabeska geldirik eta merkantziak geldi. Bezeroak zain. Eta elurra estalpe, elurteak agerian utzi du Espainiako Estatuko merkantzi garraiotan dagoen aspaldiko arazoa. Trenaren porrota hain zuzen, garraiatzen denaren %3a soilik baita daukan merkatua. Eta otsailaren lehenetik berrehun eta hirurogeita zortzi tren kendu behar dituzte trenbidetatik. Iaz baino %34 baino gutxiago. RENFEko buruek zerbitzu horien galera ekonomikoak argudiatu dituzte, bere eskasean joandako hogeita hamar urteetan indarrean izan duten estrategiari bukaera emateko. Holakoak publizitaterik gabeko erabakiak izaten dira, errepideak kamioiez hustu beharra delarik argitaratzen diren asmoak, gizarteak ontzat emanen dituelakoan. Esana eta izana bi. Eta errealitatea ezkutatzeaz gain, AHTaren beharra indartzeko bapo dator. Etengabeko kamioigintza haztearen estrategiari, alderantzizko propaganda dagokio, errepideak egiteari lehentasuna ematen dioten bitartean. Eta adar jotze honen gorena AHTri merkantziak garraiatzeko ardura ematea dute. Jarrai eraikitzen, bazterrak suntsitzen, egiten denak berez ematen baitigu bizia, ea egun batean futbol derbietara joateko oren erdi bat aski dugun.

Koldo Aldalur


Egoera politikoak puntuan, barruzka, barrene, txokotan edo kaleazka aritzen gineneko egoera dakarkit gogora. Badakizue, tantoa galtzen duena, kalera, eta irabazlea, biko.

Ariketa demokratikoena izan daiteke, baldintzak egoki jarriz gero. Herritar denek dute parte hartzeko eskubidea: emakumeak eta gizonezkoak, gazteak eta helduak, abilak eta baldarrak, txanboiak, herrenak, lepameheak, belarrizabalak, adituak eta hasiberriak. Denak. Gainera, jokoak berak bihurtzen ditu bertako berez beste nonbaiten jaioak, kanpotarrak.

Joko arauak jartzerakoan hasi ohi dira arazoak. Batzuek ez dute nahi pilotaleku osoan jokatu. Txokoan bale, baina norbaitek atzeko koadroetan pilota jartzen badu, «buelta» esaten dute. Zabalean ere kontuz. Euria sartu da, itxuraz itoginen baten erruz, eta kontrakantxa labain omen dago.

Pilota aukeratzeko ere bada eztabaidarik. Gogorregia ekarri dute batzuek, takorik ez dutenek kolpearen zartada senti dezaten. Trapuzkoa plazaratu nahi dute besteek, frontisaren aurka jotakoan pilotaleku ondoan bizi direnak esna ez daitezen. Bote erdikoek ez omen dute balio, gutxi ibiltzen direlako eta, ondorioz, tantoa gehiegi luzatzen omen delako. Behetik ibiltzen denak, berriz, abantaila handiegia ematen omen dio sakea duenari. Pilota-hautatzailea behar, beraz. Baina honetan ere adostasunik ez. Beste partida batzuetan ibilitakoak erreta omen daude. Eliz atarian edo zimitorioan sotana eta guzti pilotan ohitutakoek beti gora begiratu behar izaten omen dute pilotak botea kanpoan egin duen edo ez deliberatzeko; eta horrek, jakina, gehiegi astirotzen du jokoa. Urrutiko adituek ez dute gure hizkuntza ulertzen itxuraz, eta joko arauak bere kasa ezarri nahi dituzten epaileak ere badira. Umetan bezala, «Ea txikitos, kalera!» gustura oihukatuko lukeenik ere bada agian, baina ez aipatuta hobe. Artekariak ez dezala aposturik egin.

Harmailetan kolore guztietako ikusleak. Batzuk, etxekoak jokoan dituztelako, urduri, tanto bakoitzari arreta guztia jarrita. Bestetzuk, ikuskizuna dohainik delako, eta herrialde honetan beti euria ari delako, hantxe, begira, babesean, parte hartzeko inongo asmorik gabe. Harantzago, -ena beltz ikusten dutenak, jokorik nahi ez dutenak, sake denak falta ikusten dituztenak, argirik ez dagoela diotenak, pilotalekua zezenplaza bihurtu nahi dutenak. Ajatutako banderak aidean dituztela, pertsonaia ilunak. Belarria beti prest dutenak tertuliano sasilixto-orojakileei eskaintzeko.

Ezker hormak pilotalekuaren pisuari eusten badio, izango da jokorik. Epailerik ez balego lez, atxikia egiten duenak bere burua kontrakantxara zuzenduko du. Bigarren botean jotzea ere falta. Garailearentzat miresmena, baina joko honetan beti gertatu ohi denez, galtzailerik ez.

Baldintza bakarra da nahitaezkoa: pilotaleku egokia behar dugu. Egoki-egokia ez bada ere, pilotalekua behar dugu. Plaza librea, trinketea, ezker pareta, frontoi luzea... Berdin da. Pilotari sena berezkoa duenak zerbait asmatuko du.

Beraz, hartu erratza, eta ilundu baino lehen, denon artean, hautsak, keak, eta ezkutuko interesek lokaztutako kantxa garbi dezagun. Erabat ilundu baino lehen.

Amatińo

Eta orain zer? Galdetzen du orok. Baina, erantzuteko, aurrenik jakin behar da non gauden. Nekez asmatuko dugu aurrerantzean zer egin ez badakigu orain non gauden edota «noiz» ote gauden. Batasunak hitz egiten du abenduaren 29an balego bezala, 30ean ezer gertatu izan ez bailitzan. Barajasko «istripua» ahaztu, ez ikusi egin, eta jarrai dezagun aurrera, bake-prozesuak eta konponbideak merezi dutelakoan. PPk uste du, ordea, abenduaren 30eko erasoak arrazoia eman diola eta, funtsean, ezer ez dela zazpi urteotan aldatu, Itun Antiterrorista eta Alderdien Legea indarrean jarri zirenetik alegia. Gainerako alderdi guztiak, berriz, Anoetako agirira itzuli dira, 2004ko azarora arte. Bakegintza eta normalizazio politikoa bai, baina, Kongresuaren ebazpenaren ildotik, gatazka kaleetatik atera, indarkeriarik ez eta eztabaida politikoa alderdien eskuetan baino ez bada uzten.

Nork ote arrazoia? Batasunak izan dezake, ETAk behingoz armak utzi eta burujabetza politikoa ematen badio. PPk, berriz, ETAk 2000.ko sarraskiari ekiten badio. Eta gainerako alderdiek, ondoko sei-zazpi hilabeteetan Barajasen zapuztutako aukerari berriro heltzen baldin bazaio.

Edorta Arana

Telebista kanaletan horrenbeste ugaritu diren txutxu-mutxuei, «famatuen» gorabeherei, «bihotzeko» kontuei eta kalenturei edota espektakuloei buruzko programak oso interesgarriak suertatzen dira gure artean hedabideen eta boterearen arteko harremanak nolakoak diren erakusteko.

Bi horiek, boterea, letra larriz, eta botere mediatikoa gauza bera direla uste dutenak ere ez dira gutxi.

Bakarra ala bata bestearen adar bat izanik, prentsa-arrosa generoko programek boterea eta gizabanakoaren arteko erlazioak nolakoa «behar duen izan» markatzen dute, argiro. Esaterako, eta beste askoren artean, intimitatea eta norberaren irudiaren eskubidea nola jorratzen diren oso gai mamitsuak iruditzen zaizkit.

Botere politikoak mugatua du gizabanakoen «etxe barruko» eremuan sartzea, esparru hori arautzeko tradizioa dago eta, orokorrean, jendeak ez du eragin nahi zaion kontrol mota hori erraz onartu gura izaten. Beraz, zuzenean egin ezin dena, zeharka egiteari ekin beharko. Helburu horrekin, medioek famatuak -aldez aurretik hedabideetan agertzeko adinako ospea eskuratua zutenak ala aldizkari eta pantailetan ikusi ditugulako ezagunak zaizkigunak- erabiltzen dituzte kontrol sozial hori legitimatzeko. Intimitatearen kolonizazio lanean, prentsa-arrosa programetan agertzen diren famatu horiek zikiratu egiten dituzte. Lehenengo, haiei egindakoak, telebista-audientzia ikaragarriena lekukotza eta onarpenarekin, gainontzekoei aplikatzeko bidea erraztu egiten da. Emaitzak dagoeneko guztiongan ikus daitezke: norberaren irudiari legez gorde behar zaion errespetua erabat bortxatua dago, eremu pribatua inbaditua izan da -irudiak eta elkarrizketak grabatuz-, frogarik gabeko salaketak irrati-telebistaz aireratuak izaten dira eta «alarma soziala» etiketapean edozein motatako errepresioa zabaldu egin da.

Zenbat kontu-korronte, mediku-txosten edota idatzi pribatu ikusi ditugu horretarako baimenik ez duten telebista kanaletan eta argitalpenetan? Eta, esan bezala, «famatuak» diren horien eskubideak urratzen diren neurri berean, gureak pikutara doaz, poliki-poliki.

Hedabideek, eta bereziki telebistek, «onargarria» denaren eta ez denaren arteko aldea zein den esaten laguntzen dute. Eta, honez gero, mila aldiz ikusi ditugunean «famatu nazkante» modura sailkatzen ditugun horien inguruan egiten diren epaiketa mediatikoak, nola bada saiatu zuri ala niri buruzko aipamenetan polizien eta jujeen informazio itoginei, frogarik gabeko salaketei eta irainei eta makro-talde mediatikoen jazarpenei mugak jartzen.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan